Nagore Irazustabarrena Uranga / ARGIA aldizkaria

Estoril (Portugal), 1956ko martxoaren 29a. Alfonso Borboikoa, gerora Espainiko errege izango zen Juan Carlosen anaia txikia, tiro batek jota hil zen, 14 urte zituela, anaia nagusiaren aurrean.

Gertatutakoaren berri ematen lehena Espainiako gobernu frankista izan zen, komunikatu labur baten bidez: “Alfonso infantea anaiarekin batera errebolberra garbitzen ari zela, armak tiro egin zuen, kopetan jo zion, eta minutu gutxitan hil zen. Istripua 20:30ean gertatu zen, infantea Ostegun Santuko mezetatik itzuli berri eta komunio santua hartu ondoren”.

Frankistek garbi utzi nahi izan zuten infantea zerurako bidea zuzen-zuzenean hartzeko moduan hil zela, baina gertatutakoa deskribatzen ez ziren hain garbiak izan: istripua izan zela eta 22ko kalibreko errebolberrak berak bakarrik tiro egin zuela besterik ez zuten esan.

Polizia-ikerketarako asmorik ez zuten agertu ez Portugalgo agintariek ezta espainiarrek ere. Autopsiarik ere ez zioten egin. Baina badaezpada, bide hori berehala itxi omen zuen mutikoen aita Juan Borboikoak, errebolberra itsasora botata.

Gaur egun ez dago zalantzarik Juan Carlos izan zela tiro egin zuena. Corinna zu Sayn-Wittgenstein maitaleari aitortu zion hori, eta Corinnak 2020an publiko egin zuen, beste “sekretu” batzuekin batera

Baina zurrumurruak berehala hasi ziren zabaltzen: ez zirela arma garbitzen ari, jolasean ari zirela, anaia nagusiak egin zuela tiro… Juan Carlosek anaia nahita hil zuela uste zuten batzuk, tronurako bidea errazteko asmoz. Iritzi horren  kontra esan behar da, Juan Carlos zela anaia nagusia, eta beraz, oinordeko teorikoa. Gainera, praktikan errege familia erbestean zegoen eta, beraz, une horretan ez zegoen tronurik; Francok 1969an izendatuko zuen Juan Carlos printze eta oinordeko. Hala ere, Juan Carlosek badaezpada etorkizuneko konpetentzia posiblea paretik kentzea erabaki zueneko susmoa ez zen itzali. Eta susmo hori izaten lehena Juan aita bera izan zen: gerora zabaldu zenez, anaia nahita hil ez zuela zin egiteko eskatu zion seme nagusiari. 

Gaur egun ez dago zalantzarik Juan Carlos izan zela tiro egin zuena. Corinna zu Sayn-Wittgenstein maitaleari aitortu zion hori, eta Corinnak 2020an publiko egin zuen, beste “sekretu” batzuekin batera. Orduan, Juan Carlosek bere azken memoria liburuan aitortza egitea beste erremediorik ez zitzaion geratu. Gainera, istripuaren bertsioa indartu zuen, errebolberra kargatua zegoela ez zekiela idatzi baitzuen.

2023an Netflixek Il principe (Printzea) dokumentala egin zuen, eta gaiari buruzko “informazio” berria erantsi zuen. Lekuko bat aurkitu edo asmatu zuten: Vittorio Emanuele Saboiako printzea, Italiako azken erregearen semea. Printzea gela hartan omen zegoen bi anaiekin batera eta, haren arabera, Juan Carlos armairu batean barruan zegoen tiro egin zuenean. Horrek istripuaren bertsioa indartu eta Juan Carlosek egindakoa are gehiago zuritu zuen. Esan beharra dago dokumentala Beatrice Borromeo Casiraghik zuzendu zuela, hau da, Europako beste errege familia bateko kideak.

Beraz, Juan Carlosek anaia tiroz hil eta 70 urte geroago, gertatutakoaren kontakizun objektiborik ezin da egin. Horren ordez, inolako fidagarritasunik ez duten iturriek jasotako bertsio zuritzaileak biltzea beste aukerarik ez dago. 

Deja un comentario

Tendencias