GEDAR Langile kazeta
Joan den asteburuan bete dira 42 urte, Pasaian (Gipuzkoa), Espainiako Estatuko polizia-indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militante erail zituztenetik. 1984ko martxoaren 22an, poliziek tiroz hil zituzten Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Dalas Txapas. 113 balaz josi zituzten bi azpeitiarrak eta bi iruindarrak. Rosa Jimeno eta Joseba Merino atxilo hartu zituzten segadan, eta tortura latzak salatu zituzten.
Aurten ere, eraildako militanteak oroitzeko ekitaldiak izan dira Euskal Herrian. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Azpeitian (Gipuzkoa) egin die ohiko omenaldia, Esklabak Zentro Sozialistan, bertan baitauka segadan hildako kideen omenezko oroigarri bat jarrita. «Memoria ariketa hutsetik harago, ekitaldi hau egin nahi izan dugu langile-borrokaren gaurkotasuna aldarrikatzeko», zioten Kontseilu Sozialistako kideek: «Uste dugu lau militante erailei egin ahal diegun ekarpenik handiena, gainera datorkigun gerrak eta faxismoak ezaugarrituriko garaian, kapitalismoaren aurka borrokan jarraitzea dela, zapaldurik eta zapaltzailerik egongo ez den etorkizun bat aldarrikatzen, gero eta jende gehiagok berriro helburu hori lorgarria dela uler dezan, eta ez Pasaiako Badian hil ziren gazteen amets hutsa».
Egiari Zor Fundazioak ere Azpeitian bertan omendu zituen eraildako gazteak: «egia osoa eta justizia» aldarrikatu zituen igandean egindako ekitaldian. Horren aurretik, martxoaren 14rako, mahai-inguru bat antolatu zuen herrian. Solasaldian gogorarazi zutenez, Eusko Jaurlaritzak ez zituen sarraskian hildako militanteak biktima gisa aitortu 2025era arte, segada izan eta 41 urte igaro arte. Senideek iaz jaso zuten aurreneko aitortza ofiziala, Eusko Legebiltzarraren 12/2016 legeak sortutako Balorazio Batzordeari lotuta. Batzorde horren txostenak jasotzen zuen «lau pertsonak bizitza galdu zutela Poliziak nahita aurretiaz planifikatutako ekintza baten ondorioz, eta bizitza kentze hori nahita egindakoa izan zela», mahai-inguruan oroitarazi zuten modura.
Behin-behinean, 2017an itxi zuten gertakarien inguruko ikerketa judiziala, baina berriz ireki zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren eskuetan. Horren harira, esaterako, sarraskian egon ziren poliziak identifikatzeko auzi-saio bat izan zen 2023an, baina kasuak ez du biderik egin epaitegietan lau hamarkadatan; gaur-gaurkoz, ez dute erantzulerik seinalatu. 2004an deklaratu zuen polizia batek onartu zuen 100 bat agentek parte hartu zutela segadan.




Deja un comentario