Desobedientzia zibila zigortzeko tresna bat izan zen 18/98 makrosumarioa, eta haren gaineko antzezlan bat ondu du Tanttaka antzerki taldeak. Joxemi Zumalabe fundazioa izan zen operazioaren jomugetako bat, eta 30. urteurrena du aurten.

Iratxe Muxika Karrion / BERRIA

«Bi ongietorri egin zizkidaten Soto del Realen. Bata gureek, eta bestea arrotzek. Autoz iritsi nintzen kartzelako atarira, eta, artean handik atera gabe, Espainiako bandera erraldoi bat ikusi nuen zintzilik. Hark egin zidan lehen harrera. Hurrengo minutuan oihuak entzuten hasi nintzen leihatiletatik; euskaldun jendea zen, elkar agurtzen. Ez bainintzen bakarra, banan-banan ari ziren gu espetxeratzen, eta gu geu ari ginen elkarri ongietorria egiten. Tristea zen, eta goxoa aldi berean». Mikel Aznarren (Donostia, 1970) memoria narrazioa da, Joxemi Zumalabe fundazioko kide izateagatik bigarren aldiz atxilotu zutenekoa. Oinarri-oinarrian, bi «delitu» leporatzen zizkioten: desobedientzia zibila egitea, eta ETArekin lotura izatea.

Halaxe dio onartutako definizioak: agintzen duenaren errana betetzea da obedientzia. Eta, kontrara, legea apropos urratzean datzan ekintza da desobedientzia. Legea aldaraztea izan daiteke helburua, edo desadostasuna adieraztea, edo politika eredua aldatzeko eskatzea. Balirudike, beraz, giza eskubideak urratzen dituen lege baten kontra altxatzen den norbanakoa desobedientea dela. Eta zigorra ekarriko dio.

1998ko uztailaren 15ean, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Egin egunkariaren eta irratiaren kontrako operazio bat abiarazteko agindu zuen, eta, horren ondotik, bertze mugimendu anitzen aurka egin. Horietako batzuk 18/98 makrosumarioaren barneko piezak izan ziren: KAS, Egin, AEK, Xaki, Ekin, Joxemi Zumalabe fundazioa eta Pepe Rei. Baina bertze batzuk ere izan zituen jomuga: Jarrai-Haika-Segi, herriko tabernak, Askatasuna, Herri Batasuna, Batasuna, Euskaldunon Egunkaria, eta Udalbiltza, erraterako. Garzonek lehen operazioa abiatzeko agindu zuenetik zazpi urtera hasi zen 18/98 sumarioko epaiketa, 2005ean, eta atxilotuetako batzuek torturak jasan zituztela salatu dute gerora.

Ia bi urte eduki zituzten epaitegira joan-etorrian, eta 2007an eman zuten azken epaia: bortz auzipetu errugabetu, eta 47 lagun espetxeratu zituzten, lau urtetik 24ra bitarteko kartzela zigorrak ezarrita. Guztira 525 urteko kondena. 2009an, Espainiako Auzitegi Gorenak arindu egin zuen zigorra, eta 291 urteren kartzela zigorrak ezarri 38 lagunei; bertze bederatzi lagun absolbitu egin zituen. Makrosumario bat izan zen 18/98, eta, funtsean, tesi jakin bat baieztatzea zen haren helburua, hau da, frogatzea zenbait jarduera politiko eta sozialetan parte hartzea ETAren konplize, laguntzaile edo kide izatearen parekoa zela. Testuingurua: Dena da ETA estrategia. Zigortua: Euskal Herria ardatz zuen edozein eragile, talde edo norbanako.

«Pikaketa akats bat egon zen, ‘Piztu’ jarri beharrean ‘Pitzu’ jartzen zuen, eta Espainiako Poliziak pentsatu zuen ‘pitzatu’ hitzetik eratorria zela, eta horixe zela gure helburua: Espainiako Estatua pitzatzea»FERNANDO OLALDEJoxemi Zumalabe fundazioko kidea

Gaur egun etxean dira garai hartan kartzelatutako denak, baina, kontuan hartuta orduko bizipenek gaurko egoera baldintzatzen dutela, memoria lan bat ondu du Tanttaka antzerki taldeak: Desobedienteak 18/98. Fernando Bernues da antzezlanaren zuzendaria, eta «arduratuta» zegoelako etorri zitzaion ideia burura: «Iruditzen zait geroz eta gehiago kriminalizatzen ari direla protesta, eta era kolektiboan erantzuteko gaitasuna geroz eta apalagoa dela, oro har. Alegia, geroz eta borondate edo gaitasun txikiagoa daukagula bidegabeak iruditzen zaizkigun kontuei erantzuteko».

Hausnarketa ariketa bat proposatu du Tanttakak, zenbait galdera egin: «Zer izan garen, eta nola heldu garen honaino. Zergatik gauden gauden moduan, eta zergatik izan den hain garrantzitsua desobedientzia zibila Euskal Herriaren historian». Hori zen abiaburua, eta hurrengo lana, kontatzeko modu bat topatzea: narrazioa gidatuko zuen hari bat bilatzea. «Bururatu zitzaigun doktoretza tesia aurkezten ari zen neska baten ahotik kontatzea historia», esplikatu du Bernuesek. Hiru zatitan banatu zuten tesia —eta antzerkia bera—: ikuspegi akademikoa, desobedientzia zibilarekin lotutako nazioarteko gertaera historikoak, eta Joxemi Zumalabe fundazioa. «Zergatik Joxemi Zumalabe? Ba, pieza bat aukeratu behar genuelako, denak kontatzea ezinezkoa zelako, eta hurbileko sentitzen genuelako. Gainera, ikuspegi bat baino gehiago sartzen ziren hor, eta gertakari asko zeuden kontatzeko». Patua zer den: fundazioak aurtengo apirilean beteko ditu 30 urte.

Erantzuteko moduak

Horrenbertzez, obrak bi helburu nagusi ditu: «Memoria lana egitea, eta demostratzea oraindik ere bagarela erantzuteko gai. Desobedientzia zibilaren erakusleiho bat sortu nahi genuen, narrazio bat ontzeko eta zera esateko: ‘Begira, euskal herritarrek hau eta bestea bizi izan zuten, eta horrela erantzun zioten egoerari’».

1996an herri mugimendu anitz zeuden aktibo Euskal Herrian. «Dinamika ugari zeuden arren, bakoitza bere aldetik ibiltzen zen askotan», oroitu du Aznarrek, eta «dispertsio horri aurre egiteko» sortu zuten Joxemi Zumalabe fundazioa, urte hartako apirilean. Herri mugimenduetako kideek elkar ezagutzea zuten helburu, eta, horretarako, elkarlana bultzatzen eta formakuntza saioak lantzen hasi ziren. Fernando Olalde (Donostia, 1955) eta Karlos Trenor (Madril, 1944) ere hasieratik izan ziren fundazioko kide, eta biek kontatu dute beren jardunak «oso harrera ona» izan zuela. «Zumalabe fundazioan geundenetako asko beste herri mugimendu batzuetatik gentozen, eta ezagutzen genuen elkar. Ez zen zaila izan gainerako taldeekin harremana egitea», esplikatu du Olaldek. Bortz lagunekin eratu zuten patronatua, eta luze gabe bi langile sartzea lortu.

«Iruditzen zait ondo identifikatu genuela zer behar genuen eta nola erantzun horri», erran du Trenorrek. Zenbait «diruagatik» hurbildu zitzaizkiela oroitu du, baina berehala esplikatu zietela zer zen Joxemi Zumalabe fundazioa: «Esan genien ezetz, kontua ez zela hori. Baina gehienek hasieratik ulertu zuten egoera, eta asko animatu ziren elkarlan horretan parte hartzera».

«Atarira iritsi ginenean, polizia batek borra atera zuen, baina esan nien lasai egoteko, neronek irekiko nuela atea, giltzarekin»MIKEL AZNAR Joxemi Zumalabe fundazioko kidea

Pausoz pauso egiten zuten lan. Fite hilabetekaria argitaratzen hasi ziren lehenik, herri mugimenduen deialdiak zabaltzeko kazeta, eta Herri Mugimenduen Topaketak antolatu zituzten gero. «Foro sozial oso eraginkorra» izan zen topaketena, Trenorren irudiko. «Eta gero tematu ginen gida bat egiten, Euskal Herriko herri mugimendu guztien datuak eta fitxak bilduta. Sarea osatu nahi genuen».

Taldeak proiektura batu ahala, eztabaida eta formakuntza saioak antolatzen hasi ziren, eta saio horietako batean atera zen gerora ehunka aldiz aditu behar izan duten bi hitz parea: desobedientzia zibila. Fundazioko kideek erran dutenez, denek ez zuten ikuspuntu bera, eta ez zen«erraza» izan gai hura landu eta hartan sakontzea. «Borroka armatuaren garaian geunden, eta batzuk oso alde bazeuden ere, beste batzuentzat potoloegia zen gaia», erran du Trenorrek.

Gehiago edo gutxiago, baina landu zuten auzia, eta desobedientziari buruzko dokumentu bat oinarri hartuta: Piztu. Orri gutxi izanen zituen, baina Garzonek nahikoa izan zuen dokumentu hura Joxemi Zumalabe fundazioa ETArekin lotzeko. «Begira zer surrealista zen egoera», hasi da Olalde: «Pikaketa akats bat egon zen, Piztu jarri beharrean Pitzu jartzen zuen, eta Espainiako Poliziak pentsatu zuen pitzatu hitzetik eratorria zela, eta horixe zela gure helburua: Espainiako Estatua pitzatzea». Zentzugabea izanagatik, aurkitu zuten fundazioko kideak atxilotzeko adina arrazoi. «Espero zenuten?», galdegin diote elkarri. «Inondik ere ez», erran du Olaldek. Diruaren gibeletik zebilen Espainiako Polizia; jakin nahi zuen ETAk nondik lortzen zuen dirua, eta deliberatu zuen fundazioak pasatzen ziola diruaren zati bat erakundeari.

Miaketa bat, eta Madrilera

1998ko urriaren 5a. Goizaldea. Irakurtzen ari zen Olalde, etxean, eta ate joka aditu zuen norbait. «Etxe osoa miatzera etorri ziren, eskularru eta guzti, eta gauzarik absurdoenak ere eraman zituzten. Paperetan egindako zirriborroak, aldizkari zaharrak… Galdetu nien zer zeukaten nire kontra, eta esan zidaten fundazioko kide nintzelako ari zirela etxea hankaz gora jartzen».

Egun eta ordu berean, kalean zen Aznar: «Taberna batean nengoen lagun batzuekin, eta bila etorri zitzaizkidan. Atxilotu, eta etxera joan gintezen agindu zidaten. Atarira iritsi ginenean, polizia batek borra atera zuen, baina esan nien lasai egoteko, neronek irekiko nuela atea, giltzarekin. Gainera, esan nien bi lagun zeudela barruan, eta galdetu ea nik esnatu nitzakeen, eta abisua nik eman. Kasu egin zidaten».

Bakoitzaren etxea miatu ondotik, fundazioaren egoitzaraino eraman zituzten atxilo, eta han elkartu ziren denak. Gordeta zeuden dokumentuak berrikusten hasi ziren poliziak, baina orri gehiegi ziren, eta Madrilera joan zitezen agindu zieten atxilotuei. «Gure piezan, zorionez, ez zen torturarik egon, baina beste pieza batzuetan bai», erran du Trenorrek.

Eta hortik Madrilera, beraz. Zain egotea egokitu zitzaien, harik eta Garzon epailearen aitzinera eraman zituzten arte. Atxilotuei «aurpegira begiratu ere egin gabe» hartu zuen hark erabakia: batzuk barrenera, eta bertzeak libre. Hiruren artean, Olalde izan zen etxera bueltatu zen bakarra; Aznar eta Trenor zortzi-bederatzi hilabetez izan ziren kartzelan.

«Borroka armatuaren garaian geunden, eta batzuk oso alde bazeuden ere, beste batzuentzat potoloegia zen desobedientziaren gaia»KARLOS TRENOR Joxemi Zumalabe fundazioko kidea

Batzuk aske utzi zituzten, beraz, baina ez fundazioa bera: blokeatu egin zituzten kontu korronteak, eta «asko» kosta zitzaien jardunean jarraitzea, Olaldek oroitu duenez. «Erantzun bat prestatu behar genuen, baina nahiko lan geneukan sustoari buelta ematen». Fundazioak martxa hartu zuenerako, kanpoan ziren atxilotuak, eta lanera itzuli ziren denak.

Bortz urte eman zituzten noraezean, ongi jakin gabe zehazki zer gertatua zitzaion fundazioari —eta, hortaz, eurei—. 2005ean hasi zen auzia, eta astero-astero joan behar izaten zuten Madrilera, epaiketara. Astelehen goizean ateratzen ziren Euskal Herritik, eta astearen araberakoa izaten zen hango egonaldia. «Askotan gertatu izan zaigu hara joatea, eta auskalo zer okerrengatik astelehenean bertan buelta egin behar izatea etxera. Baina normalena zen astelehenean joatea eta asteazken arratsaldean bueltatzea». 2007ko martxo erdialdera arte egon behar izan zuten horrela; hirurogei bat lagun joan-etorrian.

Urte horren bukaeran plazaratu zuten azken epaia, eta, aitzineko aldian bezala, Aznar eta Trenor espetxeratu egin zituzten orduan ere. «Fundazioa kondenatu egin zuten, eta orduan galdu nuen esperantza lehen aldiz», aitortu du Olaldek. Aznarrek urtebete egin zuen kartzelan, 2009ko epaian absolbitu egin baitzuten, baina Trenor barrenean gelditu zen. «Nik bi pieza neuzkan, Zumalabe fundazioarena eta Egin-ena».

30 urte bete dira Joxemi Zumalabe fundazioa ofizialki sortu zutenetik, eta, Aznar, Olalde eta Trenor tartean ez izanda ere, fundazioa martxan da oraindik. Euskal Herrian desobedientzia zibila desagerrarazteko ahaleginak eta bi egin ditu Espainiako Gobernuak, baina argi daukate hirurek: «Ez da halakorik gertatu». Orduan eragindako beldurrek, ordea, «erabat» baldintzatu dute gaur egungo erantzuteko modua, eta «beste modu batera» egiten da orain herriaren alde. «Baina gazteak entzuten dira kalean, antolatzen dira, erantzuten dute, eta hori nahikoa da niretzat. Ez dugu besterik behar», erantsi du Aznarrek. «Oraindik egiten da desobedientzia, eta horrek eusten dio Euskal Herriari indarrean. Aurrera egin nahi badugu, jarduera metagarriak eta biderkatzaileak plantzeatzea funtsezkoa da, baita desobedinetziari dagokionean ere».

Deja un comentario

Tendencias