Aitor Atxa Rivero / GARA-NAIZ

Zer da askatasuna? Galdera sinplea dirudi. Ia intuitiboa. Hala ere, Mendebaldeko pentsamendu politiko eta filosofiko osoa zeharkatu duen kontzeptu gatazkatsuenetako bat da. Askatasuna zer den definitzea ez da soilik ariketa teoriko bat; gizarte baten oinarri ideologikoak definitzea da. Izan ere, askatasunaren inguruan eraiki dira iraultzak, estatuak, sistema ekonomikoak, bai eta dominazio formak ere.

Rousseauk esaten zuen gizakia libre jaiotzen dela, baina nonahi kateaturik bizi dela. Marxentzat, berriz, askatasuna ezin zen ulertu baldintza materialen auzitik kanpo; gizakia ezin da libre izan, bere biziraupena beste baten interes ekonomikoen menpe badago. Eta Hegelek askatasuna ez zuen ulertzen nahi den guztia egiteko gaitasun huts gisa, baizik eta subjektuak bere burua arrazoimenaren bidez ezagutzeko eta determinatzeko duen ahalmen gisa.

Ildo horretan kokatzen da Kant-en ideia ere: «Gizakia ez da libre arau guztiak hausten dituenean, baizik eta bere arrazoimenetik jaiotzen diren legeak hautatzen dituenean». Askatasuna ezin da ulertu kanpoko mugarik ez izate huts gisa, ezta momentuko desirak asetzeko gaitasun bezala ere. Izan ere, nahi den guztia egiteak ez du zertan askatasunik duzula esan nahi; askotan, kontrakoa da. Inklinazioek, beldurrek, ohiturek edo interes materialek gizakia baldintza dezakete kanpoko indarrek bezainbeste.

Horregatik, Kanten planteamenduan askatasuna ez da bulkaden menpe bizitzea, baizik eta subjektuak bere buruari arrazoimenaren bidez lege bat ezartzeko duen gaitasuna. Askatasuna, beraz, autonomia da: norberaren autolegislazio arrazionala. Eta hemen agertzen da askatasunaren paradoxa dirudiena: zenbat eta gehiago menperatu subjektuak bere burua arrazoimenak baliozkotzen duen lege baten bidez, orduan eta libreagoa da. Ez da kontraesana, askatasuna ez baita mugarik eza, baizik eta norberaren buruaren gaineko kontrol kontzientea.

Baina azken hamarkadetan askatasunaren kontzeptua sistematikoki debaluatu eta desitxuratu da. Ultraneoliberalismoak eta anarkokapitalismoak askatasuna merkatuaren sinonimo bihurtu dute. Javier Milei bezalako figurek askatasuna aldarrikatzen dute Estatuaren aurka, baina «askatasun» hori ez da subjektuaren autonomia morala edo politikoa: kapitalaren mugimendu askea da. Enpresa handien askatasuna, langileen gainetik. Aberastasuna metatzeko askatasuna. Esplotatzeko askatasuna. Eta batez ere pobrea pobre mantentzeko sistema, eta aberatsa aberatsagoa egiteko askatasuna.

Diskurtso horretan meritokrazia absolutu bihurtzen da, pobrea pobrea dela esanez, berak nahi duelako balitz bezala, eta arrakasta lan gogorraren ondorio hutsa balitz bezala. Baina kontakizun horrek nahita ezkutatzen ditu baldintza materialak: ez da gauza bera aberastasunetik abiatzea edo pobrezian jaiotzea; ez da gauza bera hezkuntza, egonkortasuna, kontaktuak eta baliabide ekonomikoak izatea edo biziraupenean harrapatuta bizitzea. Kapitalismoak askatasuna aukera indibidualetara murrizten du, baina ez du inoiz aztertzen nork dituen aukera horiek benetan.

Eta hor dago tranpa handia.

Kapitalismoaren baitan askatasuna ez dago eskubideen menpe, diruaren menpe baizik. Zenbat eta kapital gehiago izan, orduan eta askatasun handiagoa. Gainerakoentzat, askatasuna formala baino ez da. Zer askatasun dago etxebizitzarik ez duen pertsona batentzat? Zer askatasun dago soldata prekario batekin hilabete amaierara iristen ez den familiarentzat? Zer askatasun da osasuna, hezkuntza edo energia bezalako oinarrizko eskubideak merkatuaren esku uztea? Zer askatasun dago oporrak eduki edo ordaindu ezin dituen gehiengo batentzat, gutxiengo batek luxuzko bizimoduak normalizatzen dituen bitartean?

Kapitalismoak askatasuna kontsumitzeko gaitasunarekin nahastu du. Baina kontsumitzeko gaitasuna ez da askatasuna; erosahalmenaren araberako pribilegioa da. Eta pribilegio hori gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen da.

Horregatik, askatasunaren inguruko galdera bera tranpatia da baldintza materialen auzia baztertzen denean. Ezin da askatasun errealik existitu desberdintasun estruktural sakonen gainean eraikitako gizarte batean. Izan ere, askatasuna ez da soilik aukeratzeko gaitasuna; aukeratzeko baldintza errealak izatea da.

Eta baldintza horiek berdinak ez diren bitartean, ez da berdintasuna existituko. Baina ezta askatasuna ere.

Deja un comentario

Tendencias