Batzuek, ez katalanez, baina valentzieraz hitz egiten dutela diote. Bestetzuek, PPko politikariren batek, besteak beste, valentziera ez dela katalana besterik. Valentziar Herrialdea, Herrialde Katalanak. Eta zer ibili zen Toni Mollà kazetaria Lezaman, Kike Amonarrizekin joanda, Jose Anjel Iribarrekin hizketan irailaren 27ko fusilamenduez? / ARGIA aldizkaria
Valentziako Acció Cultural-eko egoitzara etorrarazi nauzu…
Bilboko Kafe Antzokian izana naiz, eta zuk haren antzeko tokia ezagutzea nahi izan dut. Ez zait ghettorik egitea gustatzen, eta Acció Cultural-eko arduradunei ere esan izan diet, zitadela bat sortzen ari direla kartzelaren barruan. Baina, bestalde, ezagun eta lagunekin hitz egin nahi izanez gero, honaxe etorri behar! Hala ere, munduarekin ere izan beharko dugu, bada, konexioren bat, ezta?!
Usteko nuen gutaz kanpoko munduarekin nahitaez konektatuta bizitzera kondenatuta gaudela…
Zilborkeriaz ari naiz, geure baitara bilduak bizitzeaz. Etxe hauek oso gauza endogamikoa dira, eta uste dut besterik asmatu beharko dugula, zera hau dena ez baitzaie gure seme-alabei interesatzen. Atzerrian bizi dugu alaba, bart etorri zaigu etxera, eta telefonoz hots egin dit zure zain nengoela. Eta betikoa, lehenengo galdera gaur egun, non nabilen. Nik, Acció Culturalen nagoela, eta berak: “Betiko jendearekin?”. Eta nik: “Eta zein da bada betiko jende hori?”. Eta hiru pertsonaren izenak eman dizkit. Biren kasuan, asmatu du. Beti-betikoak, betiko lekuan! Hargatik diot besterik ere asmatu beharko dugula gazteak interesatzeko.
Oraindik orain bete ditu Bilboko Kafe Antzokiak 30 urte… Esaterako, noiz izan zinen lehen aldiz Euskal Herrian?
Aspaldiko kontuak dituzu. Kooperatiba-eskola batean ari nintzen irakasle lanean. Esan behar dut eskola hura Valentzian lehenengoa izan zela irakaskuntza katalanez bideratzen. 1980an-edo, bazen Bilbo eta Valentzia lotzen zituen Aviaco hegazkin-konpainiaren hegaldia. Artean ez zen autonomiarik, Valentzian ez genuen diputazioa besterik, baina bidaia ordaindu zigun, hemen katalanez ari ginen ikasle-irakasle talde bat Euskal Herriko ikastolak ezagutzera joateko. Berrogeiren bat izango ginen, gehienez. Hiruzpalau irakasle, hamarna ikaslerekin-edo. Eta joan ginen, eta han ibili gintuzten.
«Espainian Trantsizioa esaten duten horren garaian, Valentzia [futbol taldeaz ariko da, beti] katalanismoaren kontrako eragile bihurtu zen, edo bihurtu zuten orduko agintariek»
Non eta non ibili zineten? Zertzuk ikusi zenituzten?
Ikastolen mugimendua, pedagogia… hau eta hura ikustea zen bidaiaren helburua, eta hantxe ibili gintuzten, Bizkaian barrena, ikastola batzuk eta besteak erakusten. Nire ikasleek, berriz, bazuten bestelako interesik: futbola! Han barrena genbiltzanez, Lezamara joateko eskatu zidaten, Athleticen instalazioak ikustera. Eta joan ginen, eta Chopo-k [Jose Angel Iribar, atezain ohia] hartu gintuen. Eta, hau eta hura, atezain gazte bat entrenatzen ari zela ikusi genuen: “Hau ni baino hobea izango da!”, esan zigun. [Andoni] Zubizarreta zen.
Bai asmatu ere! Atezain handia izan zen Zubizarreta.
Bai, baina gauza bat esango dizut horretaz, iaz Kikerekin [Amonarriz] Lezamara egindako bisitarekin lotura du-eta. Iaz ere Chopo-rekin izan ginen, eta, besteak beste, duela 40 urteko kontu hori, Zubizarretarena, ekarri nion akordura. Berak, ordea, ez zela akordatzen esan zigun. “Normala ez akordatzea!”, esan nion, eta erantsi nuen: “Baina Zubizarreta ez zen zu baino hobea izan”. Eta berak, orduan: “Hobea ez, karisma gutxiago izan zuelako, beharbada!”.
.jpg)
Futbolzalea zara, baina, zure kasuan, irakurketa soziologikoa egiteko ere baliatu duzu ostiko-baloia. Haren erabilera politikoaz jarduteko, adibidez.
Gaztetan futbolean jokatu nuen, eta entrenatzaile ere izan nintzen. Lagun batek esaten zuen ez duela ezagutzen nire kasua bezalakorik, nik beste inork ez duela biblioteka ostikoka osatu. Alegia, erregional mailan jokatzen nuen, ez zuten askorik pagatzen, baina zer edo zer bai, eta etxean, berriz, behe klasekoak ginen: ez nuen xemaikorik ere! Futbolak ematen zidan diru apurra liburuak erosten gastatzen nuen.
Futbola eta politika…
Zure galderara itzuliz, alegia. Gaztetandik gustatzen zait futbola eta, garai batean, Valentziako futbol taldea zuzenean ikustera joaten nintzen, Mestallako estadiora. Haatik, Espainian Trantsizioa esaten duten horren garaian, Valentzia [futbol taldeaz ariko da, beti] katalanismoaren kontrako eragile bihurtu zen, edo bihurtu zuten orduko agintariek. Gaia ez da askorik ikertu, liburua ere mereziko luke, eta, beharbada, baten batek ikertuko du noizbait. Nik esaten dudanez, garai hartan Valentziak eskuin muturraren eskuetan jarri zuen bere burua, eta ni Mestallatik kanporatua sentitu nintzen.
«Herrialdean, berriz, halako mugimendu bat eraikitzeko erabili da antikatalanismoa, zeren Katalunia gure Europako atea baitzen, eta hori eten beharra zegoen»
Kanporatu egin zintuzten? Fueratu?
Ez modu horretara. Baina 1977an –1977ko martxoaren 17an, hain zuzen–, Valentzia eta Barçaren arteko partidan, jendea ordu arte ez bezala hasi zen oihuka: “Puta Barça!, Puta Catalunya!”. Orduantxe agindu nion neure buruari ez nintzela Mestallara itzuliko. Neure burua desterratu nuen.
Nondik sortu zen Barçaren eta katalanismoaren kontrako amorru hori?
Giro gaizto hori nork hauspotu zuen jakin nahiko duzu, gauza nola izan zen… Partida haren bezperan, [Manuel] Broseta zenak artikulu bat publikatu zuen Las Provincias egunkarian, La paella dels Països Catalans, Valentziako jende oldea katalanismoaren kontra bultzatuz. Hortxe hasi zen dena. Broseta, ordea, hil zen bezala hil zen [ETAk hil zuen, 1992an], eta neke da hark egin zuen kalteaz argi eta garbi jardutea. Brosetak, María Consuelo Reynak –Las Provincias-eko zuzendaria–, eta gisako jendeak hirian klima faxista bat zabaltzen lagundu zuten. Valentzia hiriko egitura guztietan sartu –falletan, kiroletan, Valentziaren zuzendaritzan…–, eta horretantxe ahalegindu ziren. Mugimendu neofaxista baten hazia erein zuten eta, zorigaitzez, oraindik ez dugu giro hori gainditu…
(…)
Askotan, ahaztu egiten da, baina gogora ekarri beharko da, Euskal Herria eta gero, eta Espainiako Estatuari gagozkiola, Valentziar Herrialdean izan da biolentzia politiko eta hildako gehien. Ahaztu egiten da hori! “On usteko” askok ere –”on usteko”, komatxo askorekin!–, banalizatu egin du Valentziako antikatalanismoa, folklorizatu egin du, baina ez da halakorik! Valentziar antikatalanismoa ez da antisemitismoaren aldaera baizik. Berdin-berdin funtzionatzen du. Nazismoa ez zen, bakarrik, antisemitismoa, askoz ere gauza gehiago zen, Hitlerren aurretik ere hortxe zegoen-eta antisemitismoa. Nazismoa antisemitismoaz baliatu zen gaitza sortzeko, gaitzetan gaitzena egiteko.
Valentzian berdin egin dela esan nahi duzu?
Berdintsu. Antikatalanismoa, Valentziako pentsamendu erreakzionarioan; antisemitismoa Alemaniako pentsamendu erreakzionarioan. Toki bera okupatzen dute, eta Valentziako antikatalanismoa ulertzeko, historian atzera joan behar da, Espainian barneko etsaia seinalatzea aspaldidanikoa baita: moriskoak kanporatu zituzten, juduak, librepentsalariak… Valentziar Herrialdean, berriz, halako mugimendu bat eraikitzeko erabili da antikatalanismoa, zeren Katalunia gure Europako atea baitzen, eta hori eten beharra zegoen. Eta horretan ados ziren Alfonso Guerra, Abril Martorell [Trantsizio garaiko PSOE eta UCD alderdietako ministro eta politikariak] eta Broseta bera, jakina. Ezkerra indartsu zebilen, eta hori apalarazi beharra zegoen.
PSOE ere ez zen, bada, ezkerra garai hartan?
Ezker katalanistaz ari naiz, Valentziako antifrankistak bat eginak ginen Herrialde Katalanekoekin. Nafarroa eta Euskadi moduko bat ginen: proiektu bat bera genuen, izan politikoa, izan soziokulturala. Eta proiektu hori zartatzeko lan egin zuten politikari batzuek eta besteek, intentsitate baxuko faxismoa ezarri zuten, eta, horretarako, Valentzia futbol taldea, fallak eta prentsa jakin bat, baitezpadako tresna eta bitarteko izan ziren. Eta dira, gaur egun ere.
«Nafarroa eta Euskadi moduko bat ginen: proiektu bat bera genuen, izan politikoa, izan soziokulturala. Eta proiektu hori zartatzeko lan egin zuten politikari batzuek eta besteek, intentsitate baxuko faxismoa ezarri zuten»
Pentsamendu hegemonikoa, gaur eguneko Valentziar Herrialdean.
Hegemonia sezesionista konstruktu bat da, ez da hutsetik sortua. Batzuek esaten dute valentzieraz hitz egiten dutela, ez katalanez. Ni, bistan da, ez naiz filologoa, baina filologoak hasten direnean esaten zientzia errespetatu behar dela, erne! Zeren auzi sezesionista ez dago, bakarrik, filologia bidez borrokatzerik. Auzi politikoa da. Dialektoak eta hizkuntzak direla-eta, yiddisharen defentsarako lehen mugimenduetako baten sustatzaileak esaten zuen hizkuntza bat ez dela atzean armada bat duen dialekto bat baizik. Eta, alderantziz, dialekto bat ez dela armadarik gabeko hizkuntza besterik. “Armada” esan ordez, esan dezakezu gizarte zibila, hedabideak eta beste: horiexen bidez gorpuzten da hizkuntz komunitate bat. Eta, horretan, valentziarrak ez gara bereziak. Serbokroazierari begiratu besterik ez duzu.

Serbokroazierari? Zer esan nahi duzu?
Serbiera eta kroaziera hizkuntza bera ziren. Banuen lagun bat, Levante futbol taldean jokatu zuena. Vienako Rapid taldean jokatutakoa zen: [Predrag] Mijatovic. Ezagutu nuen orduko, galdetu nion: “Zuk zer hitz egiten duzu, serbokroaziera?”. Eta berak: “Hori, lehen. Orain kroaziera baizik ez dut hitz egiten”. Alegia, gerra aurretik, serbokroaziera zuten hizkuntza; ondoren, kroaziera besterik ez. Politikak erabaki zuen hori. Berdin, Moldavian. Berdin, Kanadan: frantses hiztunek mugimendu sezesionista abiatu zuten. Hor ez da filologiarik, ezpada auzi ekonomikoa, sozio-kulturala eta, oroz gain, politikoa.
Gizarteaz ari garela ere, behin eta berriz jotzen duzu futbolaren mundura. Futbola bera ere, futbola politika da?
Izango ez da, bada! Sortze beretik! Futbola Ingalaterran jaio zen, eta handik Eskoziara zabaldu zen. Hasieran lau txankameheren kontua izan zen, unibertsitateko aberaskume zenbaitena, harik eta langileak ere ekipoak osatzen hasi ziren arte parrokietako charity-en inguruan. Zerutik jakina denez, charity-ak tradizio handikoak dira kultura anglo-saxoian. Ingalaterrako futbol talde gehienek halako sorrera dual hori dute: edo jauntxoek sortuak dira, edo proletarioek. Hortaz, futbola politikoa den? Sortze beretik, baloiari lehen ostikoa jo ziotenetik! Ikusi besterik ez duzu: gaur eguneko futbola munduko kapitalismoarekin batera garatzen ari da, amerikar dirudunek erosi dituzte futbol talderik handienak, kapitalismo berantiar honetako produktu bihurtu dituzte! Politika, izango ez da, bada, futbola!
Eta zu futbolzale izateaz gainera, futbola politika delako izan zinen iaz Athleticen Lezaman…
Kikek [Amonarriz] lagunduta. Chopo-rekin hizketan jardun genuen, honetaz eta hartaz. Baina baita gertakari zehatz bati buruz ere, zeren 1975eko iraileko fusilamenduak gertatu zirenean –Franco hil baino bi hilabete lehenago–, Athleticeko jokalariak besoko beltza zeramatela irten ziren zelaira, esanez Luis Albert hil zela –XX. mende hasieran Athleticeko jokalari izandakoa–, eta haren oroimenez ari zirela. Egun berean, bestalde, Santanderreko Racing taldeko bi jokalari ere besoko beltza zeramatela atera ziren zelaira. Bata zen Aitor Agirre, euskalduna, eta bestea, berriz, Sergio Manzanera, valentziarra. Besoko beltza esan dut, baina, inondik ere, futboleko bota batzuen lokarriak ziren, beste futbolari euskaldun batek emandakoak, besoan lotzeko. Nonbait, egun hartan entrenatzaileak ordezkoen aulkian utzi zuen futbolari hura.
«Ingalaterrako futbol talde gehienek halako sorrera dual hori dute: edo jauntxoek sortuak dira, edo proletarioek. Hortaz, futbola politikoa den? Sortze beretik, baloiari lehen ostikoa jo ziotenetik!»
Zerutik jakina denez, ondoriorik izan zuen elkartasun keinuak…
Bai. Sergio [Manzanera] valentziarra duzu. Gazte zela, Levante eta Valentzia taldeetan jokatzen ikusi nuen, eta ezagutzen dut. Sergiok esana dit 1975 orduko, politizatu samar zegoela, Aitor Agirreren eraginez. Lokarri beltz haiek besoko jarri eta irten ziren jokatzera Aitor Agirre eta Sergio. Lehen zatia jokatu, eta, atsedenaldian polizia bi joan omen zitzaizkien kargu hartzera eta atxilotzera, inondik ere. Gaitz erdi, Racingeko entrenatzailearen [Maguregi] esku hartzeari esker, Aitor Agirrek eta Sergiok bigarren zatia ere jokatu ahal izan zuten, baina lokarri beltz haiek erantzita. Hurrengo egunean polizia etxera joan behar izan zuten, eta garaiko 300.000 pezetako isuna ezarri zieten. Nonbait, Athleticeko eta Realeko jokalarien babesa izan zuten. Futbolaren munduak frankismoaren kontra egindako elkartasun keinua izan zen. Hortik atera kontuak futbola politika den!
Hego haizeak dakarrenez, partida haren ondoko igandean, elkarren kontra jokatu zuten Athleticek eta Racingek, eta zelaira irtetean, orduko jokalari Villar bilbotarrak bultza egin omen zion Sergio Manzanerari, esanez Iribarrekin hitz egiteko. Laguntza emateko-edo.
Iaz Chopo-rekin hitz egin nuenean, esan zidan ondoezik zegoela, ez zela oroitzen, ezin esan zezakeela egia zenik. Irribarre ttiki bat ere egin zuen. “Euskaldunak oso diskretuak gara”, esan zidan. Hitz horixe erabili zuen, “diskretuak”.
Bertold Brechten harako Langile baten galderak liburu baten aurrean poema ederra datorkit gogora: Zenbat historia! Zenbat galdera!
Badakizu Valentzia futbol taldeak Chopo fitxatu nahi izan zuela? Ez, bada?!
Pasieguitoren garaian zen. Valentziak izan duen jokalari historikoetakoa, Pasieguitok. Chopo Valentziara ekarri nahi izan omen zuen, baina Chopo-k ezetz, bera euri zalea zela, eta hemen ez zuela berak nahi beste euri egiten! Hori ere, joan eta jakin!
* * *
Paisaia urbanoa
“Bada gauza bat izorratzen nauena, eta da prentsa-kiosko guztiak desagertzea, aldaketa handia dakarkio hiriari. Kioskoak desagertu zirenetik, ni, goizero, halako plaza batera joaten naiz kafea hartzera, han Bartzelonako prentsa jasotzen dutelako. Katalanismoaren yonkia naiz, eta haraxe joan behar Ara eta La Vanguardia (katalanez) irakurtzera».
Liburua
“Bai, lauzpabost liburu ekarri dizkizut. Izan ere, aspaldi horretan gabiltza idazleok, elkarri liburuak erregalatzen. Batzuetan, erregalatzen dizute bat, eta badakizu: ‘Ostia!, hau zaborrontzira zuzenean!’. Lehengo batean, editoreari esan nion: ‘Nire hurrengo liburuak Zaborrontzi urdina izango du titulua, ale guztiak haraxe joango dira-eta zuzen-zuzenean’. Paperean argitaratzeak hutsaren hurrenaren balioa du gaur egun».
AZKEN HITZA
Irainak
“Jakinaren gainean nago, bai: Athleticen autobusa Valentziako estadiora sartzen, eta hemengo zaleak irainka, ‘hiltzaile’, ‘sasikume’ eta gainerako loreak botaka. Eta, aditu!, ni Mestallara joaten nintzenean, 1970eko hamarkadan, talderik txalotuenak Athletic eta Barça ziren. Trantsizio garaian indar erreakzionarioek ereindako hazi gaiztoak fruitu eman du, zorigaitzez”.




Deja un comentario