Unai Apaolaza Amenabar / BERRIA

Duela gutxi hil da Jürgen Habermas filosofo alemaniarra. Gurean kritika asko jaso dituen egilea da. Batez ere, patriotismo konstituzionalaren ideia zabaldu zuenez, Aznarrek, Savaterrek eta enparauek independentismoari ideologikoki erasotzeko erabili izan dutelako haren pentsamendua. Hala ere, Habermasen pentsamenduaren bereizgarri nagusia demokrazia deliberatiboaren gorazarrea izan da. Arazo politikoak arrazionalki hitz eginez konpontzen direla zioen; ekintza politikoaren helburua, horrela, ezberdinen arteko akordioa litzateke. Ideia horrek, ordea, de facto, indar harremanak ezkutatzen dituenez, statu quo-a indartzen du. Ez du gauzen egoera aldatzeko balio.

Independentismo instituzionala une habermastarrean kateatuta dago; pentsatzen baitu zapaltzen gaituenarekin arrazionalki hitz eginez eta akordioak lortuz gerturatuko dela helburu politikoetara. Poliziaren inguruko proposamena, demokrazia deliberatiboaren amaraun horretan harrapatuta egotearen beste adibide bat besterik ez da. Gai gehienetan bezala, beste polizia eredu bat eskatzean, independentismo instituzionala balizko posibilismoan erori da. Poliziaren desagerpena eskatzea maximalismo fantastikotzat jotzen dute. Demokrazia deliberatiboaren tradizioan zentzuzkoa den zerbait eskatu behar omen baita, jendartearen gehiengoak onartuko lukeena.

Gai honetan aditua den Paul Rocherrek Que fait la police liburuan dioskun moduan, polizia modernoaren sorrera ezin da kapitalismoaren esentziatik eta existentziatik bereizi. Polizia sistema kapitalista zaintzeko sortu baitzen. Kapitalismoak berak sortzen dituen munduko parien protestak indargabetzeko. Polizia, beraz, kapitalismoaren motorrak ondo funtzionatzeko behar duen olioa da; kapitalismoan baitu sorrera eta izateko arrazoia.

Beste polizia eredu bat jomugatzat hartzeak, gehienez jota, edozein epailek agindutako etxegabetzea polizia irribarretsu eta abegikorrek modu ‘gizatiarragoan’ egitera aspiratu dezake soilik

Beste polizia eredu baten aldekoek esango digute arazoa ez dagoela poliziaren izatean, kudeaketan baizik. Aginte politiko egoki batek polizia humanoagoa ekarriko duela, alegia. Horrela, kudeatzailearengan jarrita arreta, polizia asmakuntza neutrala dela aurresuposatuko dute. Uste horri kontra egiteko, Joxe Azurmendiren Teknikaren meditazioa saiakerari begiratuko diogu. Bertan, teknologia ez dela neutrala diosku. Pistola bat, adibidez, intentzionalitate zehatz batekin asmatua izan da. Ez da asmakizun neutro bat. Poliziaren inguruko eztabaidara etorriz, beste eredu baten aldekoek ez lukete poliziaren ideia bera zalantzan jarriko, kudeatzailearena baizik. Ondorioz, beste polizia eredu bat jomugatzat hartzeak, gehienez jota, edozein epailek agindutako etxegabetzea polizia irribarretsu eta abegikorrek modu gizatiarragoan egitera aspiratu dezake soilik.

Zer egin, orduan, oinarrizko arazoa konpontzen ez duen eredu aldaketak balio ez badigu? Printzipio erregulatzailea aldatu. Kontzeptu filosofiko hori Immanuel Kantek garatu zuen ezagutza prozesua azaltzeko. Beranduago, esparru juridiko eta politikora igaro zen. Motzean, printzipio erregulatzailea, helburu gisa jokatzen duen arau edo gida bat da, nahiz eta helburu hori inoiz guztiz ez erdietsi. Ez da egia estatiko bat, prozesu bat gidatzeko tresna baizik. Eduardo Galeanok ezagun egin zuen utopiaren eta ortzi mugaren metaforaren antzekoa da; norabide egokian urratsak egiteko balio baitu. Horrela, poliziaren desagertzea helburutzat hartzea ezinbesteko baldintza da poliziari boterea kentzen hasteko… eta jendartea aldatzen hasteko.

William I. Robinsonek The Global Police State liburuan kapitalismoaren urrats berriaz hitz egiten digu. Bertan, jada ikusten ari garen segurtasunaren eta ondorioz poliziaren pribatizazio prozesuaz hitz egiten digu. Poliziaren (eta armaden) pribatizazioa kapitalismoaren negozio berri nagusienetakoa bilakatzen ari da. Kapitalismoak derrigorrezkoa duen betiereko hazkunderako mundua txiki gelditzen ari zaion honetan, esparru errepresiboan gauzatu nahi du ahazten jarraitzeko eremu berria. Eta, jakina, hazkunde horretan jarraitzeko lehengai berriak kapitalak berak sortuko dituen gerrak eta gatazkak izango dira.

Ez dugu kapitalismoaren errepresioa irribarre edukatuz gauzatuko duen agenterik nahi. Gai honetan ere herri antolakuntza bultzatu beharko luke ezkerrak

Beste eredu polizial bat ipartzat jartzeak arazoaren azalari begiratzen dio soilik: polizia abegikorragoa du helburu, erakundearen funtzio errepresiboa kolokan jarri gabe. Ez dio arazoaren mamiari erreparatzen, beraz. Polizia sortu zuen sistema kapitalista zalantzan jartzen ez duenez, sistema bera indartzen bukatzen du. Benetako arazoari entzungor eginez, egiturazko arazoak sistema horren barruan konpon daitezkeela sinetsaraztera eramaten baikaitu. Kapitalismoa kapitalismotik konpon daitekeela dioen uste absurdoa elikatzen du, beraz.

Poliziaren desagerpena printzipio erregulatzailetzat hartzeak, ordea, azaletik mamira igarotzeko aukera ematen digu. Eta poliziaren boteregabetzean urratsak egitea ahalbidetuko liguke. Ez dugu kapitalismoaren errepresioa irribarre edukatuz gauzatuko duen agenterik nahi. Gai honetan ere herri antolakuntza bultzatu beharko luke ezkerrak. Soilik herriak salba dezake herria leloak izan behar du ezkerrak ahalik eta azkarren egin beharko duen komunitatearen zaintzarako proposamen berrituaren ardatza. Polizia kapitala zaintzeko baitago, ez herritarrak.

Deja un comentario

Tendencias