Luisma Goldarazena, Kaleko Afari Solidarioen / KAS-eko bolondresa / Hirutxuloko Hitza

Kalean bizi diren pertsonei afariak ematea debekatu digu Udalak. Duela hamabost bat egun, Donostiako Udalak debekatu egin digu KASeko boluntariooi Donostian kalean bizi diren pertsonei afariak ematea.

Erabakia justifikatzeko, Udalak hainbat arrazoi eman ditu, besteak beste: espazio publikoaren okupazioa, elikagaien trazabilitatea eta “deialdi-efektua”. Baina arrazoi horiek aztertzean, hainbat galdera sortzen zaizkigu.

Espazio publikoaren okupazioa? Argi dago ez dela gauza bera espazio publikoa erabiltzea hainbat tokitan, kapritxoz, pintxo bikain batzuk dastatzeko, edo espazio hori erabiltzea gosea kentzeko eta oinarrizko behar bati erantzuteko. Ez, ez da gauza bera.

Elikagaien trazabilitatea? Ez dakigu zer nolako trazabilitatea kontrolatu behar den, gure etxeetan normalean kontsumitzen ditugun elikagai berberak prestatzen ditugunean: arroza, pasta, dilistak, babarrunak, patatak, barazkiak…

Ez gara inolako negozioaz ari. Boluntario talde batez ari gara, kalean bizi diren pertsonei afari xume eta duina ematen saiatzen dena.

“Deialdi-efektua”? Benetan pentsatu behar al dugu Donostian urteko egun guztietan afari xume batzuk emateak milaka kilometro egitera bultzatuko duela norbait hona etortzera? Ez. Kalean dauden pertsonak jada hemen daude.

Eta egoera horretan dauden gazte eta pertsonen aurrean, zer egin behar dugu? Beste alde batera begiratu?

Badakigu Udalak eta erakundeek badutela erantzukizun bat egoera horiei erantzuteko. Baina, behar duenak laguntza jasotzen ez duenean, guk egiten dugu. Edo, hobeto esanda, egiten genuen, orain udalak debekatu egin digulako.

Eta zaila da ez pentsatzea debeku horren atzean Donostia bezalako hiri batean oso erraz antzeman daitezkeen bestelako arrazoiak ote dauden.

Guretzat, auzia oso sinplea da: gose den pertsona bati afaria ematea ez da arazoa; arazoa da pertsona hori gose egotea.

Horregatik, Donostiako Udalari eskatzen diogu erabaki hau berrikusteko eta, gutxienez, kalean bizi diren pertsonei oinarrizko elikadura eta arreta duina eskaintzen jarraitzea ahalbidetzeko.

Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Behar duenari laguntzeko eskubidea eta aukera besterik ez dugu defendatzen.

Deja un comentario

Tendencias