Sabin Ibazeta Lertxundia (Gernika Batzordea) / GARA-NAIZ

Jaurlaritzak “Guernica” aldi baterako lekualdatzea eskatu dio Madrili. Nora eta Bilbora. Geurea dena maileguan eskatzeak duintasun gutxi erakusten du, Bengoetxea andrea. Jaurlaritzak erreserban duen komodina atera du berriro ere maukatik. Betiko lez gizarte eragileen egitekoak eta esatekoak aintzat hartu gabe. Horrela indartzen al dira demokrazia eta elkarbizitza, Bengoetxea andrea? Asko eta asko ezezkoan gaude, baina Jaurlaritzak era honetako “transakzioak” baliatzen ditu «Estatuaren kolaborazioa indartzeko». Ez dugu onartzen «Euskal Herriarentzat duintasun eta erreparazio keinu» aldi batekorik, ez eta «Euskal Herriarentzat esanahi historiko, sinboliko eta emozional sakona» duen artelana, “Guernica” margolana, bederatzi hilabeterako eskatzea ere. Haurdunaldia dirudi. Erditzerik balego, zer ote? Eta, gero? 

“Guernica” Bilbora ekartzeak ez du «memoria historikoa indartzen eta demokraziaren, askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko mezu argia zabaltzen» lagunduko. Are gutxiago, Solomon Guggenheimen sukurtsalera bada. Lagunduko du bonbardaketaren egia aitortzeak; artxibo militarrak zabaltzeak; erantzukizunak onartzeak; erreparazioak. 

“Guernica Gernikara” aspaldiko aldarria dugu. Horren aldeko ekimenak askotarikoak izan dira azken 50 urteetan. Guk ez dugu inoiz motor ekonomiko gisa kontsideratu; bai, ordea, motor espiritual eta kultural gisa. 

Jaurlaritzak, enegarrenez, fokura ekarri duen berriak interes espurioak ditu. Beste gauza batzuk ezkutatzeko (Osakidetza, etxebizitza, gutxieneko soldata, Ertzaintza…) baliatzen du hain sentsiblea den gaia. Interesa benetakoa balitz, Gernikan aspalditik eraikia beharko luke “Guernica” hartzeko leku batek. Leku hutsa absentzia baten presentzia nabarmenagoa egiteko; leku isila, bere garrasiaren durundiaz betea, entzun nahi duenak aditu dezan. 

“Guernica”-ri azken bidaia falta zaio dagokion tokian betiko geratzeko. “Guernica” Gernikara.

Deja un comentario

Tendencias