Josu Chueca / BERRIA

1936ko uztailaren 19ko Diario de Navarra-n ohiko mantxetaren azpian aldarri hori zetorren letra handi-handiz. Beherago, azaleko zutabe nagusian, Emilio Molak aldarrikaturiko Gerra Bandoa. Eta horien azpian, laukitxo xume batean, sei lerrotan, honako ohar informatibo hau: «Atzo gauez, zortziak eta laurdenetan kuartelean izandako zorigaiztoko istripu baten ondorioz, Nafarroako Guardia Zibilaren komandante Jose Rodriguez Medel hil zen».

Horrela, zinikoki, laburbiltzen eta desitxuratzen zuten Euskal Herrian izandako lehen gerra gertaera. «Gerla urte gezur urte» erranari eutsiz, Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro saiatu ziren ezkutatzen guardia zibilek haien nagusia kuarteleko atarian hil izana, errepublikarekiko leiala zelako. Altxatuen agerraldi masiboak hurrengo egunean izan baziren ere, uztailaren 18ko arratsaldez eta gauez, militarrek eta falangistek zein karlistek abiarazi zituzten atxiloketak eta indar erakustaldiak. Nafarroako gobernadorea kanporatuta, Arabakoa desjabetuta, militarrek eta matxino kide izan zituzten karlistek eta falangistek bat egin zuten lurralde horietan erabateko kontrola izateko. Ordu batzuk beranduago, 19ko egunsentiarekin batera, Gerra Estatua aldarrikatu zuten, eta harro bezain oldarkor kaleratu ziren Madrilera eta behar zen tokira —Errioxa aldera eta batez ere Gipuzkoara— joateko, erregimen errepublikanoa bertan behera uzteko asmoz.

Afrikan bezperan izandako altxaldi militarra —Melillan Romerales jeneralaren heriotzarekin ere hasi zena— penintsulara zabaldu zuten ahal zuten neurriraino. Euskal Herrian, arrakastatsua suertatu zitzaien Nafarroan eta Araban, baina askoz gehiago zaildu zitzaien Gipuzkoan eta batez ere Bizkaian. Izan ere Donostian uztailaren 21 arte ez ziren altxatu militarrak, eta borroka eta erresistentzia herrikoia dela medio amore eman behar izan zuten astebete beranduago. Bestetik, Bilbon, Garellanoko militarrek ez zuten adorerik izan konspirazioa gauzatzeko eta demokraten esku gelditu zen lurralde bizkaitarra.

Gerra amaitutzat jo zuten 1939ko apirilaren 1ean, baina gerra giroak luze eta sakon jarraitu zuen estatu osoan zehar. Izan ere, 1939ko apirilaz geroztik, gerra kontseiluak, kartzelaldiak, isunak eta abarrak ugaritu egin ziren

Demokraziaren aurkako kolpe horren director Molak —hala zuen ezizena— gidatzen zituen nazionalek etsaitzat jotzen zuten oro: Fronte Popularreko partaideak, errepublikanoak, euskal nazionalistak… errepresioaren jomuga izan ziren lehen unetik, atzegoardian zein geroxeago sortutako gerra frontean. Nafarroaren adibidea latza bezain zuzena dugu. Gerra fronterik izan gabe, egundoko erailketa sorta gauzatu zuten 1936ko uztailaz geroztik. Iruñeko Gotorlekua, Valcaldera, Otsoportillo, Monrealgo Teilategia, Berako harrobia… Beste leku asko bezala heriotza guneak eta hilobiak bilakatu ziren kolpisten menpe erabat zegoen lurralde horretan. Epaiketarik gabe kartzeletan zeuden atxilotuak saca desberdinen bitartez kaleratu eta erail zituzten. Gerra bandoa indarrean ezarri zuten lehen unetik, erakundeak desegiteaz gain, horien egoitzak eta ondareak faxisten eskuetara igaro ziren, azkar oso.

Kolpisten ustez Madrilgo agintea eskuratu arte bizpahiru asteko jarduna izanen zena 32 hilabeteko gerra bilakatu zen berehala. Hasierako porrotari aurre egin zioten Molak, Francok, Yaguek, Queipok… Eta nazioarteko laguntzaz —bereziki Alemania naziarena eta Italia faxistarena— eta nagusitasun militarraz baliatuz, aurrera egin zuten. Euskal Herria osoa 1937ko ekainaren bukaerarako eskutan zuten, Bartzelona 1939ko urtarrilean eta Madril zein Valentzia 1939ko martxoaren bukaeran. Gerra amaitutzat jo zuten 1939ko apirilaren 1ean, baina gerra giroak luze eta sakon jarraitu zuen estatu osoan zehar. Izan ere, 1939ko apirilaz geroztik, gerra kontseiluak, kartzelaldiak, isunak eta abarrak ugaritu egin ziren. Gerraren alfa izan ziren odolezko zigorrak egunerokoak izan ziren 1943 arte, Santoñan, Derion, Valentzian edo Madrilen izandako erailketak direla medio. Gerra egoerak 1948 arte iraun zuen, baina Molak Diario de Navarra-n gaurko egunez inprimatu zuen gerra aldarrikapenean zekarren eskubideen zapalketak 1977 arte jarraitu zuen, Francoren eta enparauen diktadurari esker. Den-dena Viva España-ren magalean.

Deja un comentario

Tendencias