Iratxe Muxika Karrion / BERRIA

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Memoria Historiko eta Demokratikoari Buruzko 9/2023 Legea aintzat hartuta, eskaera bat egiteko batu dira Euskal Herriko 24 erakunde memorialista: Martuteneko espetxea memoria gune izenda dezatela eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari, bi erakunde horiek eta Espainiako Gobernuak espetxea eraisteko proiektua martxan jarri duten honetan. Azken aurreikuspenen arabera, 2027an hasiko dira hura botatzen, eta babespeko 400 etxe inguru eraikiko dituzte kartzela izandako tokian.

1948an ireki zuten presondegia, eta, memorialisten irudiko, errepresio frankistaren «adierazle nabarmena» izan da, «bereziki salbuespen egoeretan». Izan ere, Martutene tortura ugariren lekuko izan dela adierazi dute, eta egia historikoa errespetatzea «ezinbestekoa» dela.

Dena den, ez dute espetxearen izendapena soilik eskatu; zerrenda bat egin dute Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerekin. Lehenik eta behin, bi erakundeei erran diete espetxea eraistean haren elementu adierazgarriren bat gorde dezatela, «sarrera, garita edo halakoren bat». Eta azaldu dute zein den horren helburua: «Etorkizun hurbilean, sortutako mina eta egia historikoa ahalik eta gehien errespetatuz, eremu horretan aurreikusitako hirigintza garapenaren esparruan txerta dadila».

Bertzalde, udalari eskatu diote «azterlan xehatu bat» egin dezala Martuteneko kartzelan 78 urteotan «giza eskubideei egindako urraketa larrien» gainean. Eta, horrekin batera, torturatuei eta espetxeratuei buruzko datuak eskatu dituzte. «Torturen biktima horietako asko aitortuta daude EAEn motibazio politikoko indarkeriazko egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa emateko uztailaren 28ko 12/2016 Legearen arabera».

Eskera egin duten 24 sustatzaileetatik hamabortz Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kideak dira, eta gainerako bederatziak modu indibidualean batu dira egitasmora. Horien artean da, erraterako, GEBehatokia, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia.

Deja un comentario

Tendencias