Testua: GEDAR Langile kazeta

Atzo izan zen udal-hauteskundeen bigarren itzulia Ipar Euskal Herrian. Martxoaren 15ean izandako lehen itzulian zehaztu ziren auzapez gehienak, baina zenbait hiri handitan atzo zegoen jokoan agintea, Baionan kasu. Eta ez da sorpresarik izan Lapurdiko hiriburuan: karguari eutsiko dio Jean Rene Etxegarayk, zentro-eskuineko zerrendaburuak. Jean-Claude Iriart ezkerreko abertzaleak eta Henri Etcheto sozialistak bigarren itzulirako egindako aliantzak ez du lortu Etxegarai garaitzea, eta botoen ia %57 lortuta, hirugarren agintaldiari ekingo dio.

Eskuin muturrak ere lortu zuen Baionan zerrenda osatzea eta aurkeztea, Pascal Lesselier buru zuela, eta botoen %8,2 eskuratu ditu. Horiek horrela, pauso historiko bat emango du eta ordezkaritza izango du herriko kontseiluan, bi eserlekurekin. Euskal Hirigune Elkargoan ere aldaketak ekarriko ditu gorakada horrek, aurreneko aldiz egongo baita eskuin muturreko ordezkari bat.

Baionan gertatutakoak laburbil lezake, nolabait, beste zenbait hiritan gertatutakoa: gora egin dute ezkerreko abertzaleek eta eserleku gehiago erdietsi dituzte, baina oposizioan geratuko dira kasu gehientsuenetan; eta eskuinak ere gora egin du.

Urruña, Miarritze, Kanbo eta Hendaia: zentro-eskuina garaile

Baionan ez bezala, aldaketak izango dira hainbat udalerritan, baina zentro-eskuineko sektore desberdinen alde. Urruñan, Filipe Aramendik (EH Bai) ez du auzapeza izaten jarraituko, zentro-eskuineko Sebastien Etxebarnek irabazi baitio (%48,4 eskuratu du lehenak eta %37,6 bigarrenak). Miarritzen, berriz, Errepublikanoetako Maider Arostegiri (%32) kargua kendu dio Serge Blanco errugbilari ohi eta enpresaburuak (%42), eta bera izango da auzapeza. EAJrekin zuen aliantza egina Arostegik. Ezkerreko abertzaleen zerrendak, Ana Ezkurra buruan zela, 400 boto gutxiago bildu ditu itzuli honetan (%25). Kanbon EAJko Peio Etxeleku nagusitu da, botoen %46,5ekin, eta kargua utzi beharko du zentro-eskuineko Christian Devezek (%33,7).

Hendaian, berriz, auzapez postuari helduko dio Kotte Ezenarrok. Zerrenda «independentearen» parte da Ezenarro sozialista ohia, baina aliantza esanguratsu bat egin zuen oraingo bozetarako: zentro-eskuineko zerrendaburu Pascal Destruhaurekin batu zituen indarrak. Akordioak ez dio esperotakoa bezain bultzada handia eman, baina botoen %44,3 lortu ditu eta alkatetzan jarraituko du. Ezker abertzalearen zerrenda izan da bigarren bozkatuena, Laetitia Navarron auzapez izateko hautagai zela.

Maulen eta Bokalen, ezkerra nagusi

Maulen ere agintean segituko du orain arteko auzapezak, Louis Labadot komunistak. Atzetik izan du Beñat Elkegaray ezkerreko abertzalea, eta beraz, ezkerra gailendu da Zuberoako hiriburuan. Bokalen, berriz, ezker abertzalea nagusitu da, bozen %37 baino gehiago lortu baititu Mathieu Hornek, zentro-eskuineko Francis Gonzalez postutik kenduz.

Deja un comentario

Tendencias