Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroari gutun bidez eskatu diote bermatu dezala Barne Ministerioaren artxiboan gordetzen diren dokumentuetara sarbide osoa. Salatu dutenez, artxiboak errepresiogileen izenak ezabatzen ditu edo ez du informaziorik ematen. Milaka kaxetan gordetako milioika dokumentu baliotsu daude egoera horretan.

Urko Apaolaza Avila / ARGIA

Bostehun historialari eta ikerlari inguruk Frankismo garaiko errepresioa ikertzerakoan Espainiako Barne Ministerioak ezartzen duen “zentsura” salatu dute. Azaldu dutenez, Barne Ministerioko Artxibo Nagusiak (AGMI, gaztelaniazko sigletan) datuak ezkutatzen ditu, edo zuzenean ukatu egiten du informazioa.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari gutuna bidali diote asteazken honetan: “Artxiboko dokumentuak eskuratzeko etengabe izaten ditugun zailtasunengatik gure kezka adierazteko”. Sinatzaileen artean Espainiako Estatuko 50 unibertsitatetako eta munduko beste erakunde askotako ikertzaile eta irakasleak daude, tartean EHUkoak, Deustuko Unibertsitatekoak, Nafarroako Unibertsitate Publikokoak eta Aranzadi Zientzia elkartekoak.

Besteak beste, diktadura garaiko errepresioari buruzko informazio baliotsua dauka, garai batean Gobernazio Ministerioa izandakoaren eskumenekoak baitziren Polizia, espetxe administrazioa, elkarte eta disidentzia politiko ororen gaineko kontrola…

Salatu dute artxibo horrek ez dituela betetzen dokumentuak kontsultatzeko legeak ezartzen dituen bermeak. AGMIn milioika dokumentu gordetzen dira milaka kaxatan, XIX. mendetik hasi eta XX. mende amaiera arte.

Besteak beste, diktadura garaiko errepresioari buruzko informazio baliotsua dauka, garai batean Gobernazio Ministerioa izandakoaren eskumenekoak baitziren Polizia, espetxe administrazioa, elkarte eta disidentzia politiko ororen gaineko kontrola… Lurralde bakoitzeko gobernadore zibilen agiriak gordetzen dira, adibidez, baita gerraosteko espetxeratu eta errepresaliatuen inguruko datuak ere.

Ezezkoak, atzerapenak eta zuriuneak

Dokumentuen kopiak jasotzerakoan, gehienetan izenak ezabatuta aurkitzen dituzte historialariek. El Diario.es-ek halako hainbat kasuren berri eman du: espetxeratutakoen espedienteetan, ofizialen edo zigorra ezarri dutenen sinadura joan behar den tokian zuriune bat besterik ez dago, borraturik balego bezala.

Beste kasu batzuetan, ikerlariek eskaera egin, baina hilabete askoren ondoren ezezkoa jasotzen dute bueltan. Morir matando. El franquismo ante la práctica armada, 1968-1977 (Hiltzen hil. Frankismoa ekintza armatuaren aurrean, 1968-1977) liburuaren egile Pau Casanellas historialariak Ara egunkarian azaldu duenez, tesia egiterakoan birritan saiatu zen informazioa lortzen, baina azkenean “etsi” egin zuen: “Eskatu nuen guztirako sarbidea ukatu zidaten”.

Errepresaliatu baten senideak El Diario.es-i utzitako agiriaren irudia.

Legeak dio datu pertsonalak dituzten dokumentuak pertsona hori hil eta 25 urtera kontsultatu daitezkeela, edo gehienez dokumentua idatzi zenetik 50 urtera. Baina Barne Ministerioak 2006ko instrukzio bat erabiltzen jarraitzen du “izaera poliziala” duten dokumentuei buruzko informazioa ukatzeko. Gainera, ez ditu dokumentuak aurkitzeko katalogazio-baliabideak eskaintzen. “Praktika horietako asko barne araudi desfasatu baten ondorio dira”, diote historialariek gutunean.

Marlaskari eskatu diote transferitu ditzala milioika dokumentu horiek beste artxiboetara. Izan ere, AGMIn ezin dira 30 urte baino gehiago dituzten dokumentuak gorde, eta Alcala de Henaresko (Madril) Administrazioaren Artxibo Nagusira (AGA) edo beste artxibo batzuetara eraman beharko lirateke. Baina oraindik dokumentazio horren %10 besterik ez da transferitu.

Barne Ministerioak 2006ko instrukzio bat erabiltzen jarraitzen du “izaera poliziala” duten dokumentuei buruzko informazioa ukatzeko. Gainera, ez ditu dokumentuak aurkitzeko katalogazio-baliabideak eskaintzen. “Praktika horietako asko barne araudi desfasatu baten ondorio dira”, diote historialariek gutunean

Torturatzaileen izenak desklasifikatu gabe

Barne Ministerioak bere artxiboko dokumentuekin duen jokabideak ez du haserrea sortu historialari eta ikerlariengan soilik. Eragin politikoa askoz harago doa, Frankismoko torturatzaileen eta errepresioaren atzean zeuden izenak zein diren ezkutatzen ari baita gobernua.

Esaterako, 1950ean torturen ondorioz hildako Txomin Letamendia abertzalearen kasuan, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak ere salatu du izenak “ezabatuta” daudela dokumentuetan, eta erabat desklasifikatzeko eskatu du.

Espainiako Kongresuan hainbat alderdik behin baino gehiagotan jarri dute desklasifikazioaren gaia mahai gainean. Baina Sumar eta ERC alderdiek berriki Senatuan egindako eskaera bati Marlaskak ohiko lengoaia lausoa erabilita erantzun zion: “Ez dago opakotasunik, ezta sarbidea ukatzeko borondaterik ere, alderantziz, gardentasuna eta informazio publikoa izateko eskubidea daude”.  Tipex politikoa, estatu krimenak tapatzeko.

Deja un comentario

Tendencias