Nicolas Xamardo / BERRIA
Duela egun batzuk Imanol Pradales lehendakariak eskatu du Gernika Euskal Herrira ekarria izan dadila, Guggenheim museoan erakusteko. Espainiako Gobernua aurka dago, kontserbazio arrazoiak direla-eta. Gai errepikakor baten aurrean gaude: EAJren eskariak Espainiako Gobernuari, koadroa aldi baterako Euskadira ekartzea baimendu dezan (1981ean, 1998an, 2006an, 2010ean, 2017an eta 2026an) eta Espainiako Erreinuaren ukoak. Koadroa, New Yorken zegoela, Espainiara eramana izan zen Calvo-Soteloren gobernuaren garaian.
Espainiako hedabideak eta Euskal Herriko gehienak koadroaren kontserbazio-arazotan zentratzen dira, ekartzearen ukoa zuritzeko.
Alabaina, Euskal Herriak Picassoren koadroarekin gertatutakoari buruzko egia osoa ezagutu behar du, eta behingoz errelato faltsuak amaitu. Jorge Oteizak azaldu zuen honako elkarrizketan: No aguanto oír hablar aquí del ‘Gernika’ de Picasso [Ez dut jasaten hemen hitz egitea Picassoren Gernika-z], El Correo Español, 1988: «Jose Mari Uzelai margolariak, Eusko Jaurlaritzan kontseilari eta Arte Ederretako zuzendaria zelarik, uste zuen euskal gobernuarentzat Gernika narraskeria hutsa dela, adarjotze bat. Uzelaik, Madrilen 52an egin zidan bisita batean, kontatzen zidan 1937an, Parisen, Picassorekin batera zihoala Errepublika Espainiarraren aldeko manifestazio batean, eta galdetu omen zion ea Gernika-n agertzen diren eskuen atzamarrak pitilinak bezala margotu ote zituen, eta erantzun ziola baietz benetan. Baina arazoa zen Picassok ez zuela denbora galtzen ergelekin eztabaidatzen. Picasso konturatu zen zein larria zen pertsona hura Euskal Gobernuaren kontseilari izatea, eta mezua bidali zion Agirre lehendakariari koadroa idatziz eskatu ziezaion, uste zuelako euskaldunei zegokiela. Eskari hura ez zitzaion Picassori iritsi. 1962an, 25. urteurrenean, Joseba Rezolak, Defentsako idazkari eta Agirreren laguntzaile izanak, Basterretxeari eta bioi deitu zigun Donibane Lohizunera. Batzuetan Gernika zeritzan aldizkari txiki bat argitaratzen zuten, eta zenbaki berezi bat prestatzen ari ziren 25. urteurrenerako. Marrazki bat nahi zuten, adierazgarria, sinbolikoa. Nik esan nion Gernika-n zeukatela: lorea ezpata hautsiaren ondoan, heriotzaren eta esperantzaren sinbolo. Erantzun zigun Gernika ez zela interesgarria. Esan genion politikoki ongi jokatu zuela guri kontsulta egitean, baina oso gaizki guri kasurik egin nahi ez izatean. Eta joan egin ginen».
Ikusiak ikusita, EAJk egin behar duen lehenengo gauza da egitateak aitortu eta euskal herriari barkamena eskatu. Eta ez jarraitu Espainiako Gobernuari koadroa behin-behinekoz eskatzen.
Gertatutakoaren egia ezagututa, uste dut Euskal Herriak Espainiako Estatuari gurea dena itzultzea eskatu behar diola. Eta Picassoren Gernika-k Gernikan geratu behar duela, Euskal Herriaren Askatasunaren, Demokraziaren eta Bakearen ikur den foru-hirian.




Deja un comentario