ARGIA

1969ko apirilaren 6an, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi Euzko Gaztedi-ko (EGI) kideak hil ziren, Ultzaman lehergailuak prestatzen ari zirela, Ostiz eta Gerendiain lotzen zituen errepidearen ondoan.

Iturri batzuen arabera, Artajo eta Asurmendik Guardia Zibilaren sortzaileak Iruñean zuen monumentuaren aurkako atentatua egin nahi zuten. Beste iturri batzuen arabera, beste lagun batzuekin batera, Zumaiako monumentu frankistaren eta Valladolideko Libertad egunkariaren kontrako atentatu bana egin nahi duten.

Euzko Alderdi Jeltzalea-ren (EAJ-PNV) gazte erakundeko bi gazte nafarrak ikur frankisten aurkako ekintzak egiten zituen komando bateko kideak ziren eta aurretik, adibidez, beren taldeak El Correo Español-El Pueblo Vasco-k antolatzen zuen Espainiako Itzulia geldiarazi zuen 1968an, Urbasako zubi txiki bat dinamitaturik. Aberri Eguna zen, eta frankismoari boikota egiteko etxean geratzeko kontsigna zabaldu zuen EAJ-PNVk.

Istripuaren harira, “matxinada militarra” egotzita bost lagun atxilotu eta zigortu zituzten, eta beste lau erbesteratu behar izan ziren Ipar Euskal Herrian. Artajo eta Asurmendi omentzeko traba eta debeku ugari jarri ditu Nafarroako Espainiako gobernuaren delegazioak hainbat urtez.

1977ko otsailera arte, EAJk ez zuen aitortu Artajo eta Asurmendiren militantzia Euskadi alderdiko aldizkarian. 

EAJ ez da inoiz gehiago saiatu Espainiako Estatuaren aurka indarra erabiltzen.

Iturria: 

Emilio Lopez Adan. Borroka armatua Euskadin 1967-2011) (Maiatz).

Deja un comentario

Tendencias