Hogei urtean zientoka taberna (bar-tabac) itxi dituzte Frantziako estatuan. Ostatuok desagertzen direnean zartatzen da gizarte-ehundura, landa-guneetako herri txikietan eta hiri handietako auzune batzuetan ageriago geratu da hori. herritarrek sentitzen dute politikariek abandonatu egin dituztela, ahaztu dituela Parisek, zer esanik ez zerbitzu publikoak ere murriztu bazaizkie. tabernak desagertzen direnean herritarrak are gehiago bakartu eta gotortzen dira, eta polarizazioa handitzen da, diskurtso sinplistak ugaritu. Testuinguru horretan, Batasun Nazionalaren (RN) mezu gordinak erakargarriagoak zaizkie boto-emaileei, ikerketa batek erakutsi duenez. Aldiz, Frantziako Tourrak zeharkatzen dituen herrietan, eskuin muturrak boto gutxiago jasotzen du.

Jon Torner Zabala / ARGIA aldizkaria

Tabernak ixteak, eta azkenaldian asko ari dira ixten, lotura du Batasun Nazionala (RN) bezalakoen igoerarekin, erakutsi duenez Frantziako CEPREMAP behatokiak otsailean plazaratutako azterketak: Quand les bars-tabacs ferment: l’erosion du lien social local et la progression du vote d’extrême droite en France (“Tabernak ixten direnean: tokiko gizarte-sarearen erosioa eta eskuin muturreko bozkaren igoera Frantzian”).

Egiaz, ez genekien oso ongi bar-tabac nola euskaratu, “tabakoa saltzen den taberna” litzateke literalki. Herri-kulturan errotuak dauden tabernak dira, tradizionalki auzoko jendea biltzen da bertan. “Taberna” izendatu ditugu, “ostatu” ere bai zenbaitetan, gurean, herri txiki askotan bar-tabac delakoen funtzioa betetzen duten neurrian, ez direnez taberna hutsak, sozializatzeko lekuak baizik, non dominoan edo kartetan edo loterian joka daitekeen, egunkariak irakurri, tabakoa eta goxokiak eta abar erosi.

2002tik 2022ra bitartean 18.000 bar-tabac itxi dituzte Frantziako Estatuan. “Tabernak desagertzen direnean, auzokideen arteko harremanak eteten dira –batez ere bestelako alternatibarik ez den tokietan, landaguneetan, herri txikietan edota hiri handietako auzo batzuetan–, eta norbanakoek aterpea bilatzen dute zirkulu intimo eta homogeneoagoetan», dio azterlanak: «Sozializazioa etxeetara edo lagun arteetara lekualdatzen da, eta polarizazioa eta diskurtso sinplistak hauspotzen ditu horrek”. Eztabaidarako espazioak desagertzean, norbanakoari filtro gutxiagorekin helduko zaizkio komunikabide edo sare sozialetako mezuak eta, orduan, “Batasun Nazionalaren erretorika irabazle aterako da ia beti”.

Zuricheko Unibertsitateko zientzia politikoetako irakasle Hugo Subtil da ikerketaren buruetako bat. “Establezimenduok ixtean, gizarte-egiturak aldatzen dira”, dio. Badira, noski, eskuin muturraren gorakadarekin lotutako faktore gehiago, langabeziaren igoera edota migrazio-politiken gaineko pertzepzio okerra, adibidez. Are, botoak eskuinerantz egingo du zerbitzu publikoak (posta, anbulategiak, garraiobideak) murrizten direnean. “Horrek guztiak eragindako frustrazioa eta inkomunikazioa RN-k kapitalizatzen ditu. Aipatuko ditu lurraldearen gainbehera, landagunea sufritzen ari den marginazioa, desindustrializatutako zonaldeen abandonua… Eta, ‘Frantzia ahaztuaren’ erretorika hori erakargarria da boto-emaileentzat. Gainerako alderdiek lengoaia teknikoagoa erabiltzen duten bitartean, osagai sinboliko eta emotiboak gehiago zukutzen ditu Bilgune Nazionalak”.

Bizitzaren antzokiak

Subtilek eta haren kideek errepasatu dituzte bateko eta besteko alderdi politikoek ostatuen itxieraz parlamentuan egindako milaka hitzaldi eta eztabaida, eta konturatu dira eskuin muturrak ez duela araudi edota zergen inguruan hainbeste hitz egiten. Aitzitik, hautesleentzat erakargarriagoa den diskurtsoa baliatzen dute. Esaterako, bar-tabac delakoak kultur ondare immaterial izendatzeko ere eskatu diote UNESCOri, “tabernak direlako eguneroko bizitzaren antzoki, non, egunez egun, gizarte-sarearen hari ikusezinak josten diren. Gure landaguneetan izan ohi dira isolamenduaren kontrako azken gotorlekuak”. Ordu txikietako poetak ez lituzke hobe deskribatuko.

Kuriosoa da, azterlanaren arabera tabernak ixtea ona da eskuinarentzat –eztabaidarako espazioak desagertzen direlako–, baina txarra dela esaten du –edonork ulertuko duen lengoaia erabilita–, eta lortzen du probetxu are handiagoa ateratzea. Datuek erakutsi dute: landaguneetako herritarren %51k uste du abandonatuak direla, agintean daudenentzat ez direla garrantzitsuak. Eta Batasun Nazionala ederki ari da baliatzen hori.

Gizarte ehundurak behar du etengabeko mantenua

1960an 200.000 taberna eta kafetegi zeuden Frantziako Estatuan, eta 2023an 40.000 baino gutxiago. Gainera, murriztu dira posta eta osasun zerbitzuak, tren geltokiak desagertu, ogasun bulegorik jada ez dago zonalde batzuetan… “Aldaketa horiek ez dira politikoki neutralak”, diote ikerkalariek. Eta gehitu: “Landaguneetan, tabernak ixtearen ondorioak are gordinagoak dira, kasu askotan horiek direlako interakziorako espazio bakarrak”. Herritar guztiek ez dute (izan) ostatuetan biltzeko ohiturarik –esaterako, Zuricheko Unibertsitatearen azterlanak badu pasarte labur bat generoaren auziaz–, “baina itxierak komunitate osoari eragiten dio, lekuko antolamendu soziala aldatzen duelako”, irakur daiteke azterlanean.

Ikerlarien hitzetan, ultraeskuinari aurre egin nahi dioten hautetsiek merezi duen garrantzia eman beharko liokete gizarte-kohesioari; harremanak sendotzeko  bideak erraztu behar dituzte

Eskuin muturreranzko boto kopurua ez da tabernak itxi bezain pronto igotzen, eragina ez da berehalakoa. Ondorioak bizkorrago sumatzen dira fabrika batek ixten duenean, adibidez. Itxi, okindegiak ere ixten dira, baina gehienok justuko denbora ematen dugu barruan, kaixo, ogi bat, zenbat da, geroarte. “Okindegiak edota supermerkatuak edota anbulategiak ixteak zailtasun praktikoak dakartza, eta islatzen dute lurralde-abandonu sentipena; tabernak desagertzeak, aldiz, sozializaziorako espazioak galtzea dakar, zeinak ordezkaezinak diren bezero askorentzat”, diote Subtilek eta haren lankideek.

Ikerlarien hitzetan, ultraeskuinari aurre egin nahi dioten hautetsiek merezi duen garrantzia eman beharko liokete gizarte-kohesioari. “Azpiegiturak (errepideak, sare digitalak…) edota abantaila fiskalak (desgrabazioak…) aintzat hartu behar dituzte, baina kontziente izan behar dute, lurralde-ongizateaz hitz egiten dugunean, sozializaziorako bideak ere erraztu behar dituztela, aurrez-aurreko harremanak sustatu, lekuan lekuko gizarte edota kultur eragileak babestu. Eta, horiek, etengabeko mantenua behar dute, errepideen gisara”.

“Dimentsio sinbolikoa”, “Frantzia ahaztua” edo “abandonua” bezalako ideiak behin eta berriro aipatzen dira azterlanean. Horien bueltan, bada arreta deitu digun pasarte labur bat, kirolarekin loturikoa, zeinak dioen: Frantziako Tourra igarotzen denean herri baten erditik edo handik oso gertu, eskuin muturrari gehiago kostatzen zaio jendea limurtzea, herritarrek sentitzen dutelako kasu egiten zaiela, oraindik ere existitzen direla.

Tourra, Frantzia batuaren ikur

Zuricheko Unibertsitatea da, hain justu, Milangoarekin batera, ziklismoaz mintzo den ikerlanaren egilea ere. Izenburutzat du: Cycling through Elections: The political consequences of the Tour de France (“Txirrindularitza hauteskundeetan barrena: Frantziako Tourraren ondorio politikoak”, 2025). Hogei urtetako datuak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute tropelak zeharkatzen dituen zonaldeetan eskuin muturrari emandako babesak batez-beste 0,05 puntu egin duela behera ostean heldu diren hauteskundeetan. Eragina handiagoa izan da azken urteetan, esaterako, 2022an 0,15 puntu jaitsi zen. Eta hori gertatzen da, batetik, hiru astez hedabideak Frantziara begira jartzen dituen lasterketak (La grande boucle) duen karga sinbolikoagatik. Ibilbide ertzeko herrien irudiak telebista-kate ugaritan agertzen dira, zer esanik ez udal agintariek etapa baten amaieragatik 100.000 euro inguru ordaindu badute, esatariek bertako altxor historiko eta naturalak goraipatzen dituzte, eta sare sozialetan hamaika post plazaratzen dira leku horietako gastronomia aberatsaz edota bizikletan egin daitezkeen ibilbide ederrez. Turistek amua irenstea da helburu nagusietakoa.

Frantziako Tourra da txirrindularitza denboraldiko lasterketarik garrantzitsuena. Hiru astez, tropelak zeharkatzen ditu ehunka herri. Gehientsuenetan di-da pasatzen dira moto zein helikopteroetako telebista kamerak, baina irudiok ikusten dituzte milaka lagunek, eta herritarrek sentitzen dute «Frantzia biziaren» parte direla. Eta, harrotasun sentimendu horrek, eragina du bozetan. / CHARLY LOPEZ – ASO

Hainbat egunez –ospakizunak hasi ohi baitira karrera pasa aurretik–, herritarrek sentitzen dute “Frantzia biziaren” parte direla eta, gainera, faktore ekonomikoa dago: enplegu-tasak apenas aldatzen diren, baina lekuko jarduera ekonomikoa “surpertu” egiten da, azterlanak dioenez. Agian, “suspertu”-ren esanahia argitu egin beharko litzateke, kirol ekitaldi handiak legitimatzeko baliatzen diren hitzek –»lurraldearen irudiarentzat oso positiboa izango da», «inpaktu ekonomiko handia izango du» eta horiek guztiek– luzerako ematen dutelako. Bereziki osagai sinbolikoez ari gara, ordea, eta bide horretatik jarraituko dugu, jakitun izanik alde sinbolikoa, emotiboa, ekonomikoa, etengabe uztartzen direla mundu zoragarri honetan.

Harrotasuna eta aitorpena

Festarako motibo izateaz gain, herrialde osoa zeharkatzen duen lasterketaren parte izatea harro egoteko modukoa da herritarrentzat. Frantziako Tourra batasun nazionalaren irudi potenteenetakoa da, eta ondorio politikoak dauzka, batez ere, tabernen kasuan bezala, “abandonu sentipena handiagoa den landagune pobreetan edo ekonomikoki marginatuetan”, eskuinak babes handiagoa duen lekuetan, hain justu. Maëlle Delouis-Jost soziologoa da ikerketaren egileetako bat. Bere ustez gakoa “emozionala” da: “Frantziako Tourrak ikusgarritasuna eta aitorpena dakar periferiako eskualdeetara. Inportanteak sentitzen dira, eta komunitate nazionaleko parte direla”. Azkenaldian ez da sarri gertatzen, baina subidoia handiagoa izan ohi da frantziar txirrindulari batek etapa irabazten duenean.

Ziklistak igaro aurretik konpontzen dituzte errepideak, etxeak margotu, kultur ekitaldiak antolatu… herriak “biziberritzen” ditu Tourrak. Egia da, norbanakoen bizimoduan ez du eragin izugarri handia, eta lasterketaren aitzakian egindako esku-hartzeek ezin dituzte, inola ere, epe luzerako politika estrukturalak ordezkatu (enplegua, osasuna, hezkuntza), baina abandonu sentipena murrizten lagun dezakete. Baita ultraeskuinari botoak lapurtzen ere. Bar-tabac delakoak ixtean eragina epe luzera nabaritzen bada, Frantziako Tourraren kasuan bat-batekoagoa da, datuek erakusten dutenez.

Herriak, sozializaziorako espazioak, aldatzen ari dira. Egunkari batean irakurri berri dugu: “Gimnasioak dira taberna berriak”. Hiruzpalau irudi dauzka  erreportajeak, haietako batean dozena erdi lagun ageri dira, bizikleta estatikoetan jo eta su. Atentzioa eman digu, uztartzen dituelako bizikletak eta tabernak. Amuari kosk egin diogu, eta erabaki dugu gimnasioei buruz idaztea hurrengo artikulua.

Bien bitartean, inork galdetzen badizue zertan ari zareten tabernan Frantziako Tourreko edo Itzulia Basque Country-ko etapa bat ikusten, badakizue zer erantzun: «Ultraeskuinaren aurka borrokatzen ari gara». 

Deja un comentario

Tendencias