Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak aurreko astean egin bezalaxe, Donostiako Harrera Sareak salatu du Ertzaintza eta Udaltzaingoa kale gorrian bizi direnen aurkako «neurri gogorrak» hartzen ari direla. Bitartean, egoerari aurre egiteko Donostiako Udalak eskainitako baliabideak «urriak eta eskasak» direla gaitzetsi dute. Azken asteetan KASeko eta Harrera Sareko kideen aurkako jazarpen poliziala areagotu egin dela ere esan dute.
Eneko Imaz Galparsoro / ARGIA aldizkaria
Donostiako Udalak KAS Kaleko Afari Solidarioak ekimena debekatu eta hilabetera, Harrera Sareak Jon Insausti alkateari elkartasuna «kriminalizatzea» leporatu dio, astelehen goizean udaletxearen aurrean eginiko agerraldian. KASeko kideek azken asteetan egin bezala, Harrera Sareak Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kale gorrian bizi direnen aurka hartutako zenbait «neurri gogor» aipatu ditu: besteak beste, «mehatxu egitea lo egiten duten lekuetatik joan daitezen, haien gauzak hautsi eta suntsitzea, kanpin dendak puskatzea eta haien objektu pertsonalak kentzea eta botatzea».
Egoera horren aurrean, Donostiako Udalak kalean bizi direnei eskainitako baliabideak «urriak eta eskasak» direla gaitzetsi dute, eta elkartasuna «kriminalizatzea» leporatu die Insaustiri. Horren erakusle, Harrera Sareko kide Ainhoa Unanuek azaldu du baliabide horiek lortzeko kalean bizi direnek aurre egin beharreko prozesuak urtebete eta bi urte artean iraun ditzakeela: «Donostiako Udalak ez du eskaintzen ez jantoki sozialik, ez dutxak edo garbigailuak erabiltzeko aukerarik ez arroparik». Alkateak aurretik argudiatu badu ere udalak La Sirena aterpetxea eskaini ohi diela kalean bizi direnei, Harrera Sareko kideen esanetan, hiru hilabetean soilik bost egun eskaintzen ditu.
Gainera, bero handia, euria edo hotza egiten duenean lo egiteko aterperik ez edukitzeak kalean bizi direnentzat «ondorio latzak» izan ditzakeela adierazi du Harrera Sareak: horren harira, Unanuek iazko azarotik kale gorrian bizi ziren zazpi pertsona hil direla salatu du.
Elkartasuna zelatatzea
Kalean bizi direnekiko tratua soilik ez, horiei laguntza ematen dienen aurkakoa ere salatu du Harrera Sareak agerraldian. Izan ere, Aiala Juaniko kideak aitortu du azken hilabetea «oso gogorra» izaten ari dela eurentzat, hain zuzen, udalak KAS debekatu zuenetik: Juanikoren esanetan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak areagotu egin dute bi taldeen aurkako jazarpen poliziala. «Alkateak Udaltzaingoa bidali du kalean bizi direnekin egoten den oro zelatatu eta mehatxatzera», gaitzetsi du Harrera Sareko kideak.
Agerraldian Donostiako Udalaren jarrera «arrazista eta diskriminatzailea» dela ere esan dute, eta haien kontraesanak nabarmendu dituzte: «Migratzaileei etengabe eskatzen zaie gizarteratzeko; bada, ahalegin hori egiten dutenean, prozesu hori zailtzen duten oztopoekin eta jazarpenarekin egiten dute topo». Amaitzeko, Harrera Sareak aldarrikatu du ezin dela normalizatu «elkartasuna zelatatzea», are gutxiago kalean bizi direnen aurkakoa denean: «Laguntza ez da delitua».




Deja un comentario