Leixuri Urrutia Pujana, Administrazio Zuzenbidean doktorea eta Berkeleyko Unibertsitateko ikerlaria / BERRIA
Badira, gatazka politikoetan, arma erretoriko bihurtzen diren hitzak. Kontuz ibili behar da esaten denarekin, baina baita esaten ez denarekin ere; esan nahi denarekin, eta, batez ere, esandakoarekin estali nahi denarekin.
Joan den astean, apartheidari buruzko nazioarteko hitzarmenaren negoziazioetan ari diren bi abokaturekin bazkaltzeko aukera izan nuen. Haien lana: genero terminoa, arrazarekin batera, apartheidaren definizio juridikoan txertatzea, emakumeek Iranen edo Afganistanen jasaten dituzten zapalkuntza sistematikoko egoerak auzitegietara eraman ahal izateko. Urteetako lana, hitz bakar batean kontzentratua.
Handik gutxira, ohartu nintzen termino bera nire herrian ere erabiltzen ari zela. Apartheid soziala, CCOOri Korrikan parte hartzea kontraesankorra dela esan zitzaionean.
Apartheida ez da edozein diskriminazio. Ez da edozein bazterketa. Sistema instituzionalizatua da, denboran iraunkorra, eta talde baten subordinazioa antolatzen du. Botere —jarraitutasun— eta intentzionalitate-osagaiak ezinbestekoak ditu. Ez da unean uneko erabakia, ezta gatazka politiko zehatza ere. Baina AEK ez da estatu bat. Korrika ez da erakunde publiko bat.
Hitzak horrela erabiltzeak kontzeptua hustu egiten du. Baina zer lortzen da horrekin?
Estrategia ez da berria. Botere-posizioetan egon diren taldeek sarri baliatzen dituzte biktimizazio-diskurtsoak, eztabaidaren markoa aldatzeko. Not all men gisako diskurtsoetatik hasi, eta kritika politikoak desaktibatzeko antisemitismo-akusazioen erabilera hedatzeraino: helburuak ez du zertan izan errealitatea aldatzea, baizik eta nola izendatzen dugun errealitate hori.
Baina badakigu zertan ari garen apartheida definitzen dugunean: gobernuek emakumeei hezkuntza sistematikoki ukatzea, edo gizonezko baten baimenik gabe kalera ateratzea debekatzea. Edo Zisjordanian, pertsona batzuek kontrol militarretatik igaro behar izatea, identifikazioa erakutsiz, eta beste batzuk, aldiz, askatasunez mugitzea. Horiek dira egiturazko zapalkuntza-sistemak.
Eta gurean, apartheid soziala?
AEK-k, koherentzia eskuan, azaldu du hizkuntza-eskakizunen aurkako auzibideetan aritu den sindikatu batek zaila duela hizkuntza gutxitu bat sustatzeko sortu zen mugimendu batean parte hartzea.
Baina, hitzak arma erretorikotzat erabiltzean, fokua aldatu egiten da, eta, horrekin batera, eskala ere bai. Testuingurua lausotu egiten da, eta, horrekin batera, lausotu egiten dira azken urteotako joerak: hizkuntz eskakizunen aurkako oposizio sistematikoa, hizkuntza politikaren judizializazio gero eta handiagoa, eta euskararen normalizazioaren aurkako presio etengabea. Hala, auzia puntual eta kudeagarriago bihurtzen da, dena sinplifikatzen delarik: egiturazkoa eta koiunturazkoa maila berean jartzen dira eta biktimizazio kontakizun bat eraikitzen da. Horiek guztiak ez dira gertakari isolatuak: dinamika beraren parte dira.
Horregatik, hitzekin lan egiten dugunon ardura da hitzok bere lekuan jartzea eta fokua galdera deserosoetara birbideratzea: nor ari da, praktikan, hizkuntza eskubideak ahultzen dituen egitura hori elikatzen?




Deja un comentario