Sistema biozida, kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonial honek bere burua berresten du bere tentakulu ugariak berrantolatuz. Gaur bere bertsiorik okerrenean agertzen zaigu: gero eta bortitzagoa eta desorekatuagoa, makillajerik eta bitartekaritzarik gabe. Merkantilizazioa, pribatizazioa eta oinarrizko eskubideen ezabatzea makinaria honen sintoma batzuk dira; gorroto erreakzionarioaren naturalizazioari esker, makinaria hori zabaltzen eta barneratzen ari da —batzuetan modu sotilagoan, beste batzuetan agerian— ia toki guztietan.

Kapital globala berez faxista da, ideologia horrekin legitimatzen du bere jarduna. Horrela, mehatxu edo arrisku gisa eraikitzen duen bestekotasuna jazartzen eta estigmatizatzen du, interesatzen zaiolako herri-gorputz-lurralde jakin batzuk ustiatuz eta arpilatuz irabaziak lortzea. Krisi kapitalistak bere irabaziak arriskuan jartzen dituenean, izaera faxista hori are gogorrago agertzen da.

Euskal Herria, gure herri txikia, ez da olagarro honen tentakuluez libratzen. Ikusten ari gara gero eta langile gehiago pobretzen ari direla. Kasu askotan, lana izateak ez du bermatzen oinarrizko bizi-beharrak estaltzeko adinako ahalmen ekonomikorik. Faxismoak proposatzen duena langile prekarioenen arteko enfrentamendua eta zatiketa da. Ezegonkortasun ekonomikoa eta neke emozionala elkar elikatzen dira. Patronalak ziurgabetasunarekin eta beldurrarekin jokatzen du, eta langileak xantaia bidez estutzen ditu, beren baldintzak hobetzeko negoziazio oro ia erabat blokeatuta dituen  lan -harreman eredu batek gero eta lotuago daudenak.

Baina olagarroen tentakuluen aurrean, borrokak eta erresistentziak ere loratzen dira. Bizikostua lurralde honetan handiagoa delako eta, halaber, burujabetza kontu batengatik, Euskal Herriko sindikatuek —LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde—, gizarte-erakunde eta hirugarren sektoreko dozenaka entitateren babesarekin, greba orokorra deitu dugu gutxieneko soldata hemen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eta 1.500 eurotan ezartzeko. Greba hau ez da ekintza isolatua. Euskal Herrian milaka langile borrokan eta greban daude soldatak hobetzeko, bereziki 1.500 eurotik beherako sektoreetan —feminizatuak, prekarizatuak eta arrazializatuak—. Greba orokor honek indarrak biderkatu nahi ditu soldata duinen eta aberastasunaren banaketa bidezkoaren alde 

Gainera, patronalek zein gobernuek atea itxi nahi dioten prozesu baten emaitza da. Patronalak negoziazio-mahaian esertzea errefuxatu du; Nafarroan, Parlamentuko Mahaiak ez du Herri Ekimen Legegilea tramitera onartu; eta EAE-n, EAJk eta PSEk bizkarra eman diote 140.000 pertsonak babestutako HEL bati. Beste behin ere ikus dezakegu gobernuen eta patronalaren arteko aliantza. Baina berriz diogu: aldarrikapen hau posiblea da eta justizia sozialekoa; eta atea ixten tematzen badira, langile-klasearen indarra eta kemena izango dira horma horiek eroraraziko dituztenak.

Gutxieneko soldataren hobekuntza klase-elkartasun kontua da, eta pobretzeak eta prekarizazioak bereziki kolpatutako langile-sektoreen aitortza ere bada: emakumeak*, migratzaileak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak bereziki. Hori da faxismo oldarkorrak proposatzen duenaren aurkako horizontea; eta greba orokorra hau da bide praktikoa. Guk klase-elkartasunaren eta aberastasunaren banaketaren alde egiten dugu, gutxi batzuen aberastearen aurrean.

Ez gara ematen digutena onartzera mugatzen. Izan zirelako gara: langile borrokaren historia eta bidea dugu gure oinetan, patronalari aurre egiteko ez ezik, eragin politikoa izateko, bestelako bizi- baldintzak irudikatzeko, eta haien bidean aurrera egiteko gaitasun handiarekin. 

Martxoaren 3ko sarraskien 50. urteurrenean, komeni da gogoratzea: dena aldatzeko gaude.Asko dago jokoan. Datorren martxoaren 17an lan-zentroak geldituko ditugu eta Euskal Herriko kaleak beteko ditugu. Gutxieneko soldata duin baten alde eta aberastasunaren banaketa justuaren alde. Nahikoa da esplotazio eta espekulazioaz. Greba orokorra eta kontrabotereko eta eraldaketarako ekintza sindikala. Sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialista, patronalaren faxismoaren aurkako antidoto gisa

Deja un comentario

Tendencias