Tifoak ateratzeko aldez aurreko baimenak, megafonoen eta pankarten aurkako kontrola, mezu politikoen debekua… Bestalde, 50.000 eurorainoko isunak ezarriko dizkiete klubei alkohola saltzeagatik, eta alkoholemia-kontrolak aurreikusten dituzte estadioetako sarreretan.
GEDAR Langile kazeta
Kiroleko Biolentziaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren aurkako Espainiako Estatuko Batzordeak, Espainiako Poliziarekin koordinatuta, kontrol-neurriak handitu eta gogortu ditu 2026-2027 denboraldirako. Lehen Mailan, Bigarren Mailan eta Lehen Federazioan sartuko dituzte indarrean neurriok. Batzordeak berak «kontinuistatzat» jotzen duen planak lehentasunezko bi frontetan esku hartu nahi omen du: alkoholaren kontsumoa mugatzea, eta animazio-harmailak zorrotz kontrolatzea. Klubei azken asteetan jakinarazi dietenez, zorroztasun bereziz zigortuko dute edozein arau-hauste, «politikoki okerrak» diren jokabideak barne. Arau horiek Bigarren Federaziora zabaltzea ere aurreikusten da, 2030a baino lehen.
Alkoholari buruzko kapituluan, zigorrak bereziki garestiak dira klubentzat. Puntu ofizialetan alkohola saltzeak 5.000 eta 50.000 euro arteko isunak ekar ditzake, eta zaleek estadioetara alkohola sartzea 15.000 eurorainoko zigorrekin jazar dezakete, gaur egungo 8.000 eurorainoko isunak handituz. Gainera, alkoholemia-kontrolak aurreikusten dituzte zelaietako sarbideetan, bereziki, «arrisku handiko» partidetan edo playoff-etan: alkoholaren eraginpean sartzen diren zaleek 3.000 eta 10.000 euro arteko isunak ordaindu beharko dituzte. Pirotekniara, joko-eremura jaurtitako objektuetara eta bertaratutakoen identifikaziora ere hedatuko da kontrola, 4.000 eta 10.000 euro arteko isunak eta kirol-esparruetara sartzeko hamabi hilabeterainoko debekuak barne.
Neurri horiek askatasun zibilen murrizketa nabarmena dakarte, azken hilabeteetan bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik oinezkoei ezarritako zigorrek erakusten duten bezala. Izan ere, joera horrek kriminalizatu egiten du mozkortuta egote hutsa, kiroleko indarkeriarekin zuzeneko loturarik ez izan arren, eta trafikoko alkoholemia-kontroletan ezartzen direnak baino are zigor handiagoak ezartzen dira. Hainbat zale-taldek salatu dutenez, futbolera joateko esperientzia tramite burokratiko bihurtzen ari da, eta agintariek araututa, neurtuta eta baimenduta egon behar du denak. Jada ez dago tokirik bat-batekotasunerako, emoziorako eta jai-girorako, horren ordez, kontrol hotz eta aseptikoa ezartzen baitute, futbola elkargune herrikoi gisa desnaturalizatuz. Ondorioz, zale askok jada ez dituzte estadioak beren kirol-grina adierazteko tokitzat hartzen, eta nahigabea areagotu egiten da, kontrola eta zigorra arautzat dituen ikuskizun batera joateak merezi ote duen euren buruari galdetzen diotenen artean.
Animazio-harmailak, jomugan
Animazio-harmailen gaineko kontrola da, dena den, alderdirik polemikoena. Araudi berriak megafonoak mugatzen ditu, estadio bakoitzeko megafono bakarra baimenduz. Gainera, baimendutako pertsona bakar batek erabili ahal izango du hura, eta aldez aurretik identifikatuta egon beharko du klubaren eta Espainiako Poliziaren txosten batean.
Teorian, debekatuta dago «gorrotoa, homofobia eta iritzi politiko edo erlijiosoak adieraztea». Pankartek, gainera, enpresa ekoizleen ziurtagiri bat izan beharko dute, material arriskutsuekin eginak ez daudela egiaztatzeko, Poliziak homologatuta. Bestalde, aldez aurreko baimen baten mende daude tifoak, eta klubari azken diseinua jakinaraztea eta Poliziaren onarpen formala lortzea eskatzen du baimen horrek. Horrela, «ezusteko tifoak» galarazi nahi dituzte, eduki politiko edo sozial asaldagarria izan dezaketela ebazten denean. Kalez jantzitako agenteekin ere indartuko dute kontrol poliziala harmailetan, eta identifikatutako arduradunei ezarriko dizkiete zigorrak.
Peñek eta zale-taldeek kritikekin jaso dute neurrien gogortzea, arauetan animazio-kulturaren kriminalizazioa eta estadioetako adierazpen-askatasunaren murrizketa ikusten baitute. Tifoak eta pankartak ateratzeko aldez aurreko baimena lortu behar izateak, megafonoak baimendutako pertsona bakar batera mugatzeak eta ezkutuko zainketak erabateko kontroleko agertoki bat marrazten dute, «segurtasunetik» harago doana: harmailetako eduki politiko eta aldarrikatzaileen zentsura sakontzea dakar. Biolentziaren Aurkako Batzordeak aurreko denboraldian izandako kontrolen bilakaera gisa justifikatzen ditu murrizketak, baina, bitartean, futbola, tradizioz herri-adierazpenerako gunea izan dena, kontrolerako eta zentsurarako proba-zelai bihurtu da, enpresak eta Estatua buru izanik.
Indar Gorri: 351 isun eta 98 atxiloketa azken bi denboraldietan
Peñen eta zaleen kritikak ez dira espekulazio hutsak. Indar Gorriren kasuak, esaterako, politika horien ezarpena modu argian ilustratzen du. Osasunako zaleen taldeak berak maiatzaren 14an zabaldutako datuen arabera, azken bi denboraldietan, Indar Gorriko kideek 351 zigor administratibo jaso dituzte; 228.000 euro isunetan (batez beste 1.000 euro 3,3 eguneko); 98 atxiloketa (bat asteko) eta 52 urteko debekua estadioetara sartzeko.
Horrez gain, Iruñeko Sadarren izandako esku-hartze polizialen historia ere aipatu beharra dago, hala nola joan den otsailaren 21ean Real Madrilen aurkako partidaren ostean zaleen aurka izandako karga polizial bortitza, gutxienez 30 zauritu eragin zituena. Horietako bat konorterik gabe utzi zuten poliziek, burua lurraren kontra jo ondoren. Aurretik, klubeko zuzendaritzak aitortu zuen Espainiako Poliziaren koordinatzaileak betoa jarri ziola Barricadaren No hay tregua abestiari, «zigor berrien beldur» zelakoan. Indar Gorrik salatu izan duenez, neurri horiek, gertakari isolatuak izan beharrean, «errepresio laborategi» gisa funtzionatzen dute, eta langileen gaineko kontrol sozialeko politikak aplikatzeko baliatzen da futbola.




Deja un comentario