Gorka Julio, Euskal herria Digital-eko kidea / GAUR 8

Vito Quilesek hitzaldia iragarri zuen 2025eko urriaren 30erako Nafarroako Unibertsitatean, unibertsitateak berak baimena ukatu zion arren. Hitzaldia ez zen egin. Ez zen beharrezkoa izan. Unibertsitateak eraikinak itxi eta jarduera eten zuen arratsaldeko hiruretatik aurrera, eta Quilesek berak utzi zuen bertan behera ekitaldia. Ehunka lagun bildu ziren campusean, eta Espainiako Poliziak kargak egin zituen han eta, gero, Iturrama auzoan.

Bertan behera uzteko arrazoiaz, Quilesek bere bertsioa zabaldu zuen X sare sozialean: Poliziak ohartarazi ziola ezin zuela ekitaldiaren segurtasuna bermatu, eta «aizto eta labanak» atzeman zituela. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak bi baieztapenak gezurtatu zituen; gezurra, ordea, zabalduta zegoen ordurako.

Egun hartan bi lagun atxilotu zituzten. Gasteizen antzeko eszena ikusia zen 18 egun lehenago: Falange Espainolak urriaren 12an egindako elkarretaratzearen inguruko liskarretan, Ertzaintzak 19 lagun atxilotu zituen. Iruñeko faktura, gainera, luzea izan da. Atxiloketak tantaka etorri ziren: 4 azaroan, 2 otsailean eta beste 28 aurtengo ekainaren 3ko polizia operazioan. Guztira, 36 lagun daude ikertuta, desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita.

Joan den urriaren 15ean, Quiles Iruñera itzuli zen. Yamaguchi plazako ekitaldiak hamar minutu iraun zuen, eta 50 jarraitzaile inguru bildu zituen; aurrean, ehunka gazte eta auzotar zituen. Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak kargak egin zituzten, eta hiru lagun atxilotu zituzten; horietako bat, hamasei urtekoa. Ekitaldi gisa, porrota. Baina Quilesek ez du hitzaldirik behar; kargen, kearen eta atxiloketen irudiak dira produktua, gero sareetan zabaltzeko.

Erosoa litzateke pentsatzea eskuin muturrak formula sekreturen bat aurkitu duela. Ez da horrela. Plataformen negozio ereduarekin bat datorren produktua du, arreta erakartzeko egina. Eta gauza gutxik erakartzen du arreta beldurrak eta amorruak bezainbeste. 2021ean, Cambridge eta New Yorkeko unibertsitateetako ikertzaileek 2,7 milioi argitalpen aztertu zituzten Facebooken eta Twitterren: aurkari politikoa aipatzen zuen hitz bakoitzak %67 handitzen zituen argitalpena partekatzeko aukerak. Oxford University Press argitaletxeak “rage bait” hautatu zuen 2025eko hitz gisa.

ESTRATEGIA

Aurtengo otsailean, “Nature” aldizkariak AEBko Xren ia 5.000 erabiltzailerekin egindako esperimentua argitaratu zuen. Partaideak ausaz banatu zituzten: zazpi astez, batzuek jario algoritmikoa erabili zuten eta besteek, kronologikoa. Kronologikotik algoritmikora pasatu zirenek jarrera kontserbadoreagoak hartu zituzten: ez zuten alderdiz aldatu, baina bai lehentasunez, eta baita Donald Trumpen aurkako ikerketa judizialei eta Ukrainako gerrari buruzko iritziz ere. Algoritmoak eduki kontserbadorea sustatu zuen, eta hedabide tradizionalen argitalpenak baztertu zituen. Alderantzizko bidean, ordea, ez zen aldaketarik izan: efektua ez zen desegin algoritmoa itzaltzean, erabiltzaileak eskuineko aktibisten kontuei jarraitzen hasiak baitziren.

Urtebete lehenago, Alemaniako hauteskundeen bezperan, Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak proba kontuak sortu zituen Tiktoken, X sarean eta Instagramen. Kontu horiek lau alderdi nagusiei eta haien buruzagiei jarraitzen zieten, neurri berean. Tiktokek gomendatu zien eduki politikoaren %78 AfDren aldekoa zen; X sarean, %64. Inkestek %20 inguru ematen zioten AfDri.

Eta gero, jabeak daude. 2025eko urtarrilaren 7an, Mark Zuckerbergek iragarri zuen Metak kanpoko egiaztatzaileekin zuen programa amaituko zuela AEBn, eta «immigrazioa eta generoa bezalako gaiei buruzko murrizketak» kenduko zituela. Urtebete geroago, 2026ko otsailaren 3an, Pedro Sanchezek iragarri zuen 16 urtetik beherakoei sare sozialak debekatuko zizkiela eta plataformetako zuzendariei erantzukizun penala eskatuko ziela. Elon Muskek «tirano» eta «traidore» deitu zion bere sarean. Pavel Durov urrunago joan zen: biharamunean, Sanchezen neurrien aurkako mezua bidali zien Espainiako Telegram erabiltzaile guztiei, saioa hasteko kodeak iristen diren txat ofizialetik.

Estrategia horren alderdirik eraginkorrena da markoa irabazteko ez dituztela hauteskundeak irabazi beharrik. Voxek eserleku bakarra du Eusko Legebiltzarrean. Hala ere, 2025eko urrian, Ertzaintza atxilotuen jatorria zabaltzen hasi zen berriro bere prentsa oharretan, hamarkada batez baino gehiagoz egin gabe egon ondoren. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak argudiatu zuen neurriak lagunduko zuela «isiltasun instituzionala aprobetxatuz aurreiritziak zabaltzen dituzten diskurtso arrazistak» desmuntatzen.

Arartekoak, joan den uztailean, Segurtasun sailari gomendatu zion datua kasuz kasu baloratzeko eta testuingurua ulertzeko ezinbestekoa denean soilik emateko. Zupiriak ezezkoa eman zuen azaroaren 6an, Legebiltzarrean: Ertzaintzak jatorria zabaltzen jarraituko du, eta, homizidio, arma zuri eta sexu delituen kasuetan, baita atxilotuen aurrekari penalak ere. Asmoa kontrakoa dela esan arren, efektua bera da: jatorria eta delinkuentzia lotzen dituen markoa elikatzea. Eskuin muturrak ez du gobernatu beharrik bere agenda aurrera ateratzeko; nahikoa du besteek haren galderei erantzutea.

ERANTZUNAK

Gezurtatzea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Gezurra segundo batzuetan fabrikatzen da, eta orduak behar dira hura ezeztatzeko. MITeko ikertzaileek 2006 eta 2017 artean Twitterren zabaldutako 126.000 hari aztertu zituzten, eta albiste faltsuek %70 aukera gehiago zuten partekatuak izateko; egiazkoek, berriz, sei aldiz denbora gehiago behar zuten 1.500 lagunengana iristeko.

Ikerketek beste bide bat ere erakutsi dute: aurretik gezurtatzea (prebunking). Gezurra iritsi aurretik manipulazio teknikak azaltzean datza: errudunak asmatzea, dikotomia faltsuak, hizkera emozionala. Cambridge eta Bristolgo unibertsitateek 30.000 partaide inguruko zazpi esperimentutan frogatu zuten, 2022an, 90 segundoko bideo labur batek teknika horiek hautemateko gaitasuna hobetzen duela. Hortaz gain, erantzun borobilik eman gabe oraindik beste ideia batzuk ere baliagarri izan daitezke:

1. Gidoia ez oparitu. Ez da kalea oparitzea, ezta erantzuten dutenak probokatzailearekin parekatzea ere. Iruñeko erantzun jendetsuaren ondoren, Quilesek astebetez eten zuen bere unibertsitate bira. Mobilizazioak hitzaldia ezinezko egin zuen, eta, aldi berean, kargen irudiak eta labanen gezurra eman zizkion Quilesi. Kontua da bilatzen duen irudia ukatzea gehiengo sozialaren artikulazioarekin. Hedabideek ere badute zer egin. Valonian, RTBF telebista publikoak 1991tik ez die antenarik ematen eskuin muturreko alderdiei, ezta eztabaida politikoetan ere, eta eskuin muturrak ia ez du presentziarik han; politologoek ohartarazten dute ez dela arrazoi bakarra, baina bai garrantzitsua. Gezurraren berri eman behar denean, George Lakoff linguistak proposatutako «egiaren ogitartekoa» erabil daiteke: egia lehenik, gezurra behin eta laburki, eta egia berriro.

2. Azpiegitura arautu, ez iritzia. Europako Batzordeak 120 milioi euroko isuna ezarri zion X sareari 2025eko abenduaren 5ean: Zerbitzu Digitalen Legearen araberako lehen zehapena. Ez zuen zigortu X sarean esaten denagatik, baizik eta bere funtzionamenduagatik. Hala ere, Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak «Amerikako herriaren aurkako erasoa» deitu zion. Zentsuraren diskurtso biktimistaren gainetik, plataforma horiei mugak jartzea da kontua: algoritmoen gardentasuna, ikertzaileentzako datuak eta hauteskunde arriskuen ebaluazioa dira neurri posible batzuk. Espazio publikoaren azpiegitura de facto bihurtu denaren arauak finkatzea.

3. Burujabetza digitala. Erakunde publiko batek, hedabide batek edo sindikatu batek X bezalako sare korporatiboen mende egotea herritarrekin hitz egiteko erabaki politikoa da, ez teknikoa. Badira aukerak fedibertsoan (Mastodon, PeerTube, Pixelfed…). Han, komunitate bakoitzak bere arauak finkatzen ditu, eta ez du algoritmo batek erabakitzen zer ikusten den. Euskal Herrian, fedibertosa.eus ekosistema interesgarria daukagu eta arnasgune digital txikia osatzen dute jada. Kanal korporatiboetan ordez kanal propioak lehenetsi behar dira, argitaratu lehenik zure gunean, eta banatu gero besteetan. McKenzie Warkek Donostiako azken hitzaldian esan zuen bezala, behintzat kontutan hartu eremu oldarkor batean murgiltzen ari zarela. «Baso ilunaren» teoria ezaguna aitzaki hartuta, biziraute estrategiak garatu behar dira eta ez bestela..

4. Sareek ezinegona anplifikatzen dute, baina ez dute sortzen. Ez dago «belaunaldi ultrarik», baina arrakala badago. Gazteen Euskal Behatokiak 2024ko urrian egindako inkestaren arabera, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %58,8k uste du aldaketa sozialek ezkerrera jo behar dutela; %12,8k bakarrik, eskuinera. Gizonen artean, ordea, eskuinaren aldekoak %16,8 dira; emakumeen artean %8,8 (bi aldiz gutxiago). Ezinegonaren iturriak materialak dira gehien bat. Masa sozial zabal hori antolatzea, kalean eta sareetan, da erantzunik sendoena. Brasilen ikusi berri da: lehen itzulian bigarren geratu ondoren, Lulak irabazi egin zuen urriaren 25ean, eta analistek ikasle eta gazte mugimenduen mobilizazioari egotzi diote aldaketaren arrazoi garrantzitsuenetako bat.

Eskuin muturrak beste inork baino lehen ulertu zuen arretaren ekonomian ez duela arrazoia duenak irabazten, besteengan erreakzioa eragitea lortzen duenak baizik. Erantzuna ezin da hobeto erreakzionatzea izan, horrek erreakzionario bihurtuko gaitu. Joko zelaia aldatu behar da. Azaroaren 29ra arte eta handik aurrera, probokazio bakoitzaren aurrean galdera bera egin beharko genuke: nori egiten dio mesede nire erreakzioak?

Deja una respuesta

Trending