Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoen defentsa gure herria ardaztu duen oinarri komuna izan da. Garai bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate konkretuak izan baditu ere, oraindik asko dugu eremu honetan irabazteko, herritar guztion bizitzak duintzea xede badugu behintzat.

Azken asteetako irudi eta gertakariak larritasunez bizi ditugu. Denon begi ninietan iltzatuta geratu da, sionismoak bahitu eta torturak eta tratu txarrak salatu ondoren, Loiuko aireportuan hainbat ekintzaile solidarioren aurka erabilitako biolentzia erabatekoa eta justifikaezina. Operatibo baten akats pertsonalak edota uneko erabaki okerrak izatetik urrun, egiturazko arazo baten adierazle behinenak baino ez dira izan. Hori berresten dute Bingen Zupiriak berak ondorengo egunetan eginiko adierazpen tamalgarriek. Gertatutakoaren gaineko ardura politikoak hartzeari iskin egin eta inolako neurririk hartzeko asmorik gabe.

Zoritxarrez, ez da izan kasu isolatu bat. Gehiegitan ikusi ditugu, sailburuak aginduta, beren lanpostuen defentsa egiten ari diren langileak borraz kolpekatzen, greba eskubidea egiteko piketeen lana oztopatzen -legez enpresa batzordeak lantegian sartzeko duen eskubidea bera ere ukatzeraino- baita, oro har, langileon protestak gogo biziz kriminalizatzen ere.

Egungo poliziak duela denbora gutxi Tourra gure lurretan ez egiteko bide mozketak egin, tranbiak gelditu zein irain eta mehatxuekin erantzun zutenak dira, ehunka gazteri Mozal Legea aplikatu diotenak. Egungo poliziek kale saltzaileak kolpekatzen dituzte, baita kirol zaletuak ere. Gazteei metro gutxira tiro egin eta begiak zein testikuluak txikitu dizkiete. Euskaraz hitz egiteko eskaeren aurrean oldartu dira eta gaztetxeak hutsaraztean, baita etxegabetzeetan ehunka zauritu eragin ere. Ekintza horiek guztiak inolako agindu judizialik gabe egin dituzte, eta, are gehiago, eskuin muturreko matoiz beteta dauden enpresekin elkarlanean aritu dira. Auzo eta herrietako jaietan ere, sarri probesten dituzte egoerak mugimendu feminista kriminalizatu eta kolektiboki ehuntzen ari garen justizia feministaren eredua deslegitimatzeko. Kale egoeran bizi direnen kriminalizazio eta jazarpena edo kide migratu eta arrazializatuek etengabe jasaten dituzten miaketak eta kontrolak eguneroko jarduna zeharkatzen duen arrazakeriaren isla dira.

Egungo eredu poliziala sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta koloniala sostengatzeko ezinbesteko estatu aparatu errepresibo bat gehiago da, argi eta garbi.

Egungo poliziek inpunitate osoz dihardute, guztien begi bistan ari direnean nahiz inork gutxi ikusten dituenean. Kalean nahiz komisarietan. Galdetu besterik ez dago polizia etxera eraso matxisten berri ematera joaten diren emakume askok jaso behar duten tratu, presio eta birbiktimizazioaz. Gorputz askorentzat ez dago espazio segururik, ez kalean ez inon. Segurtasunaren izenean ari direla saldu nahi digute, baina errealitatea bestelakoa dela argi dago.

Bingen Zupiria jauna, zure ardurari ihes egin eta Ertzaintzarekin dagoen arazoaz eztabaidatzea saihesteko ahalegin betean zabiltza, gaia desbideratu eta fokua beste nonbaitera eramateko saiakeran. Poliziaren inpunitatea eta protestarako eskubidearen kriminalizazioa eskutik helduta datoz eskubide zibil eta politikoen murrizketan, baita eskubide sindikaletan ere. Ertzaintzan jarrera eta joera autoritarioak, matxistak, klasistak, arrazistak eta antidemokratikoak sakontzen ari dira, eta Barne Saila horiekin lerrokatzen ari da. Eztabaida ukatu edo geroratzeak inpunitatea, autoritarismoa eta indarkeria poliziala babesten dituen polizia ereduarekin jarraitzea esan nahi du, eta ezin dugu onartu.

Horretarako, hemen eta orain bada nondik hasi. Inpunitatea desagerrarazteko, gardentasuna eta erantzukizunak egon daitezen bermatu behar da: nork egin duen tiro, hartutako erabaki eta jarreren inguruko argipenak eta ondorio zehatzak behar dira. Mozal Legea protesta sozialaren kriminalizaziorako baliatzen da eta gurean gehiengo zabala dago lege horren aurka; beraz, ez litzateke aplikatu beharko. Elkarte korporatibo eta erreakzionarioek bahitua daukaten Brigada Mugikorraren existentziak dagoeneko ez du justifikaziorik, eta herri mugimenduko eragile eta militanteen aurka abian diren prozesuak bertan behera utzi behar dira.

Protesta soziala ez da adierazpen askatasun soila. Eskubide berriak lortzeko tresna dugu, zapalkuntza eta dominazio oro ezabatzeko eta jendarte demokratikoagoa sortzeko bidean defendatu beharrekoa zalantzarik gabe.

*Sinatzaileak: Iratxe Delgado, LAB sindikatuko kidea; Elene Lopetegi, Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea; Amaia Arbeo, Ernaiko kidea; Agus Orbea, Global Summud Flotilla EHko kidea; Adur Ramirez de Alda, Global Summud Flotilla EHko kidea; Xuhar Pazos, Ertzaintzaren bortizkeriaren biktima; Iker Arana, Ertzaintzaren bortizkeriaren biktima, eta Amaia Zabarte, Ertzaintzaren bortizkeriaren biktima.

Deja un comentario

Tendencias