Kaleko Afari Solidarioak boluntario taldeko kidea da Kristina Fernandez (Donostia, 1996), eta hura solastatu da gaur goizean egindako prentsaurrekoan. «Kezkatuta» dago egoera dela kausa, eta ardura har dezala eskatu dio Donostiako Udalari, «berehala bukatu behar delako hau».

Iratxe Mujika Karrion / BERRIA

Debekuaren gainetik, orain ere zuengana jotzen dute afari eske?

Bai. Afariak debekatu arren, haiekin harremanetan jarraitzen dugu, telefono bidez edo kalean elkar ikusita. Egunero etortzen dira afari eske, eta guk, ahal dugun neurrian, eman egiten diegu.

Modu indibidualean aritzen zarete orain?

Bai, ofizialki KASen izenean ezin dugu janaririk banatu, eta, beraz, talde txikitan aritzen gara janaria partitzen. Aurkitzen ditugun gazteei ogitartekoak edo tuper txikiak ematen dizkiegu. Dugunaren eta momentuan ahal dugunaren arabera, beti ez baita erraza izaten.

Jazarpen polizialagatik, adibidez?

Debekatu ondoko lehendabiziko egunetik dauzkagu gainean, bai: argazkiak ateratzen dizkigute, bideoak grabatu, identifikatzeko eskatu… Nondik nora ibiltzen garen kontrolatzen dute, eta ondo dakite nor den gutako bakoitza. Betikoa.

Elkarlana proposatu diozue udalari. Zer da, zehazki, zuen proposamena?

Jendeak otordua bermatuta ez badauka, guk derrigor jarraitu beharko dugu lanean. Hortaz, alkatearekin bildu ginenean, esan genion elkarlana egin genezakeela, eta eztabaidatu zein den gazte horientzat aukerarik onena. Gizarte zerbitzuak hor daude, badakigu, baina guk sei urteko esperientzia dugu hemen, egunero egoten gara haiekin, eta zinez sinesten dugu gure harreman hori uztar daitekeela udalarekin. Hau da, bi aldeek bat egin dezaketela irtenbide duina lortzeko. Eztabaidatu besterik ez zen egin behar, hori bakarrik eskatzen genuen, guk ere ez baitakigu zein den alternatiba egokia. Baina ezezkoa jaso genuen, eta orain eskatzen dugun bakarra zera da, afaririk gabe utzi dituzten pertsona horiei eman diezaietela beste aukera bat behintzat.

Berriro bilduko zarete alkatearekin?

Lehendabiziko bileran, erabat itxi zituen aukera posible baten ate guztiak, baita hurrengo bilera bat izatekoa ere. Ezer gehiago ez dakigu kontuaz; geroztik ez dugu erantzunik jaso. Gaur berriz egiten diogu gonbita, benetan uste dugulako ados jar gaitezkeela eta, batez ere, udalaren planteamendua ez delako nahikoa. Zerbait egin behar dugu KASera etortzen ziren horien beharrak asetzeko, eta hori esaten ari gatzaizkio, baina ez du onartzen.

Alternatiba lortu arte, nola daude afaririk gabe gelditu direnak?

Ba, ez dute jaten. Ez dago inor haiei laguntzeko, haiei kasu egiteko. Pentsa, itxaron-zerrenda batean ere ezin dira sartu, itxita baitaude.

Insaustik gaur bertan errandakoa da: «ez politizatzeko» etxerik ez dutenen egoera.

Guk ez dugu ezer politizatzeko asmorik. Ez gara aritzen etengabe haien egoerari buruz hitz egiten; horrek ezin du eskubide bat baldintzatu.

Deja un comentario

Tendencias