Real Madrid futbol taldeko presidente izana lehenetsi bada ere, Irungo karabineroen buruzagia izandakoak zeresan handia izan zuen 1936ko Estatu kolpearen osteko erresistentzian. 1939ko uztailaren 15ean, fusilatu eta Alacanteko hobi komun batean lurperatu zuten. Desobiratu egingo dute orain.

Peli Lekuona / NAIZ
Abuzturako aurreikusi dute Alacanteko hilerriko IX hobiaren desobiraketa. Bertan, Antonio Ortega Gutierrezen zein 1939ko maiatza eta abuztua artean exekutaturiko beste 52 lagunen gorpuzkiak daude. Aspe, Novelda eta La Romana herrietako udalek sustatu dute ekimena.
Antonio Ortegaren azken ardura Segurtasun Nazionaleko Zuzendaritza (1937) izan zen, Juan Negrin sozialista espainiar II. Errepublikako Gobernuko presidente zela. Kargu hau Real Madrid futbol taldeko presidentetzarekin bateratu zuen jaiotzez Burgosko herrixka batekoa zen Ortegak.
Frederic Porta kazetaria eta Ramon Usall historialariak ‘Sapiens’ aldizkarian argitaraturiko ikerketaren bitartez, jakina da kirol-apustuak ezabatu nahi zituela eta zezenketen aurka zegoela. «1937an, tauromakia ezabatzeko mugimendua sustatu zuen, uste zelako torero gehienak eskuindarrak zirela eta ganadutegi handiak nazionalen menpeko lurraldeetan zeudelako». Zeharka lortu zuen helburua, 1938 – 1939 urteen artean ez zen zezenketarik izan errepublikanoen menpeko lurretan.
Madril erorita, Alacanterantz jo zuen ihesean, erbestera jotzeko helburuarekin. Los Almendos, Albatera eta Santa Barbarako gazteluan izan zuten gatibu. Sumarioak dio Alacanten fusilatu zutela «matxinada laguntzea» egotzita. Senideei bidalitako azken mezuan barkamena eskatu zien ezin izan zielako azken muxua eman. «Badakit nolako estualdia izango duzuen, eta bihotz-bihotzez sentitzen dut. Denak barkatuz hiltzen naiz. Ez izan gorrotorik inorekiko eta zintzoak izan», gomendatu zien.
«Buruzagi heroikoa»
Antonio Ortega Burgosekoa zen eta Euskal Herriarekin duen lotura Irundik dator. Bertako karabineroen buruzagia zen 1936ko Estatu kolpean jazo zenean. Gakoa izan zen inprobisazioa nagusi zen lehen erresistentzia armatu hartan. Hirian zeuden karabineroak Errepublikarekiko leial mantendu ziren, eta Ortegaren erreferentzialtasunak pisu handia hartu zuen. Horren adibide dira Jose Mari Lopetegi bertsolariak ‘Euzkadi en Catalunya’ astekarian eskaini zizkion bertsoak: «Zure biziyan izandu zera / gizon fiña ta trebea / beartzuaren laguntzalea / aunditazunik gabea / aginduetan zintzua eta / zure itzaren jabea / maite izandezu azkatasuna / egizko Libertadea / beti izan zera jan biardegun / ogiya bañan obea».
Hamaika dira astekari honetatik Ortegari egiten zaizkion erreferentziak. 1937ko martxoaren 27ko aleko azalean nabarmenduriko elementuetako bat garaiko teniente koronelak eskuz idatzitako gutuna izan zen. Euzkadi Madrildik defendatzen zela aldarrikatu zuen. «Fronte bakarra. Zuen anaiak zain dituzue besoak zabalik. Lagun iezaiezue. Denok elkarrekin, faxismoa zanpatu eta Espainia zein Euzkadi bere atzaparretatik askatzera».
1936ko uztailaren 30ean, Ondarretako presondegian atxilotuak zeuden 53 matxinaturen exekuzioak eragindako krisiaren baitan, Jesus Artola Goicoechea, aurreko Gipuzkoako gobernadore zibila ordezkatu zuen. Efe albiste agentziak egindako ikerketa batek dioenez, Augusto Perez Garmendia Estatu Nagusiko komandantearekin Gasteizera joko zuen zutabea antolatu zuen, baina Eibarren atzera egin zuten, Loiolako kuarteleko militar matxinatuen azken saiakera eteteko.

Milicias Vascas Antifascistas
Jose Antonio Agirre lehendakaria hautatu eta hurrengo eguneko – 1937ko urriaren 8a – lehen Gobernu Kontseiluaren aurretik gauzatu zen tropen ikuskatzean Gipuzkoako gobernadore zibil gisa egon arren, Antonio Ortegaren patua Madrilen biltzen hasi ziren euskal miliziano abertzale eta ezkertiarren artean zegoen.
Milicias Vascas Antifascistas batailoiko buruzagia izan zen. Ezberdinen arteko batasuna berezitu zen unitate honetan. Manuel Irujo ministro jeltzalearen eraginez, Katalunian ziren euskal erbesteratuek eta Kataluniako miliziano nazionalistek Madrileko borrokaldietara jo zuten, unitatea 142. Brigada Misto, Euskal – Pirenaikoa bihurtu arte.




Deja un comentario