Inperialismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurka hartu beharreko bideei buruz kolektiboki hausnartzeko topagune izanen dute milaka herritarrek Porto Alegre (Brasil) martxoaren 26tik 29ra. Indarra hartuz doan faxismoaren parean, erresistentzia antifaxista nazioartean antolatzeko helburua du topaketak. Euskal ordezkaritza bat ere bertan da.

Jenofa Berhokoirigoin eta Xabier Letona Biteri / ARGIA aldizkaria

Nazioarteko Kongresu Antifaxista deitu topaketaren lehen edizioa Porto Alegren (Brasil) egin izanaren pisu sinbolikoa azpimarratu dute antolatzaileek: mundializazio neoliberalaren kontrako lehen Nazioarteko Foro Soziala han burutu zuten 2001ean. «Duela 25 urte altermundialistak eta aldaketaren alde zebiltzan aurkariak ziren iniziatibaren oinarrian. Ezkerreko gobernuak biderkatzen ari ziren, ez bakarrik Latinoamerikan, baita Europan eta Asian ere. Gaur egun, eskuin muturreko indar neofaxisten erasoaldi orokor baten aurrean gaude, baita ekintza inperialisten aurrean ere», adierazi du aurkezpen ekitaldian Éric Toussaint ekonomialari aktibistak. Eraso horiei aurre egiteko nazioarteko antolaketaren beharra ikusten dute antolatzaileek, zehazkiago, alderdi politikoak, mugimendu sozialak eta sare internazionalistak bilduko lituzkeen mugimendu bat. Sare hori gorpuztea da ostegunetik igandera eginen duten topaketaren helburua.

Ekimena iazko azaroaren amaieran abiatu zen, Faxismoaren Aurkako eta Herrien Burujabetzaren aldeko Nazioarteko Batzordeak bilkura egiteko manifestua zabaldu zuenean mundura. Harrez gero, munduko ezkerreko erakunde eta pertsona ugarik bat egin dute deialdiarekin eta Porto Alegren izango dira egunotan.

“Eskuin muturrak duen bultzadari aurre egiteko munduko ezkerreko indarrak biltzea” da gailurraren helburu nagusia. Antolatzaileak jakitun dira faxismoaren aurkako mugimenduan dagoen aniztasunaz, baina horren gainetik, faxismoari aurre egingo dion fronte zabala antolatu nahi dute mundu mailan. Langile klasearen defentsa, nekazariak, migratzaileak, emakumeak, LGTB+ mundua, arrazializatuak, gutxiengo zapalduak eta herri indigenak, natura… horiek guztiak faxismotik defendatzeko eta inperialismoaren aurka borrokatzeko prest diren guztiak bildu nahi ditu aipatu fronteak.

Erresistentzia antifaxista

Roberto Robaina kubatarrak zera adierazi du aurkezpen ekitaldian: «Aurrekaririk ez daukan egoera ikaragarri batean gaude. Izan ere, martxoan gaude eta Trumpen gobernuak bahitutako presidente bat eta hildako presidente bat izan ditugu jada munduan. Beraz, ez da edonolakoa, jauzi kualitatiboa da. Izan ere, Trumpen bigarren agintaldi hartatik, AEBek nazioarteko zuzenbidea erabat mespretxatzeko logika hartu dute».

Guztiaz hausnartzeko, hamaika konferentzia eta 150 bat ekintza autogestionatu finkatuta dituzte egitarauan, baita manifestazio bat ere. Azken egunean hitzarmen bat onartuko dute batzar bidez, etorkizuneko borroka antiinperialista eta antifaxistaren norabideak finkatzeko xedez.

Eskuin muturra antolatuta dago

Aspaldi ari da indartzen eskuin muturra mundu osoan, baina Donald Trump AEBetako lehendakaritzara iritsi zenetik mugimendua bereziki indartu da. Europako hainbat estatutan iritsi dira boterera eta beste ugaritan heldu daitezke. Israel, Argentina, Txile edota El Salvadorreko Nayib Bukeleren gobernu autoritarioa dira beste adibideetako batzuk.

2020ko hasieratik Ekintza Politiko Kontserbadorerako Konferentzia (CPAC, ingelesezko sigletan) finkatu da munduko eskuin muturraren hitzordu nagusi moduan. AEBetako eskuin muturrak antolatzen du eta Donald Trump eta bere inguruko buruzagiez gain, han izaten dira AfD, Vox, Rassemblemnet National, Fidesz, Fratelli d’Italia, Chega, edo Vlaams Belang, besteak beste.

Madrilen izaten da beste bilgune handi horietako bat, Madrilgo Foroa, Voxek antolatua eta Europako eta Latinoamerikako buruzagi ugari biltzen dituena. Denetan, ezkerra, feminismoa, ekologia edo giza eskubideen aurkako diskurtsoak lehen lerroan daude.

Euskal Herria ere Porto Alegren

Ondorengo asteetan asko izan dira manifestuarekin bat egin duten erakunde eta pertsonak, horien artean, MSTko sortzaile Joao Pedro Stedile, Frei Betto idazle brasildarra, Frantzia Intsumisoko buru Jean-Luc Mélenchon, Eric Toussaint (CADTM), Ada Colau Batzelonako alkate ohia, Annie Ernaux Literatura Nobel saria; Jeremy Corbyn Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buruzagi ohia, Janus Varoufakis Greziako ministro ohia edo Olivier Besancenot Frantziako buruzagi ezkertiarra.

Euskal Herritik bertan izango dira Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABetik, Irati Jimenez, Oskar Matute eta Igor Zulaika EH Bildutik, Mitxel Lakuntza eta Amaia Muñoa ELAtik, Josu Chueca EHUko irakasle ohia, edo Anabel Sanz Del Pozo eta Luisa Menendez aktibista feministak. Espainiako Estatutik, halaber, BNG, CUP, Sumar eta Podemoseko hainbat buruzagi ere bertan izango dira.

Porto Alegre ezaguna da herri mugimenduarekin izan duen harremanagatik, besteak beste 2001, 2002 eta 2003an Munduko Foro Sozialaren egoitza izan zen; Lurrik Gabekoen Mugimendu ospetsua ere (MST) bertan jaio zen.

Deja un comentario

Tendencias