Xabier Martin-en testua / BERRIA
UPNk ez du nahi Espainiako futbol federazioak baimentzea Athleticek datorren denboraldian erabiliko duen elastiko ofiziala. Euskal Herriko mapa darama elastiko horrek, eta Ibarrolak ez du nahi Nafarroa azaltzea mapa horretan. Hala adierazi dio gutun bidez RFEFko presidente Rafael Louzani, Athleticeko presidente Jon Uriarteri eta baita Nafarroako presidente Maria Txibiteri ere. Euskal Herriko mapa ikurrin batekin batera darama elastikoak, «EAEko banderarekin», Ibarrolaren esanetan.
Halaber, UPNko buruak gogoratu du Athleticek zera azaldu duela elastiko berriari buruz: Euskal Herriko lurraldeak ordezkatzen dituztela elastikoak dituen zazpi marra bertikalek; «nortasun komuna» aipatu dute, gainera, eta nortasun hori «Euskal Herriko mapan eta ikurrinean islatzen» dela; jokalariek bizkarraldean eramango dute mapa.
Ibarrolarentzat, irudi hori «ez da soilik apaingarri bat». Mapa horrek «mezu politikoa» dauka, UPNko buruaren hitzetan, «nortasun mezua», eta «erakunde mailan ika-mika» eragiten du, Nafarroa barne hartzen duen «lurraldetasun kontzeptu jakin bat» islatzen duelako. Nafarroa, haren ustez, «errealitate politiko horretatik kanpo» dago, «juridikoki, administratiboki eta politikoki».
Erasoa Nafarroarentzat
Hori horrela, mehatxu argia egin du: Espainiako futbol federazioak ez badu aintzat hartzen UPNren eskaera, auzitara joko du Athleticen elastiko berriaren aurka. Nafarroako presidente Maria Txibiteri, berriz, beste eskaera bat egin dio: «Lege mailan dagokien ekintzetan hastea, Athleticek errespeta ditzan Nafarroako errealitate politikoa, administratiboa, juridikoa eta instituzionala». Harentzat, Athleticek bere elastikoan Euskal Herriko mapa eramatea «eraso bat da Nafarroako gehiengo batentzat».




Deja un comentario