Hirutxuloko Hitza
Egiako Sortuk salatu duenez, joan den ostegunean, martxoaren 19an, Ertzaintaren hiru patruilek Egiako Arrano elkartean sartu ziren, eta bortizkeria erabiliz, hainbat gazte kanporatu eta horietako bi identifikatu zituzten. Oharrean salatu dutenez, Independentzia leloa zuen margoketa bat izan zen “aitzakia”.
Salaketaren arabera, “Ertzainen 2-3 patruila ziztu bizian” sartu ziren Iruresoro plaza kalexkan. Bertan, Ernaik Korrika kulturalaren baitan antolatutako bertso afarira gerturatutako gazte zegoen eta gazteak, ertzainak ikusita, Arrano elkarte barrura sartu ziren. Beti ere Egiako Sorturen arabera, Ertzainak haien atzetik sartu ziren, indarrez eta “bultzaka”.
Orduan, ertzainek “arbitrarioki aukeratutako gazte batzuk seinalatu eta kalera ateratzeko agindu zieten”. Gazteek egoera horren aurrean “desadostasuna” adierazi zietenean, ertzainek “era desatseginean eta modu bortitzean” tratatu zituzten: “Burukadak ematen, potroetatik eta besoetatik gogor helduz, gaizki hitz eginez…”. Azkenean, bi gazte identifikatu zituzten.
Egiako ezker abertzaleak salatu du “Independentzia leloko pintadek erantzun errepresiboa eragiten dutela, bestelako grafitiek ordea, ez”. Honela, gazteriaren kontrako “hamaikagarren jazarpen” kasua dela salatu du eta “eredu polizial hau arazoa” dela deitoratu.




Deja un comentario