Intza Artetxe Oronoz / ARGIA aldizkaria

Asteartean aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak, arrazakeria eta xenofobiaren aurkako zerbitzuak aztertutako datuak. Ijitoen Idazkaritza fundazioak kudeatzen duen eta Etxebizitza Sailaren mende dagoen elkarteak 265 kasu arrazista eta xenofobo artatu zituen 2025ean. 2024an baino bi gutxiago badira ere, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken aholkulariak, eta hirugarren lehendakariordeak adierazi du “tamalez, Nafarroan oraindik tasa garrantzitsu bat izaten jarraitzen» dutela. Horietaz gain, 592 kontsulta eta 2.997 interbentzio erregistratu zituzten. Interbentzioetatik 1.887 Iruñean izan ziren eta 1.090 Tuteran.

Argitaratutako datuetan, Eva Gurría Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken zuzendari nagusiak adierazi du kasuen %43-a kolektibo bati egin zitzaiola eta gainerakoak norbanakoei, Navarra.eus-ek jaso duenez. Gainera, 30 gorroto delitu erregistratu dituzte, 2024an jasotako kasuen hirukoitza. Kasu horien artean agente diskriminatzaile nagusiak ondorengoak izan direla jaso da: kasuen %35 administrazio publikoan, %28 enpresa pribatuan, %20 pertsonek eragindakoak eta %15 funtzionario publikoak izan dira. Gainera, erasoak nagusiki ondorengo espazioetan geratu dira: %25a sare sozialetan, %21a zerbitzu publikorako sarbidean, %11 osasungintzan eta %11 polizien aldetik. 

Elkarteak 2023an ekin zion lanari, Nafarroako komunitateko dibertsitate etniko eta kulturala ardatz hartuta. Helburu nagusia arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka bultzatzea, eta pertsona migratzaileen eskubideak bermatzea dute. Alfarok, adierazi du zerbitzuak egindako lanak ahalbidetu duela gorroto delituen sententziak Fiskaltzara bideratzea. Protokoloa abiarazi dute kasuei erantzun eta “kontzientziazioa” lortzeko.

Horren arira, Alfarok Balterrako Udalaren jarrera salatu du. 2025ean «kutsu arrazista, xenofobo eta supremazista» izategatik atzera bota zituzten laguntza batzuk berriro ere ezartzen saiatu da udal gobernua. Horren aurrean Alfarok adierazi du laguntzen aurkako bide judiziala hartuko dutela. 

Deja un comentario

Tendencias