Itxaro Borda / BERRIA
Hauteskundeek badute erritual sakratu itxura bat hemen gaindi: bozka-igande arratsetan, irratiek, telebistek eta egunkariek minutuz minutu segitzen dute emaitzen hostokatze-prozesua. Komentarioak beroan egiten dituzte alderdietako buruak gonbidatuz eta bakarretan eztabaidak sortuz. Herritar batzuk, halaber, zuzenka joaten dira udaletxeetara une garrantzitsu hori beraien begiz jarraitzeko.
Baina gutxiengo batek baizik ez dauka horretan interesik. Aldi honetan ere hiru bozkatzaileetatik bat baizik ez da bozka bulegoetara hurbildu, demokraziak halako asperdura edo akidura zerbait eragiten balie bezala. Bozkatzera joan beharrak, antza, igandea izorratzen dio gehiengoari. Diskurtso mengel eta aitzakia xaloekin, eskuin muturreko politikarien esku utziko al dugu demokraziaren altxor hau?
Beste elementua, hauteskunde hauen ondotik, eskuin mutur horren gorakada orokorra dela uste dut, bereziki gure eskualdean: Baionan, demagun, bada jendetzaren %10a, xenofoboa, misoginoa, homofoboa eta neurri ekologikoak jasan ez ditzakeena. Beldurra ematen du!




Deja un comentario