Nagore Irazustabarrena Uranga / ARGIA

AEB, XVIII. mendearen hasiera. Esklabo patruilak antolatzen hasi ziren, esklabo beltzak zelatatu eta kontrolatzeko. Gizonezko zuriek osatzen zituzten talde horiek eta esklabotza oinarri zuen ekoizpen eredu ekonomikoari eustea zuten azken jomuga. Esklaboak antola zitezen saihesten zuten izuaren, torturen, bortxaketen eta jipoien bidez. Eta patruilen jarduna ez zen esklaboetara mugatzen; ihes egindakoak ehizatzeaz gain, askatasuna lortutako beltzak ere jazartzen zituzten.

Hegoaldeko estatuetan, patruila informal haiek pixkanaka finantzaketa publikoa lortzen hasi ziren, hau da, instituzionalizatu egin zituzten. Floridako Unibertsitateko Arraza Harremanen Zentroko zuzendari Katheryn Russel-Brownek garbi dauka: “Esklaboen patruilak lehen Polizia esklusiboki estatubatuarra izan zen”.

Iparraldeko estatuetan, aldiz, gaueko patruilak izan ziren Poliziaren jatorri. Iluntzetik aurrera, edozein pertsona –nagusiki beltzak eta jatorrizko herrietako kideak– atzemateko eta “aztertzeko” eskubidea hartu zuten beren gain. Eta hasieran intsignia soil batzuk eramaten zituzten arren, berehala hasi ziren makilak eta borrak erabiltzen. Bostonen, esaterako, hiriko agintariek eguneko patruila bat sortu zuten 1838an, gauekoaren osagarri. Eta 1854an, Esklabo Iheslariaren Legeak babestuta, bi patruilek bat egin eta Bostongo Polizia Departamentua sortu zen.

Azkenaldian, “Trumpen Gestapo” deitu izan diote ICEri. Baina, bilakaera honek adierazten duenez, indarkeria arrazista insitituzionalizatuaren jatorria edo eredua ez da atzerrian bilatu behar, etxe barruan baizik

Hasieran egitura haiek esklabo modura ekarritako beltzen kontra antolatu ziren arren, jomuga immigrante guztien aurka zabalduko zuten, erakundeen eta legeen babesarekin. XX. mende hasieran Europa hegoaldeko immigrazioa mugatzen eta jazartzen hasi ziren, Johnson-Reed Immigrazio Legearen (1924) gerizpean. 1950eko hamarkadatik aurrera, mexikarren aurka hasi ziren. Aurreko hamarkadan, Bracero programaren (1942) bidez, bi milioi mexikar eraman zituzten AEBetara Bigarren Mundu Gerrak eragindako eskulan falta asetzeko, baina 1954an, Wetback (bizkar bustiak) operazioaren bidez, langile haiek egozten hasi ziren; soilik lehen urte hartan milioi bat mexikar inguru atxilotu zituen Mugako Patruilak, 2002an, George W. Bushen administrazioan sortuko zuten ICEren (Immigrazio eta Muga Zerbitzua) aurrekariak.

Azkenaldian, “Trumpen Gestapo” deitu izan diote ICEri. Baina, bilakaera honek adierazten duenez, indarkeria arrazista insitituzionalizatuaren jatorria edo eredua ez da atzerrian bilatu behar, etxe barruan baizik.

Eta gure etxe barruan begiratzen badugu, iaz Irunen segurtasunaren izenean sortutako “auzo-patruilak” ditugu adibide. Horiez galdetuta, erakundeek ez zuten inolako kezkarik azaldu. Udalak isiltasuna hautatu zuen erantzun gisa, eta Irungo Ertzaintzaren Ikerketa buruak zera adierazi zuen: “Txaleko batzuekin kalean joatea, eta Irungo hainbat auzotan paseatuz  zer gertatzen ari den ikustea ez da delitu penala, eta administratiboki ere ez du garrantzirik. Poliziaren lagungarri izan daitezkeela ere gaineratu zuen, XIX. mendeko Bostonen bezala.  

Deja un comentario

Tendencias