Asier Genua Gamio / Irutxuloko Hitza
2000. urtean, Gilles Kepel politologo frantsesak Jihad liburua argitaratu zuen. Bertan, islamismo politiko modernoaren sortzeko arrazoiak eta bere garapena aztertu zituen. XX. mendean, Afrikako edota Ekialde Hurbileko zein Urruneko herrialde askotan europar inperialismoa garaitu zen, eta nazio askok independentzia lortu zuten. Horietako hainbatetan, gainera, sozialismoaren ortzi muga askatzaileak indar handia izan zuen. Dena dela, herrialde asko esperientzia sozialistetatik oso urrun egon ziren. Kepelek azaltzen du nazio independente berrietan biztanleriaren geruza zabalek ez zituztela beren interes ekonomikoak zein politikoak ordezkatuta ikusi, eta islamismoak abagune hori baliatu zuela sozialismoari kontrajarritako «utopia askatzaile» berri bat zabaltzeko, erlijioan oinarritutakoa.
Liburu hau berrirakurtzen harrapatu ninduen aurreko Ostiral Santuko prozesioaren berriak. Izan ere, hautsak harrotu ditu Donostian, 59 urteren ondoren, berriz ere prozesio hau «berreskuratu» izanak. Egiari zor, jendetza zegoen berau ikusten, izan aurretik berria zabaldu izanak sortutako jakin-minak bultzatuta, izan katolizismoaren «berpizte» baten aurrean gaudelako. Edozein kasutan, ezin diogu auziari modu isolatuan erreparatu, atzetik dauzkan joera eta interesak aztertu gabe.
Izan ere, prozesioa egin eta gero, denbora gutxi behar izan dugu horren atzean dauden elementu faxista batzuk argi ikusteko: hasteko, azken egunotan bolo-bolo ibili da sare sozialetan donostiar nazi ezagun baten argazkia, prozesioan danborra jotzen. Bestetik, Pablo Gonzalez Gasca, Revuelta talde faxistako bozeramaile madrildarra, harro agertu da bere sare sozialetan prozesioan parte hartu izanaz, eta Euskal Herriaren «konkista katoliko» moduan saldu du prozesioa bera. Ez dut ezagutzen faxista hauek erlijio katolikoarekiko daukaten atxikimendu erreala, eta ez dakit igandero mezara joaten diren ala ez. Badakit, halere, zein den prozesio honi jarri dioten helburua.
Urteak daramatzate faxistek ideia erreakzionarioak zabaltzen, horretarako identitate erlijiosoa edota nazionalismoa «besteen» (atzerritarren, pobreen, emakumeen edota militante politikoen) aurka erabiltzen. Europa zuri eta kristaua aldarrikatzen dute, etorkinen aurka egiteko; familia tradizionala babesten dute, emakumeen aurka egin eta abortua kriminalizatzeko; nazionalismo espainiarra zabaltzen dute, euskal langileriaren borondate nazionala zapaltzeko.
Krisi kapitalistak horretarako abagunea eman die: langileriaren pobretzeak eta bizi baldintzen okertzeak instituzioekiko eta horien kudeatzaileekiko desatxikimendua ekarri dute, eta erreakzionarioek abagune hori aprobetxatu nahi dute langileria ideia atzerakoi eta identitarioetan gotortzeko. Horren aurrean, alternatiba eraikitzea dagokigu. Langileriak ez ditu behar «utopia askatzaileak» salduko dizkion ke saltzailerik, ezta egoera baliatuz langileok langileon aurka jarriko gaituen erreakzionariorik ere. Krisi kapitalista honi benetako aterabidea emateko gai den bakarra kapitalismoa bera gaindituko duen langile mugimendu sozialista zabala izango da. Horretan aurrerapausoak eman ezean, etengabe atzera egiteko arriskuan gaude.




Deja un comentario