Irati Labaiean Egiguren / ARGIA aldizkaria

Ingelesezko oinarrizko maila ikasten ari denarentzat pozgarria izango da Trump hitz egiten entzutea. Ez dioenagatik, erabiltzen duen hizkeragatik baizik. Hiztegi arrunta darabil, esaldi laburrak lehenesten ditu, eta antonimoak errepasatzeko hamaika adibide jartzen ditu: ona eta txarra, irabazi eta galdu, aliatua eta etsaia… Hizkuntzan hasiberria denarentzat, itzelezko txutea. Listening and comprehension, hamarrekoa! Zoritxarrez, Trumpen ideologia partekatzen duen eta botere posizioan dagoen hainbatek ere badu ezaugarri hori dialektikan. “Aspaldi gaude argentinarrok gudu kulturalean sartuta”, esan zidan duela gutxi bertako irakasle eta ikertzailea den lagun batek. Gudu kulturala. Iltzaturik geratu zitzaidan ideia.

Kulturak askotariko aldaerak izan ditu historian. Erroa latinezko colere hitzean du, eta horren esanahia lurra lantzeari hertsiki loturik bazegoen ere, egun, kulturaz ulertzen duguna zabalagoa da. Jendarteak duen bizitzeko modua dela dio UNESCOk, eta bizitzeko modu horren ondare material eta immaterialak definitzen du. Komunitatearen ezagutzak, sinesmenak, artea, legeak, morala, ohiturak eta gaitasunak bezalako gaiak barnebiltzen ditu. Kultura gudu hitzarekin elkartzeko erresistentzia izan banuen ere, askotariko pentsamoldeko idazleek izan dute gai hori jomugan.

Euskal Herria antifaxista dela maiz aipatzen dugun arren, Aliança Catalana alderdiaren kide euskalduna sor daitekeenaren beldur naiz azken garaiotan

Argentinako lehendakari Mileik hitzaurrea eskaini zion Laje politogolo ultraeskuindarrari, azken horrek gaiaren inguruan idatzitako liburuan. Gauza bakar batean egin nuen bat berarekin: gudu kulturala amaiezina da, betiereko behaketan egotera kondenatuta gaude. Gainerako esaldietan esandakoak oinarririk gabekoak iruditu zitzaizkidan gehienetan, gezur edo egia erdiz adornaturikoak askotan, eta tonu bortitza zerabilen guztietan. Irudipena dut hainbat politikari rock izarrak bailiran dabiltzala, eta eskandaluak esponentzialki gorantz badoaz ere, horiekiko onarpena gailenduz doala. Kulturaren artisauak, artistak, eskakizun moral zorrotzagoekin ebaluatzen ditugula esango nuke. Dena dela, hitzaurreaz gain, Lajeren liburuan badago intereseko elementurik (bere ideologiarekiko antipodetan banago ere), bereziki gudu kulturalean eragina izan duten pentsamendu politiko eta ekonomikoen bilakaera azaltzerakoan, baita askotariko komunikazio bideen eragin manipulatzailea azpimarratzerakoan ere.

Hala ere, harrigarria da ontzat eman izan ditugun konbentzio sozial ugari, hutsaren hurrengoan geratzen ari direla diskurtso pozoitsu askorekin. Horren harira, bada esaten duenik errebeldia bera nagusi den sistemaren kontrako jarrera dela, eta ez duela eskuin edo ezker izaerarekin loturarik; nolabait, horren atzean egon daitekeela gizonezko batzuen feminismoarekiko arbuiatzea edota migratzaile txiroekiko higuina. Hipotesiak hipotesi, eta gurera etorrita, ozenago sentitzen ditut adierazpen atzerakoiak. Euskal Herria antifaxista dela maiz aipatzen dugun arren, Aliança Catalana alderdiaren kide euskalduna sor daitekeenaren beldur naiz azken garaiotan. Zenbat falta zaio antolatu eta azaleratzeko?

Bi proiektu argi bereizten ditu Rita Segato antropologo eta feminista argentinarrak egungo gizarte antolaketari begira: bata, gauzen kontsumoa erdigunean duen asebetetze eredua; eta bestea, elkarrekikotasuna ardatz duen hartu-emanen sarea. Lehenak gauzak sortzen ditu; bigarrenak, komunitatea. Askotariko sektoreetan lanean dihardugunok eta izate humanista dugunok kontakizun sendoa sortu eta babestu beharko dugula uste dut: hiztegi zabalagoarekin eskubide gehiago idatzita, antonimoen artean ñabardurak koloreztatuta, eta bizitzaren kontsumoari harresiak eraikita. 

Deja un comentario

Tendencias