Onitza Enbeita / BERRIA
Eguraldi txarra datorrela esan dute. Guk gora egingo dugu. Gauza asko elkartzen zaizkigu Bizkargin, eta aldi berean, badakigu Euskal Herriak Bizkargi asko dituela. 1936an altxamendu faxista izan eta gero, gerra baino gehiago galdu zuten faxismoaren kontra egin zutenek. Bakoitzak izango ditu barrua mugitzen dioten lekuak, eta guri Bizkargik eragiten digu.
Bizkargik erromeria baino gehiago esan nahi izan du beti guretzat. Ez dugu pankartarik behar, ez dugu inork ezer esaterik behar: inolako ekitaldirik ez balego ere, tontorrak erresistentzia gordetzen du guretzat. Baita maite izan dugun jende asko ere. Gurasoen eskutik joan ginen lehen aldiz, eta umeak bizkarrean joaten gara orain. Transmititu nahi dugun zerbait badauka Bizkargik. Gustatuko litzaidake gure umeek ere Bizkargin erresistentzia ikustea, eurena zena defendatzeko hautua egin zuen jendea, faxismoaren kontrako mugarri bat, gerra galdu arren haien izaerari eutsi zion jendea, diktadura garaietan ere Bizkargira joan eta irrintzi egin zuten eztarriak… gure lana izango da horretaz hitz egitea.
Askotan eztabaidatu dut lagunekin ea umeei zer kontatu behar zaien eta zer ez. Ezin dugu geure burua engainatu: 1936an irabazi zutenek ez dute minuturik galduko haien egia zirrikitu guztietatik sartzeko. Gurea kontatzea geuri dagokigu.




Deja un comentario