«Segurtasun falta» salatzeko profilak sare sozialetan, PP eta Voxen kanpaina etorkinen kontra, eskuineko hedabideen manipulazioa… Lehen Donostian ikusi genuen bezala, San Frantziskon «bizilagunen» kexak akuilu izaten ari dira ideia arrazistak hedatzeko. Datorren astelehenean, arrazakeriaren aurkako mobilizazio bat egingo dute hainbat kolektibok.

GEDAR Langile kazeta

Euskal Herrian, hainbat auzo bilakatu dira pertsona etorkinen aurkako diskurtsoen eta mobilizazioen lekuko, baina baita olatu erreakzionarioaren aurkako borrokaren sinbolo ere. Bilboko San Frantzisko auzoa izan daiteke adibide horietako bat, datorren astelehenean, arrazakeriaren kontrako mobilizazio bat egingo baitute. 17:30ean elkarretaratuko dira Mariaren Bihotza plazan, eta «Ez irentsi alderdi faxisten amua» lelotzat hartuta zabaldu dute deialdia. Izan ere, aurreko urtetik hona, areagotu egin dira San Frantziskon zentratuta PP eta Vox alderdiek nahiz eskuineko komunikabideek zabaldutako mezu arrazistak.

Donostian, Gasteizen nahiz Iruñean gertatu den modura, Bilbon ere agertu dira «bizilagun» anonimoek «segurtasun falta» salatzeko sortutako hainbat kontu sare sozialetan. Instagramen, adibidez, @vecinosdedosdemayo profila sortu zuten, San Frantziskoko kaleetako hainbat gertakariren berri emateko teorian: istiluak, droga-salmenta… Kontu zahar bat (@sanfranauzokideak) eta kontu berri bat (@vecinosdecortes) ere martxan egon dira azken hilabeteetan, eduki bertsuak zabaltzen. Beste hiri batzuetan ikusi den modura, baina, pertsona etorkinen aurkako gorrotozko mezuak indartzea ekarri du hainbat irudiren eta edukiren zabalpenak, eta mezu arrazistaz bete dira argitalpenetako «iruzkinak». Beste hainbatetan egin bezala, erreakzio hori hauspotzen lagundu dute hainbat hedabide intoxikatzailek: El CorreoRadio NerviónTele Bilbao… Bilboz edo Bizkaiaz harago, Espainiako Estatuko zenbait komunikabidek ere oihartzuna eman diote gaiari, La Gaceta-k kasu.

Auzoko komunitate migrantearen aurkako irudi estereotipatuak zabaldu izanak erraztu egin du hainbat bizilagunek, sare sozialen bidez batik bat, pertsona etorkinen aurkako neurri polizial eta errepresiboak eskatzea. Sare sozialetan, aipatutako kontuetako «komentarioetan» gehien nabarmentzen den iruzkingileetako bat da @joongoo29, Voxeko militante bat.

PP, Vox eta «bizilagunak»?

Donostian Lo que no te cuentan de Donosti kontuaren bidez Kaleko Afari Solidarioen (KAS) aurkako protesta arrazistak hasi zirenean bezala, eskuin muturreko alderdiak dira aktiboenak «segurtasun falta» salatzen eta gorroto-mezuak zabaltzen. San Frantziskoren kasuan, bai Voxek bai PPk hilabeteak daramatzate jo eta ke. Esther Martinez, EAEko PPko idazkari orokorra, etengabe ari da sare sozialetan kanpaina egiten: «delitugileez» kexu da eta San Frantziskoko bizilagunak aipatzen ditu bai; baina, horrekin batera, argiki arrazistak diren hitzaldiak egiten ditu. Ezagunak zaizkigu mantrak: atxilotutako pertsonen jatorria jakinarazi dadila, Zigor Kodea erreformatu dadila eta dirulaguntza sozialak mugatu daitezela eskatzen du. Migratzaileek prestazio sozialei probetxua ateratzen dietela ere iradokitzen du, haiek irainduz: «caradura«…

Vox alderdia ere ezaguna da auzoan, eta ez Jon Gonzalez militantearen komentario arrazistengatik soilik: azken urteetan, alderdi faxista hainbatetan bertaratu da San Frantziskora, propaganda faxista egiteko asmoz. 2020an Ortega Smith izan zen bertan «segurtasunari eta immigrazioari» buruzko mitin bat ematen, eta 2024an Santiago Abascal, besteak beste. Beste zenbait kasutan ikusi den bezala, gainera, «bizilagun» anonimoek «segurtasun falta» salatzeko sortutako profiletan, eskuin muturreko alderdi politikoekiko konplizitatea erakusten dute: ohikoa da aipatutako Instagrameko kontuek, adibidez, «atsegin dut» ematea Voxek zabaldutako bideoei.

Horrez gain, oldarkor agertzen dira komunitate migrantearen alde aritzen diren kolektiboen kontra. Adibidez, Arrazakeriaren Aurkako Egunean hainbat antolakundek kaleetan egindako aldarriak seinalatu zituen @vecinosdedosdemayo profilak, eta Sarean espazioa ere publikoki hartu du jomugan, bere eduki erreakzionarioak kritikatu eta baztertzeagatik.

Bilboko Udalaren Segurtasun Foroa eta deialdiak auzoan

San Frantziskoko bizilagun horietako batzuk, antza, parte hartzen ari dira Bilboko Udalak (EAJ) antolatutako Segurtasun Foroan. Ustez, «delinkuentziari» lotutako datuak lantzen eta aztertzen dituzte bertan, eta udalari eskaerak egiteko aukera ere badago. Hainbat informazioren arabera, «segurtasun faltaren» aurka erantzuteko beharra mahaigaineratu izan dute bertan San Frantziskoko hainbat auzokidek. Hala, @vecinosdedosdemayo kontuak «elkarbizitzaren» aldeko deialdi bat egin du hurrengo asterako, eta ikusteke dago ea zer parte-hartze izango duen eta ea azken hilabeteetan hain aktibo egon diren alderdi faxistek bat egiten duten. Donostian, esaterako, Lo que no te cuentan de Donosti-ren deialdietara batu zen PP.

Astelehenerako, baina, arrazakeriaren aurkako mobilizazio-deialdi bat egin dute hainbat kolektibok: «egiturazko pobrezia» azpimarratuko dute San Frantziskoko egoeraren arrazoi gisa; salatuko dute «faltsua» dela diskurtso erreakzionarioek aldarrikatzen duten «aterabide poliziala; eta ohartaraziko dute arrazista izan daitekeela aipatutako Instagram kontuek etorkinen inguruan sortzen duten irudia, alderdi faxistei «mezu erreakzionarioak» hedatzeko bide eginez.

Deja un comentario

Tendencias