Peter Thielek sortutako eta Alex Karpek zuzendutako enpresak 22 puntuko testua argitaratu du Xko bere kontuan. Teknofaxismoaren teorizatzaile ezaguna da Karp eta The Technological Republic [Errepublika teknologikoa] bestsellerraren laburpena jaso du manifestu ideologiko horretan.

Jenofa Berhokoirigoin / ARGIA

Segurtasunaren eta datu bilketaren sektoreko enpresa boteretsua da Palantir Technologies multinazional estatubatuarra. Sillicon Valley-ko eragile boteretsua da. Horrela ikusten du munduaren antolaketa enpresako zuzendariak: «Silicon Valleyk zor morala du bere garapena posible egin duen herrialdearekin. Nazioaren defentsan parte hartzeko betebehar positiboa du Silicon Valleyko ingeniaritzako eliteak». Hori irakur daiteke enpresako zuzendari Alex Karp ultra-aberatsak larunbatean zabalduriko manifestu ideologikoaren lehen puntuan.

Kokapen geografiko –eta ekonomiko– horretatik ari da, eta teknologiak antolaturiko eta bideraturiko jendarte bati buruzko zehaztapenak dakartzate ondoko puntuek. Antolaketa demokratikotik at doan mundua aurreikusten du: «Soft power [estatuen botere leuna] delakoaren mugak gaur egun nabarmenak dira. Gizarte libre eta demokratikoek hori eramateko duten gaitasunak dei morala baino zerbait gehiago eskatzen du: Hard power-a [botere gogorra] eskatzen du, eta mende honetako botere gogorra softwarean oinarrituko da» (4. puntua). Teknofaxismoaren teorizatzaile eta defendatzaile sutsu gisa ezaguna da Karp, eta manifestuan ere nabaria da demokraziari buruzko mespretxua edota interes-eza.  Besteak beste, 22. puntuan: «Azaleko aniztasun huts eta hutsalaren tentazioan ez gara erori behar. Guk, AEBetan, eta zabalago Mendebaldean, azken mende erdian kultura nazionalari bizkarra erakutsi diogu, inklusioaren izenean. Baina inklusioa zertan?».

Adimen artifizialak bideratuko dituen gerrei eta armagintzari leku anitz bideratzen die manifestuan, eta gerran inplikatzea «betebehar unibertsala» izan beharko litzatekeela ere dio. Botererearen eta indarraren sinonimo gisa kokatzen du adimen artifiziala: «Aro atomikoa bukatzen ari da. Disuasio aro bat, atomikoarena, bere bukaeran dago, eta disuasio aro berri bat hastear da, adimen artifizialarena» (12. puntua).

Apirilaren 18an zabaldu du enpresak idatzia, X sareko bere profilean. Alex Karpek Nicholas Zamiska juristarekin idatzitako The Technological Republic [Errepublika teknologikoa] bestsellerraren laburpen gisa aurkeztu du manifestua. Laburbiltzeko, 2026ko lehen trimestrorako 1.500 milioi dolarreko irabaztea aurreikusten duen enpresaren sektoreek bideraturiko antolaketa politikorako deia da: teknologiak, adimen artifizialak eta gerrek bideraturiko mundu bat.

Deja un comentario

Tendencias