Ekainaren 13an, Bultza EHM-L erakundekook kontzertu antifaxista bat antolatuko dugu, lortutako irabaziak erakundearen autokudeaketara eta egiten ari garen kanpaina batzuetara bideratzeko asmoz. Bertan, The Oppressed, Vomitando Desperdizios eta Konorte musika-taldeak izango ditugu. Horren kariaz, honako hau adierazi nahi dugu modu bateratuan antolatzaileok eta taldeok:

Faxismoa, definiziorik klasikoenean, kapitalaren elementu atzerakoi, txobinista eta inperialistenen diktadura terrorista agerikoa da, baina horrekin batera, kapitalismoak bere fase inperialistan garatzen duen kontrairaultza etengabearen forman ere agertzen da. Hori dela eta, erregimen eta ideologia gisa ez ezik, estatu burges inperialista askok klase-borrokan darabilten tresna gisa ere ulertzen dugu faxismoa. Honelaxe azaldu zuen Dimitrovek: «Burgesia kapitalistak faxismoan bilatzen du bere salbazioa, langileen arpilaketa
areagotzeko eta etekinak handitzeko. Kapitalak langile-klasearekin kontuak egiteko baliatzen duen erakunde terrorista besterik ez da faxismoa». Faxismoa den tresnak forma desberdinak hartzen ditu, beraz, herrialdearen, egokieraren eta langile-mugimenduaren indarra edo ahultasunaren araberakoak, besteak beste. Forma horiek aukeratzen dituzten estrategiak ere desberdinak izaten dira.

FAXISMO INSTITUZIONALAREN KONTRA

Alienazioaren mekanismoak funtzionatzeari uzten dionean, estatu burgesek metodo faxistak nahierara erabiltzen dituzte langile-klasea azpiratzeko. Iraultzaileen kontrako auzitegi eta kartzela bereziak sortzen dituzte, polizia politikoaren brigada bereziak erabiltzen dituzte disidentzia jazartzeko, estatu-terrorismoa baliatzen dute –hala nola gure herriak BVE eta GAL taldeen aldetik pairatutakoa–, eta nahi dutenean, eskuadrismo faxista, Falangeren edo «Ulsterreko autodefentsako indarren» moduko talde kontrolatuen bidez. Estatu burges erreakzionarioen faxismo-forma guztiak kondenatzen ditugu: bai forma eta itxura demokrata-burgesari eusten diotenak, bai agerian faxistak direnak, Ukrainakoa kasu.

FAXISMO KULTURALAREN KONTRA

Telebista publikoen eta hedabide burgesen bultzada izateaz gain, ideia faxistak eta arrazistak internet bitartez ere bolo-bolo dabiltza azkenaldian, algoritmoek haien zabalkuntza lehenetsi eta milioika pertsonengana heda daitezen ahalbidetzen duten honetan. Eskuinekoa izatea modan jartzea lortzen ari dira, eta sozialdemokraziak eta ezker postmodernoak ere egin dute horretan beren ekarpena, darabiltzaten borroka identitarioek eta erreformismo pedanteenak, langile-klasearen pizgarri izango litzatekeen jarrera iraultzaile bat baino gehiago, kasu batzuetan meme bihurtu baitute «ezkerrekoa» izatea, langileriaren eta herriaren aldarrikapen historiko guztiak abandonatzearekin batera.Faxismoak kulturan barneratzeko duen beste bideetako bat musika da. Horrenbestez, lehenik eta behin, hemen sinatzen duten taldeei eta haiek bezalakoei eskertu egin behar diegu horren kontrakoa egiten jarraitzea, beren kantuetan eta egunerokoan antifaxismoa zabaltzea, alegia. Bestalde, kondenatu egiten ditugu faxismoak eta apolitizismo desklasatu eta konformistenak musikan sarrarazten dituzten jarrera anbiguoak. Gaur jaialdi antifaxista batean eta bihar zabor nazi edo apolitiko anbiguoarekin kartela partekatzen duten talde guzti horiek kondenatzen ditugu.

KALE FAXISMOAREN KONTRA

Estatu-terrorismoaren bidez herritarron artean beldurra ezarri nahian Estatuak zuzenean bere abaro eta babespean sortutako talde paramilitarrez gain, badira helburu berarekin jaio baina Estatuarekin hain lotura zuzenik ez duten beste erakunde faxista batzuk. Eta hara non hamarnaka erakunde faxista ari diren hazten kale, harmaila eta abarretan, lelo populistak, gezurrak, pagaburuen aurkako gorrotoa eta are sistemaren kontrako sasierradikaltasuna inarrosita, ustezko patriotismo noble baten banderaren azpian. Banda faxistahorien guztien kontrako neurri eraginkor bakarra zuzeneko borroka eta ekintza da, haiek erabat

desagerrarazi arte. Faxismo instituzionala eta kulturala modu politiko, kultural eta sozial multzo baten bitartez borrokatzekoa da, baina B.A.F., Red Warriors, A.F.A. eta antzekoen ereduak dira kaleko nazien aurka eraginkortasuna frogatu duten bakarrak. The Oppressed, Vomitando Desperdizios eta Konorte musika-taldeko kideok eta Bultza EHM-L erakundeko faxismoari bere forma guztietan aurre egitera deitzen dizuegu, hura behin betiko garaitu arteko borroka etengabe honetako etapa bakoitzean egokiak eta beharrezkoak deritzegun bitartekoak erabiliz. Baita antifaxismoa faxismoaren aurkako erantzun sendo bat izaten jarraitzera ere. Eta faxismoari esparrurik eta
toki librerik ez uztera.

GORA EUSKAL HERRIA ANTIFAXISTA!
GORA GALES ANTIFAXISTA!
EZ DIRA PASAKO!

Deja un comentario

Tendencias