Nekane Txapartegi / ARGIA aldizkaria
Min eman zidan Argentinako 39. Emakume eta Sexu Disidenteen Topaketa Plurinazionalean egon ezin izanak. Irratiko hiru kazetari feminista gogotsu gindoazen hango borrokak entzuteko, elkarrekin erresistentzia-estrategiak eta elkartasun-sareak eraikitzen jarraitzeko.
Ordea, Milei faxistak eta haren erakundeek eragotzi zidaten bertaratzea. Urriaren 4an, aireportura iritsitakoan, nire kideengandik banandu, Migrazio Zerbitzuen bulegoan atxiki eta Argentinatik kanporatu ninduten. Trumpek bultzatutako Ameriketako Ezkutua lankidetza-ekimenak, nazioarteko krimenari aurre egiteko aitzakian, segurtasuna, ekonomia eta koordinazio geopolitikoa ere hartzen ditu barne. Bide horretan, migrazio-kontrola erabili zuten jazarpen ideologikorako tresna gisa, kazetaritza feministaren, aktibismo internazionalistaren eta borroka antifaxistaren aurka.
Eraso hori ez zen nire aurkakoa soilik. Elkartzeko, antolatzeko, hitza hartzeko eta kolektiboki eraikitzeko dugun eskubidearen aurkakoa baizik. Diziplinamendu patriarkalaren modu bat ere bada, bidegabekeriak zalantzan jartzen ditugunon eta zapalkuntza-sistema eraldatzeko borrokatzen dugun feministon aurka.
Eraso horrek berretsi zuen euskal militanteok jasaten dugun jazarpenak ez duela mugarik, ez denboran ez espazioan. Balizko “oinarridun susmoa / turista faltsua” erabakia ez dute arrazoitu oraindik. Nik ere badut oinarridun susmoa: Argentinak AEBetako zerrenda beltza erabili zuen. Zerrenda hori duela urte batzuk argitaratu zuen Suitzako hacker batek, eta orduan jakin nuen bertan nengoela (ez behin, 30 bat aldiz), beste euskaldun asko bezala.
Debekuak parada eman zidan beste konferentzia batean fisikoki parte hartzeko. Hitza hartu nuen Berlinen, poliziaren indarkeria matxistaren aurkako topaketan, 500 emakume*tik gora bildu gintuen bUm gunean. 110 arrazoi isiltasuna hausteko! konferentzia egin genuen, ZORA emakumeen taldeak eta Presoen Ahotsa Plataformak (TSP) antolatuta. Konferentziaren ardatza izan zen Poliziak eta estatuko segurtasun-indarrek eragindako indarkeria sexualizatua, eta horri aurre egiteko kolektiboki emakumeok* eta mugimenduek ditugun tresna eta borroka motak aztertzea.
Bilkuraren mezu nagusia honakoa izan zen: Poliziaren indarkeria sexualizatua ezin da isilpean gorde, ezta normaltzat jo ere. Esperientzia pertsonalak partekatuta, nazioarteko adibideak aztertuta eta estrategia politiko zein juridiko bateratuak landuta, bideak garatu genituen erasotako emakumeak* babesteko eta etorkizunekoak saihesteko.
Bai Argentinako eraso faxista eta praktika autoritarioen aurrean, bai Alemaniako zein Euskal Herriko eta munduko polizia indarkeria sexualizatuaren aurrean, gure erantzuna argia da: haserrea eta mina antolatu, borrokak eta itxaropenak biderkatu!




Deja una respuesta