Floren Aoiz / GARA

Portugalen eskuin muturrak ezin Errepublikaren lehendakaritza lortu, Orbanen porrota Hungarian, Melonik jasotako zartakoa erreforma judizialetan, Trumpen arazo larriak… bukatzen ari da azken urteotako tendentzia atzerakoi-autoritarioa? Halako irakurketak egiten ari dira eta, beharbada, arrazoiak daude joera horiek −sikiera, herrialde batzuetan− ahuldu direla pentsatzeko. Ondorio sinplistetara jotzea, alta, arriskutsua izan daiteke, eta komeni da ñabardurei erreparatzea. Izan ere, gauza bat da abiadura edo intentsitatea jaistea, eta beste bat tendentzien norabideak aldatzea. Historian, fenomenoak beti konplexuak dira, ez dago linealtasun mekanikorik, beti agertzen dira mugimendu kontraesankorrak.

Bizi garen munduan, joera atzerakoi-autoritarioak egiturazkoak dira, kapitalismoak berak elikatu eta hezurmamitu dituelarik, atxikimenduak lortzeko formula gisa: itxaropenik ezin ekoitziz, haserrea hauspotu eta bideratu nahi izan du, eraldaketa askatzaileei ateak ixteko. Halaber, oso sakona da konkista sozialen kontrako erreakzioa: antifeminismoa, arrazakeriaren berpiztea, antipolitika (antidemokrazia dena, azkenean)… Lehia geopolitikoek gerla eta eraso erraldoien forma hartzen dute, bestalde, eta horrek ere aipatu tendentziak indartzen ditu. Goizegi da olatu horiek bukatutzat emateko: gauzak ez dira hain errazak!

Gelditzeak, ahultzeak, bestela esanik, bidean aurkitzen ari diren arazo horiek zer pentsatua ematen ahal digute, edonola ere. Egitasmo autoritario horien ezaugarri partekatu bat da derrigortasun historikoaren mantra. Hau da, sinetsarazi nahi digute etorkizuna idatzita dagoela eta haiek irabaziko dutela ezinbestean, hori baita garaiaren sena. Gauzak horrela, ongi dago lehia irekita dagoela erakustea. Erresistentziak aurkitzen ari dira, eta ezkerra iniziatiba lortzeko urratsak egiten ari da hainbat lurraldetan. Zailtasunak erraldoiak dira, baina bataila ez da bukatu, badago alternatiba!

Deja un comentario

Tendencias