AEBek jakinarazi dute Kolonbiak bi herrialdeen arteko «operazio militarrak» onartu dituela «narkotrafikoari» aurre egiteko. Akordioarekin, AEBen armadak eta inteligentzia zerbitzuek Kolonbian aritzeko baimena edukiko dute. Kolonbiako oposizioak kritikatu egin du, erabakiak herrialdearen segurtasuna baldintzatuko eta aldatuko duela argudiatuta. 

Goiatz Iza Erkis / ARGIA aldizkaria

Abelardo De la Espriellak Kolonbiako presidentetzaren kargua hartu zuenetik astebetera, Kolonbiaren eta Washingtonen arteko harremanak nabarmen aldatu dira. AEBetako Gerrako idazkari Pete Hegsteh-ek jakinarazi du asteazkenean De la Espriellak Kolonbiaren eta AEBen arteko aldebiko «operazio militarrak» onartu dituela, herrialdeko «narkoterrorismoari» aurre egiteko. 

«Kolonbiak jada eskatua zuen [AEBetako] Gerrako departamentua narkotrafikoaren aurkako borrokara batzeko, aldebiko operazio militarrak eginez, terroristak eta sare terroristak suntsitzeko», azaldu du Hegsethek Panamako hirian egindako bileran. Bertan elkartu da berriki Ameriketako Kartelen aurkako Koalizioa, Ameriketako Ezkutuaren barnean dagoen koalizioa. Trumpek sortutako koalizioaren helburua, besteren artean, narkotrafikoari aurre egitea eta mugetako kontrolak indartzea da, «antolatutako terrorismoa» geldiarazteko. 

«Zuekin guztiokin, AEBek Mendebaldeko Hemisferio seguru, egonkor eta oparoa eratuko dute. Ez dugu mendekotasunik bilatzen, baizik eta herrialdeen arteko elkartasuna segurtasuna eta egonkortasuna lortzeko», azpimarratu izan du AEBetako idazkariak. 18 herrialdek osatzen dute, tartean, Ekuadorrek, El Salvadorrek, Boliviak eta Argentinak, eta hemendik aurrera baita Kolonbiak ere. Azken herrialde horrekin akordioa lortzeak zera suposatzen du: AEBetako segurtasun indarren eta armadaren bitartez «narkotrafikoari» aurre egitea. 

Badirudi bi herrialdeek harremanak berreskuratu dituztela, De la Espriella eskuin muturreko presidenteak kargua hartu zuenetik, pasa den ostiralean, Donald Trumpen gobernuak babes politikoa, segurtasuna eta laguntza eskaini baitizkio Kolonbiari, asteleheneko lurrikara eta gero. 

Kolonbiako oposizioak kritikatu egin du akordioa, argudiatuta herrialdearen «subiranotasunari uko egitea» dela. Gaineratu du «atzerriko armada bat herrialdera sartzen uztearen erabakia» Senatuarena dela. 

Deja un comentario

Tendencias