Roser Espelt Alba / ARGIA

Urtero, Espainiako Observatorio de Márgenes Empresariales erakundeak enpresa-marjinen datuak argitaratzen ditu. 2022tik 2024ra bizi izan dugun inflazio-garai gogorrean, datu horiek bereziki deigarriak izan dira: enpresen marjinak nabarmen igo dira, langile klasearen egoerarekin kontraste zuzenean.

Baina zer gertatzen da Hego Euskal Herrian? Hemen, oso ohikoa da entzutea lehiakortasunaren diskurtsoa, punta-puntako enpresen garrantzia eta kapital pribatuaren funtzio sozial ezinbestekoa azpimarratzen dituena. Diskurtso horrek, praktikan, politika sistematiko baten justifikazioa ezkutatzen du: kapitalaren eskaerei men egiten dien politika bat, langile klaseak ordaintzen duena.

Datuek argi hitz egiten dute: Hego Euskal Herrian, salmenten gaineko enpresa-marjina gordinak 2015ean %14,1 izatetik 2024an %18,42 izatera igo dira, eta 2023an %20,85eko gailurrera iritsi ziren, Merkataritza Erregistroan eskura dauden azken datuen arabera. Marjina netoen kasuan, hots, mozkinei dagokienez, igoera are deigarriagoa da: azken hamar urteetan Hego Euskal Herriko enpresen mozkinak bikoiztu egin dira. Bikoiztu.

Enpresek gero eta diru gehiago irabazten dute guk gure lanarekin ekoizten duguna salduz, edo guk ematen ditugun zerbitzuak kobratuz

Soldaten kasuan, aldiz, datuek erakusten dute izoztu egin direla, enpresen salmenta-gaineko soldata-gastuak oso egonkor mantendu baitira: %14,32 ziren 2015ean eta %14,60 2024an. Hamar urteko tarte batean, aldaketa ia hutsala. Hau da, mozkinak bikoiztu bitartean, soldatek ez dute aurrera egin. Bi kurba horiek, elkarren parean jarrita, gizarteko klaseen arteko botere-harremana modu gordinean marrazten dute.

Horrek ez dakar ezustekorik ekonomia politikoaren ikuspegitik. Inflazio garaiek kostuak transferitzeko aitzakia eskaintzen dute, baina datuek zerbait sakonagoa erakusten digute: ez da kostuen igoera kontsumitzaileen bizkar jarri dela soilik, baizik eta lan-esplotazioa areagotu dela. Enpresek gero eta diru gehiago irabazten dute guk gure lanarekin ekoizten duguna salduz, edo guk ematen ditugun zerbitzuak kobratuz. Argi esanda: irabaziek gora egin duten bitartean, soldatak geldi mantendu dira, eta horrek esan nahi du lanaren fruituaren zati handiagoa gelditzen dela kapitalaren eskuetan.

Beraz, galdera politikoa bere osotasunean planteatu behar dugu: nork betetzen du funtzio soziala? Enpresek gizartearentzat, edo alderantziz? Lehiakortasunaren diskurtsoak erantzuna naturaltasunez onartua balego bezala aurkezten du, baina datuek beste istorio bat kontatzen digute.

Deja un comentario

Tendencias