Nafarroako Gobernuak ez du atxilotuen jatorriaren berri emango, hori egiteak arrazismoa eta xenofobia sustatzen dituelakoan. UPNk jatorria zehaztearen alde egin du eta horretarako legea aldatzea eskatu du, baina ez du lortu.

Intza Artetxe Oronoz / ARGIA aldizkaria

Nafarroako Gobernuak atxilotuen jatorriaren berri emateari ezetz esan dio. Bilboko Udalak eta Gasteizkoak hartutako bidea da hori, Donostia eta Lakuarekin kontrajarriz. UPNk 13/2023 foru legearen hemeretzigarren artikuluko lehen atala aldatzeko eskatu zuen, hiru hilean behin eskuratutako datuak argitaratzea helburu duena. Alderdi unionistaren esanetan, neurria baliagarria litzateke delitugileen profila zehazteko, delitu jarrerak ekiditeko eta krimen-kopurua jaisteko.

Nafarroako Gobernua kontra azaldu da eta neurriaren “neutraltasun falta” mahai-gaineratu du.Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Migrazio Politiken kontseilari Begoña Alfarok adierazi du aldaketa horrek “arrazismoa eta xenofobia” sustatuko lituzkeela eta ez lukeela balioko aipaturiko helburuak betetzeko. Zuzenki ez bada ere, neurriaren bitartez berdintasun eta diskriminazio ezaren eskubideak urratzen direla nabarmendu dute.

Politika Migratzaileen Zuzendaritzak kaleratutako txostenean, jatorriaren datuak emateak estereotipo negatiboak sustatzen dituela ondorioztatu dute eta jarrera indibidualen eraginez kolektibo osoak estigmatizatzen direla, polarizazio soziala sustatuz. Gizartean gorroto diskurtsoak eta biolentzia sinboliko zein fisikoa eragiten dituela ere ikusi dute.

Deja un comentario

Tendencias