VOXen barne krisia geroaz eta gehiago sakontzen doa eta alderdi ultraeskuindarreko hainbat koadro eta buruzagiek publikoki elkarri egindako akusazioez gain, epaitegiek alderdiko bizkaitar militante bati egindako akusazioa atera da argitara. El Correo hedabide eskuindarraren arabera, alderdian afiliatua dagoen 58 urteko Daniel Alvarez bilbotarra auzipetu dute, Kantabriako Parlamentuan bere zenbait kide legez kanpo espiatzeagatik. Antza «boligrafo-espia» baten bitartez zelatatu zituen Alvarez-ek VOXeko bi diputatu eta beste bi soldatapeko.
VOXeko militantea da Alvarez, eta Vocentoko egunkariaren esanetan, hainbatetan aurkeztu da alderdiaren zerrendetan, bai Espainiako Senaturako bai Laredo-ko (Kantabria) alkatetzarako. Dirudienez Laredo-ko udal-politikan eman zituen bere lehen urratsak politika instituzionalean, 2023ko udal-hauteskundeetan alkategai izan arte baina 250 bozka baino ez zituen eskuratu. Ala ere, Senaturako bozetan ere hautagai gisa aukeratu zuen VOXek, eta alderdi ultraeskuindarraren erreferente bilakatu zen kantabriar kostaldeko herri honetan. Horrez gain, Kantabriako Parlamentuan aholkulari gisa jarduteko fitxatu zuen VOXeko Leticia Diaz bozeramaileak.
Alvarezek bertan jarraitu zuen bere ibilbidearekin, Cristobal Palacio eta Armando Blanco eskuin muturreko diputatuekin gatazka hau piztu arte. VOXen Kantabriako zuzendaritzak kargugabetu egin zuen Laredo-n, baina Leticia Diaz-ek bere alboan mantendu du gatazka hau publiko egin arte
Alvarez-ek armen erabilera defendatu zuen Europako Parlamentuaren aurrean
Firearms United lobbyaren sortzaileetako bat da Alvarez, armen aldeko 30 bat elkarte batzen dituen erakundea. Espainiako Armaren Erakundeko zuzendaritzan ere aritu omen da.
Alderdi neofaxistan parte izan aurretik, Europar Parlamentuarengana modu tematian jo zuen armen erabilera defendatzeko. Zehazki, Bruselan errifle erdiautomatikoak, gaueko bisoreak, kalibre handiko kargagailuak eta bestelako arma batzuk debekatzeko saiakera gelditu zuela esan izan du harrokeriaz.
Bilboko Jesuitetan eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen ikasketak Alvarez-ek eta hainbat enpresatan aritu da VOXen hasi aurretik.





Deja un comentario