GEDAR Langile kazeta
Gogora Memoria Institutuak, PSE-EEren gidaritzapean, berriki eskatu du Espainiako Falangea zigortzeko, iazko urriaren 12an Gasteizen egindako kontzentrazio faxistagatik. Horretarako, EAEn indarrean dagoen 2023ko Memoria Historikoko Legeari heldu dio institutuak, baina hainbat hedabidek aurreratu dutenez, isun bat baino ez legoke jokoan: 2.000 eta 10.000 euro arteko zigor-proposamen bat jar dezakete mahai gainean, gehienez. Urriaren 12an, ikur faxistak kaleratu zituzten falangistek Gasteizko Probintzia Plazan eta armaturik irten ziren kalera, hainbat pertsonaren aurka oldartuz eta istiluak sortuz. Gogoraren asmoen berri izan ostean, helegite bat aurkezteko aukera dauka orain Falangeak.
Honakoa da Gasteizen egindako erakustaldi faxistaren harira falangisten aurka irekitako eginbide bakarra. Bada prozesu judizial bat zabalik Arabako Probintzia Auzitegian, urriaren 12ko gertakariak direla-eta, baina ez dago falangista bat bera ere ikerketapean: kontrara, faxistak «biktima» gisa ari dira parte hartzen ikerketa judizialean, eta faxismoaren aurka mobilizatu ziren pertsonak baino ez da ikertzen ari epailea. Egun horretan atxilotutako eta gerora izendatutako dozenaka antifaxista daude jopuntuan.
Zein delitu posible ari dira ikertzen epaitegietan?
Prozesu judizialak daukan oinarri nagusietako bat Ertzaintzaren atestatua da. Horiek horrela, epaitegian ikertzen ari direna da ea antifaxistek ondoko delitu posibleak egin ote zituzten urriaren 12an, desberdintasunekin kasuan kasu: «desordena publikoak» eragitea, «agintaritzen» aurkako «atentatua» edo eraso bat egitea, «liskar iskanbilatsu» batean parte hartzea, poliziei «lesioak» eragitea, zein «kalteak» sortzea.
Zein zigor ekar ditzake horrek?
«Desordena publiko» arruntengatik hiru urtera arteko kartzela-zigorrak eska daitezke, eta bost urterainokoak hainbat larrigarri frogatzen badira; alegia, «arma arriskutsuei» edo «antolaketari» lotutakoak adibidez. EUSPEL «sindikatu» polizialeko abokatuak komunikabideetan esan du lau urte eta erdiko espetxe-zigorrak eskatuko dituela delitu horregatik. Ertzaintzaren atestatuan metalezko makil batzuk aipatzen dira, baina atxilotutako antifaxistei ez zieten bat bera ere aurkitu miaketetan.
Bestalde, «agintaritzen» kontrako «atentatuak» baldin badira tartean, lau urterainoko kartzela-zigorrak eska daitezke; eta urtebetekoak, berriz, «liskar iskanbilatsuengatik».
Ertzaintzako hainbat agente ere prozesu judizialaren parte dira, baina biktima modura haiek ere; akusazio partikular gisa aurkeztu dira. Egun horretan, mobilizazio antifaxistaren aurka kargatu zuten ertzainek, eta dozenaka pertsona zauritu zituzten kalean, foam balekin hainbat kasutan. Haietako bati, esaterako, mandibula hautsi zioten. Bera da ikerketapean dagoen antifaxistetako bat, eta aurreko astean deklaratu zuen. Atestatu polizialean eta Eusko Jaurlaritzaren kontakizunean gertakariei «buelta ematen» zaiela salatu zuen.




Deja un comentario