Gaur duela 89 urte, 1937ko martxoaren 31n, frankistek hamasei preso politiko tiroz hil ziutzten Azazetako mendatean. Frankistek Araban eragindako sarraskirik handiena izan zen.

Hala Bedi Irratia

Gaur duela 89 urte, 1937ko martxoaren 31n, frankistek hamasei preso politiko tiroz hil zituzten Azazetako mendatean. Martxoaren 31ko gauean, falangistez, erreketez eta guardia zibilez osatutako eskuadroi batek, Gasteizko Bake kaleko espetxetik hamasei preso atera zituen eta Azazetako mendatera igo zituzten kamioi batzuetan. Binaka lotuta basora eraman zituzten eta fusilatu zituzten, gero euren gorpuak hobi komunetan lurperatuz.

Biharamunean, presoak aske utzi zituztela jakinarazi zieten senideei, eta ez zieten bestelako azalpenik eman. Fusilatuei konfesio hartu zien apaizak kontatu zien gertatutakoa senideei. Bi urte beranduago, hiru fusilatuen gorpuak berreskuratu ziren; beste hamahiru biktimak 1978ko udara arte egon ziren Azazetako mendateko hobi komunetan.

Biktimak militante errepublikanoak, abertzaleak, sozialistak eta anarkistak izan ziren, tartean Teodoro González de Zarate, Gasteizko azkenengo alkate errepublikanoa eta José Luis Abaitua Pérez, Araba Buru Batzarreko burukidea. Bruno Ruiz de Apodaka frankistak agindu zuen hamasei militanteen fusilamendua. Frankistek Araban eragindako sarraskirik handiena izan zen.

Hamasei fusilatuen izenak:

  • Teodoro González de Zarate: Izquierda Republicana alderdikoa, Gasteizko alkatea 1931-1936 artean.
  • Francisco Díaz de Arkaia: Gasteizko zinegotzi sozialista.
  • José Luis Abaitua Pérez: erlojugilea, eta PNV-EAJko Araba Buru Batzarreko kidea.
  • Víctor Alejandre: Gaubeakoa, Partido Republicano Radical Socialista alderdikoa.
  • Eduardo Covo González: Gasteizko telegrafista.
  • Jaime Conca Amorós: Gasteizko oliba-biltzailea.
  • José Domingo Elorza San Vicent: Gasteizko margolaria, PSOEko kidea.
  • Constantino González Santamaría: Gasteizko bizargina.
  • Francisco Garrido Sáez de Ugarte: Apilaizko ajustadorea, CNTko kidea.
  • Prisco Hermua Arrizola: Gasteizko jornalaria, CNTko kidea.
  • Antonio García Bengoetxea: Gasteizko mekanikaria, UGTko kidea.
  • Jesús Estrada Ábalos: Gasteizko mekanikaria, EPK-PCEko kidea.
  • Daniel García de Albéniz Azazeta: Maeztuko nekazaria, CNTko kidea.
  • Manuel José Collel Aguilá: Gasteizko ferrobiarioa, Unión Republicana alderdikoa.
  • Manuel Hernández Ibañez de Garaio: Gasteizko ferrobiarioa.
  • Casimiro Cerrajería Zarranz: Gasteizko piroteknikoa, UGTko kidea.

Deja un comentario

Tendencias