Xalba Ramirez-en testua / Irutxuloko Hitza

Larunbatean zendu zen Ixak Carrasco Donostialdeko militante autonomo ezaguna, auto istripuz. Zaragozan sortu zen arren, Donostiara etorri zen ikastera gaztetan, eta, ordutik, Donostiako eta inguruko hamaika mugimendu eta kolektiboetan aritu da bere ekarpena egiten. Azken urteetan Andoainen bizi zen, eta bertako Palestinaren aldeko mugimenduan zebilen buru-belarri. 37 urte zituen ezbeharra gertatutakoan. 

Igandean, hain zuzen, Txantxarreka gaztetxean bildu ziren bere inguruko hamaika kide, Carrascori azken agurra emateko, eta bere borroka ekarpenak gogoan hartzeko. Ondokoak nabarmendu dituzte, besteak beste: M15 mugimendua, punk giroa, Itsasgain, Fires, Aullido, Okupazio bulegoa, Andoaingo BDZ, Kinkan autonomoen sarea eta Birunda, besteak beste. 

Ondoko mezua bidali dute Carrascoren lagunek hedabide honetara: 

Ixak Carrasco Carvajal larunbatean hil zitzaigun, auto istripu latz batean. Ejea de los Caballerosen jaioa, Jumpers goxokien antzera, Ixakek gurean pasa ditu urte asko, eta ez zaigu berehala ahaztuko inguruotan utzi duen guztia. Ikastera etorri zen Ixak Donostiara. Azkar murgildu zen Donostia eta inguruko erresistentzietan: M15 mugimenduan, punk giroan eta Expañolekin, Itsasgain zein Firesen eta Belartzan, Aullidon, Okupazio bulegoan, Andoaingo BDZ eta Kinkan, Birundan, faxismoaren aurka eta hamaika autonomada ederretan.

Euskaran murgildu zen, beregan ohikoa zen konbentzimendu, konpromiso eta alaitasunarekin egin ere. Gure bizitzetan murgildu zitzaigun laguna, herriz herri ehunka jaietan hamaika edalontziko bilduma egiten, egunerokoa partekatzen eta behar izan genuenetan salbatzen. Saltseroa eta maitasun emalea zen, xelebrea, alaia eta borrokalaria. Bizipozez, sarkasmoz, brillantinaz eta seriotasunez ekiten zion bizitzari.

Ixak, igandean gutako asko elkartu gintuzun; gogoratu zintugun, negar egin genuen, kantatu eta tontakeriak esan ere. Zugandik maite genituen 50 gauzatik gora jaso genituen: ikaragarria da zenbat eman zenigun, eta oraindik emateko zenuen guztia ere. Hutsune latz hori bete ezin badugu ere, irribarrez, borroketan, elkar babesten eta ahal dugun libreen izaten jarraituko dugu, horretan askoren eredu zinelako. Eskerrik asko guztiagatik, maite zaitugu.

Deja un comentario

Tendencias