Ibarrak akusatu moduan deklaratu du, baina baita Ertzaintzak botatako foam jaurtigai baten biktima moduan ere. Ibarrari matrailezurra hautsi zioten, baina desordena publikoak eta agintearen aurkako atentatua egozten dizkiote orain.
Iosu Alberdi / BERRIA
Iazko urriaren 12an, Falange Espainolak Gasteizen egindako elkarretaratzearen aurka mobilizatu ziren dozenaka manifestari antifaxista; tartean, Aritz Ibarra. Ertzaintzak botatako foam jaurtigai batek ahoa birrindu eta matrailezurra hautsi zion. Hark salaketa bat jarri zuen. Ertzaintzak, berriz, gasteiztarra identifikatu zuen protestetan izandako parte hartzea zela medio. Bi auziak batu dituzte orain, eta Ibarrak gaur deklaratu du epailearen aurrean, auzipetu eta biktima gisa.
Kolpea jaso eta egun gutxira jarri zuen salaketa Ibarrak, baina oraintsu arte mugimendu gutxi egon da prozesuan, eta herenegun jakin zuen berak jarritako salaketak eta Ertzaintzak identifikatutako manifestarien kontrako prozesuak batera aztertuko dituztela aurrerantzean. Hain zuzen, salaketa jarri eta egun gutxira identifikatu zuen polizia talde batek, Ertzaintzak urriaren 12an izandako jarrera salatzeko elkarretaratze baten ostean.
Ibarrari, urriaren 12an bertan atxilotutako beste hemeretzi antifaxistei bezala —ez zuten falangista bakar bat ere atzeman—, liskar nahaspilatsua, desordena publikoak eta agintearen aurkako atentatua egozten dizkiote. Ibarrari, hain zuzen ere, harriak botatzea eta protestaren «buruetako» bat izatea leporatzen diote. Hark, baina, epailearen aurrean ukatu egin ditu bi aferak. Uste du hari emandako kolpea justifikatzeko aitzakiak direla, eta irudiak erakusteko eskatu du halako akusazio larrien aurrean.
Bi ordu inguru egin ditu Gasteizko epaitegian. Deklarazioan, adierazi du mobilizaziora joan zela Falangearen elkarretaratzeari aurre egiteko. Hala, berretsi du ez duela «onargarritzat» jotzen talde faxista horren presentzia Euskal Herrian. Abokatuarekin joan da, eta deklarazioan, epaileaz gain, beste hiru abokatu ere egon dira: Falangeko kideen abokatu bat —bi falangista biktima gisa aurkeztu dira—, eta ertzainen bi. Horietako bat Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailekoa da; bestea, sindikatu korporatibo batekoa.
Manifestari antifaxisten kontrako oinarri nagusietako bat Ertzaintzak egun hartako jazoerez egindako atestatua da. BERRIAk jakin duenez, dokumentu hartan adierazten da antifaxistek metalezko makilak erabili zituztela ertzainen kontra, nahiz eta konfiskatutako materialen artean ez den halako armarik; jertseak, eskularruak eta beste jantzi batzuk bereganatu zituzten, besteak beste. Are gehiago, atestatuak «istilutsu» eta «endredatzaile» gisa aurkezten ditu antifaxistak; falangistak, berriz, elkarretaratzeko parte hartzaile gisa. Hain zuzen, dozenaka herritarrek gaitzetsi egin zuten Ertzaintzak egun hartan bi taldeekiko izandako jarrera ere. U12 jazartuak. Inpunitaterik ez lelopean egindako elkarretaratze batean, Ertzaintzari egotzi zioten manifestarien kontra «jarrera bortitz eta arduragabea» izatea, eta falangistekin ados jarrita aritzea.
Ertzaintzak egindako kontakizunaren zati batean, inguruko aparkamendu baten sarreran izandako liskarrari dagokionez, adierazten da manifestari antifaxisten kontra jo zutela haiek oldartu egin zirelako. Sare sozialetan zabaldutako zenbait iruditan, baina, ikus daiteke nola atera ziren zenbait faxista aparkamendutik, kaskoak buruan eta makilak eskuetan. Gazte bat jo zuten.

Ibarrak salatu duenez, baina, atestatuan ez zaio erreferentziarik egiten foam jaurtigai batekin eragin zizkioten lesioei. Bideo batean ikus daiteke distantzia laburrera zegoen polizia batek nola egin zion tiro aurpegira. Lesioen ondorioz, ospitaleratu eta ebakuntza bat egin zioten.
Oraintsu, horri lotutako informazio bat ezagutarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. PPko legebiltzarkide Ainhoa Domaicaren galdera bati erantzunez, Bingen Zupiria sailburuak adierazi du egun hartan erabilitako foam jaurtigailuetan «disfuntzio» bat antzeman dutela: «2025eko urriaren 12ko istiluen ondoren egindako ikerketa eginbideen esparruan, aztertutako jaurtigailuetako batek disfuntzio bat duela egiaztatzen da, perituen dokumentazioarekin». Hau da, tiro egiterakoan oker egin zezaketela. Ez dago argi horrek zer ondorio izango dituen, baina Ibarrari ez zaio sinesgarria iruditzen auzia, eta kezka azaldu du tiro egin zuen ertzainaren alde erabili dezaketelakoan.




Deja un comentario