Hegoa Bengoa / ARGIA

Etsaiak gutaz gu baino gehiago dakienean zaila da eraso egitea, horretara gindoazen. Gazako bidean sionismoarekin trafikatzen zuen bigarren bukea blokeatzeko aukeraren parean, flotilla bitan banatu zen. Esaera zaharra berriz ere gure aurka: banatu eta garaitu itzazu; eta Flotilla zatitu zen. 

Gauez nahiko lan gure artean talka ez egiteko, ez genbiltzan Israelgo armadaren aurka egiteko egoeran. Bidea eten zigutenean barkuetako sukaldeko laban guztiak botatzea zen protokoloa, xaboi ponpak egiteko tresna zen gure arma bakarra. 

Gure gorputz xuri eta europarrak dar-dar egiten dute Israelgo estatuaren makinaria parean dutenean. Droneak diren edo ez direnaren paranoia, hasiera baten katxondeorako ere eman duena. Txori mekaniko horiek gero eta gertuago izatean broma gutxi, azken Flotillako erasoak eta gero. Iluntasunean, metro bakarrera, armadaren barkua. Gure barkuko beste kideak esnatu, abisua eman, gure burua babestu, salbamendu-txalekoak jarri, telefonoak eta labanak itsasora botatzeko prestatu, ondoko barkuetatik datozen SOS bengalak goitik eta gure parean dugun alimaleko barkua gure zain. 

Mugikorrari kasu egin behar ez nion arren, ikusi dut bertze barkuetan tiroak egon direla esaten dabiltzala eta kristal batzuk hautsi dituztela. Nire buruari gomazko pilotak direla esaten jarraitzen dut, lantxa azkarren argiak ikusten eta harrabotsa entzuten dudan bitartean. 

Gure kapitainak bere lekuan jarraitzen du, geldirik. Baina, etsaiak kontrako norantza hartu bezain pronto, eskapo egin nahian barkua martxan jarri du. Bere esperientziak lagunduta doike. Baina etsaia, genozida izan arren, ez da tontoa. Argi dago Flotillako buruen bila ari zirela. Arratsalde horretan bertan tripulazio aldaketak egon dira, eta ez dute buru bat ere moztu gabe utzi. Gure barkuetako pantailan segituan ikusi dugu barku horiek izan direla lehenak erortzen. Ohar bat honen harira: ez dago infiltraturik gabeko borrokarik. 

Gainontzekoak Kretarantz goaz, fite. Protokoloa jarraitzearen zalantzan, bakoitza bere ontziaren zilborrari begira, nazioarteko uretatik ateratzeko miliak zenbatzen. Zenbat ostia da milia bat? 

Gauean grabatzerik ez dagoela dakitenez, eguzkia atera orduko desagertu dira. Goiza eta mugikorretako mezuak garrasika ditugu. Gaiztoengandik iheska genbiltzanean, denak mugikorrari begira geundela konturatu naizen bigarren aldia denez, mugikorra utzi eta prismatikoak hartu ditut. Momentu batean, Euskal Herrian, egoerari buruz guk baino gehiago zekiten. 

Partxisean bezala, azken hamar laukietan ginenean, gure kideen bahiketen lehen baieztapen mezuak heldu dira. Euskal Herriko delegazio erdia erori da, baita ontzitxoen herena ere. Gure kideen mayday alarmaren eta erabateko baieztapena izan artean, ezer pasatu ez denaren pentsamendua. Motorra saboteatu eta tripulazio guztia ongi dagoela telefonoz erran diguten arte, sabeleko korapiloa ezin askatu. Gure buruak salbu sentitzean elkar besarkatu dugu. 

Gure itsasontzi berean doan palestinarrak ez du hainbeste ospatzeko. Bere amatxiren Gazako etxera bueltatu nahi du, hitzez elkar ulertzen ez garen arren. Bere mina eusten saiatu bitartean, bahituen minaren kontu hasi dira konspirazioak. 

Aukerarik onena atxilotu eta Greziara deportatzea litzateke. Pare bat egunetan kontzentrak egin eta, bi egunetara, ezer pasatu ez balitz bezala gure lan bizitzekin jarraitzea. Beste aukera posible bat, Israelera eraman eta aurrekoan bezala bost eguneko inkomunikazioa da. Motorra saboteatu duten itsasontziko kideek kontatu berri digute, atxilotzeko zorian zeudenean, hamar egunetako medikamentuak hartzeko erran dietela eta, hala bada, seguruenik (eta hau ere espekulazioa da), Israeleko bidean daudela. Oraingoan, garraio bukeen ibilbidea moztu izanaren delitupean, egun bateko barku bidaia eta inkomunikazioa. Bahiketa bitartean gose greban egonen zirela adierazi zuten gehienek. Aukera honetan ere, gure herriaren duintasuna erakustea tokatuko litzaiguke berriz, eta ziur naiz hor egonen garela. Azken konspirazio aukerak indarra galduz joan da eguna, barkuak inkomunikatuak eta saboteatuak, noraezean egon zitezkeela zabaldu da; aldiz, Open Arms-eko kideak barkuetara hurbiltzean, hutsak zeudela baieztatu dute. Pasatu dena argituz joanen da egunotan, baina gure jendearekin zer egiten ari diren ez jakitea gu zigortzeko bertze modu bat da. 

Israelgo erakunde genozida hori zer egiteko gai den ederki dakigu eta, gogoan dut, mundua europar batzuen bidea gogorki moztearen ikusle pasibo den bitartean, Palestinan nolako mina egiten ahal duen. Hori izan zen ekintza bera atzera botatzeko arrazoietako bat: gu atxilotu eta Gazako herria betiko lehertzea.

Deja un comentario

Tendencias