Xabier Etxaniz Erle / ARGIA aldizkaria
Katedral berrian sartzen nintzen lehen aldia izan zen, eta bakanetakoa. 3an hildako langileen hileta elizkizuna. Gogoan dut martxoaren 3ko gertakari haien jatorria hilabete batzuk lehenago hasi zela.
Urtarrilean Gasteizko hainbat lantegi greban jarri ziren; lan baldintza hobeak eskatzen zituzten eta sarritan izaten ziren langileen manifestazioak eta Polizia armatuaren, grisen, errepresioa. Urtarrilean eta otsailean ohikoa zen jendea itsulapikoekin dirua eskatzen ikustea kalean, erresistentzia kutxarako batzen zuten dirua eta nik ere, 14 urte, 15 betetzeko, nintzen gaztetxo hark, ematen nuen aldiro diru apur bat, gure etxean ere ez zelako dirua soberan.
Egun batean, bazkaltzen ari ginela, nire anaiak edo amak komentatu zuen ekonomatuko atean grebalarien emazteak egoten zirela eta ateratzen ziren emakumeei karroa edo poltsa kentzen zietela. Nik, orduan, amari galdetu nion berari hori eginez gero, zer egingo zukeen… “Haiek guk baino behar handiagoa dute”, esan zidan, eta horrekin denok ulertu genuen zer esan nahi zuen.
Otsaila erdian kuadrillako bik betetzen genituen egunak, 15 urte, zaharrenak ginen eta merienda bat egin genuen. Ondoren Virgen Blanca ingurura joan ginen. Plaza Berrian hiru sarrera (hiru irteera) zeuden, gu Banco España zegoen aldetik sartu ginen. Berehala konturatu ginen Dato aldeko sarreratik eta Virgen Blancakotik gris batzuk zetozela. Gu 14-15 urteko gaztetxo (edo kakaume) batzuk ginen, ez genuen ezer egin, baina ikusita guregana zetozela borra eskuetan korrika atera ginen eta beraien artetik pasatu. Negua izan arren poliziak egindako opariaren marka izan nuen astebetez bizkarrean. Nahi zutena egiten zuten, diktadurako Polizia zen eta orduan bezala jokatzen zuten. Geroago jakin genuen arratsalde hartan manifestazio bat egona zela eta Poliziak sakabanatu zuela.
Martxoaren 3ko sarraskiak zazpi hildako utzi zituen, ehunka zauritu eta samina eta amorrua, baina baita elkartasun, enpatia eta batasun irakasgai bat ere; orain ematen du ahaztu zaigula irakasgai hura…
Egun batzuk geroago, eskolan musikako irakasleak antzerki edo dramatizazio bat egiteko eskatu zigun. Gure taldeak, kaleko giroak eraginda, manifestari eta polizien enfrentamendu bat irudikatu zuen… baina Poliziak borrak erabili beharrean tiroka bukatu zuen manifestariekin. 1976ko otsaila amaieran geunden eta ez genekien aste bat geroago guk irudikatutako hura egia bilakatuko zela San Frantzisko elizan.
Martxoaren 3an grebalariek bi hilabete zeramatzaten greban eta Gasteiz osoan greba orokorra deitu zen haien alde. Goizean goiz eskolara bidean giro arraroa zegoen kalean denda bakar batzuk irekita, asko itxita, eta Polizia non-nahi bueltaka. Patioan zerbait nabaritu genuen, polizien kotxeen sirenak eta zaratak… baina klasera itzuli ginen. Eskolak amaitu aurretik zuzendaritzako kide bat sartu zen gelan, paper batean zerrenda luze bat zekarren eta errekaduak ematen hasi zen. Halako batean… “Xabier Etxaniz, etxekoek deitu dute eta ez joateko oinez etxera, autobus urbanoa hartzeko”. Harrituta geratu nintzen eta halaxe egin nuen. Eskolatik etxera oso tarte txikia zegoen eta egia zen autobusa eskolan parean geratzen zela eta hurrengo geraldia nire etxe parean zuela. Autobusa hartu eta hara non ohiko ibilbidea egin beharrean beste kale batzuetatik joan zen eta ez zen gelditu katedral parean egon arte. Etxera buelta askoz luzeagoa izan zen eskolatik joan izan banintz baino. Gasteiz hiri fantasma bat zen, jende gutxi kalean eta denda eta taberna guztiak itxita. Iristean azaldu zidaten etxe inguruan ikaragarrizko saltsa egon zela goizean, langileek aurre egin Poliziari, eta hauek alde egiten ez bazuten Avenidan zegoen gasolindegiari su emango ziotela mehatxatu zuten.
Arratsaldean etxean geratu ginen denok, anaia nagusia izan ezik. Hori, 18 urte bete berriak, kartzelatik pasatua zen eta saltsa guztietan zebilen. San Frantzisko elizara joan zen. Guk etxean irratian entzun genuen Poliziaren sarraskia. Balkoitik egongelan irratia entzutera pasa nituen orduak. Arratsalde erdian Madrilen bizi zen izeba moja etorri zen gurera amona bisitatzera. Ikaratuta zetorren, kalean galdetu omen zuen zer geratu zen eta “Gasteiz infernua zela” erantzun zioten. Anaia gaueko hamarretan etorri zen. “Zer egin duzu orain arte?”. “Barrikadak jarri eta kendu”, erantzun zigun. Anbulantziak edo zaurituak zeramatzaten kotxeei bidea irekitzen pasatu zuten arratsalde guztia… eta Poliziari ixten.
Katedralera sartu nintzenean, hileta egunean, jendez lepo zegoen. Milaka lagun egongo ginen barruan eta beste hainbeste kanpoan. Gogoan dut mezu erdian langileen ordezkari batek (Navasek) hitz egin zuela, eta amaieran esan zuela hildako haiek herriarenak zirela. Eta horrela sentitzen genuen denok, hildako haiek gureak ziren, gu edo gure inguruko edonor egon zitekeen hilkutxa haietako batean. Gorpuak katedraletik Zaramagako hilerriraino eraman ziren eta atzetik Gasteizen inoiz ikusi dudan manifestazio batu handiena. Gobernu zibil parean Poliziaren kordoia zegoen (eta atzerago guardia zibilak). Kaskoekin eta aurpegia babesteko kristala zuten eta amorrua aurpegian, baita nire ondoko batek botatako txua ere.
Protesta ugari izan ziren San Frantziskoko gertakarien ondoren, eta elizan bertan hildako hiru haiei beste bi zauritu gehitu zitzaizkien Gasteizen, baina baita Poliziak protestetan hildako beste langile bat Katalunian eta zazpigarren bat Bizkaian ere. Martxoaren 3ko sarraskiak zazpi hildako utzi zituen, ehunka zauritu eta samina eta amorrua, baina baita elkartasun, enpatia eta batasun irakasgai bat ere; orain ematen du ahaztu zaigula irakasgai hura… gizarte berekoiagoa eta sakabanatuagoa dugula iruditzen baitzait.





Deja un comentario