Jabier Olabeaga Etxabe bigarren ofiziala izan zen ‘Nabarra’ ontzian, Matxitxakoko itsas guduan, 1937an. Familiak idatziz jaso zuen haren lekukotza, eta BERRIAk aurrenekoz argitaratu du. 89 urte dira bataila hura izan zenetik.
Urtzi Urkizu / BERRIA
Bizkaiko Matxitxako lurmuturraren aurrean, 36ko gerraren erdian, itsas gudu bat izan zen frankisten alde borrokan ari zen Canarias gurutzaontziaren eta Errepublikaren alde ari zen Eusko Itsas Gudarostearen artean. Bizkaya, Gipuzkoa, Donostia eta Nabarra ontziak Baionatik irten ziren, Galdames ontzia itsasoan babesteko. Frankisten erasoen eraginez, Nabarra ontziko 29 itsasgizon hil ziren 1937ko martxoaren 5ean. Bizirik irten ziren beste hogei, eta, heriotza zigorra jaso zuten arren, libre gelditu ziren 1938ko azaroaren 30ean. Hogei horietako bat izan zen Jabier Olabeaga Etxabe (Donostia, 1913-1990). Haren kontakizuna jaso du BERRIAk, haren senitartekoen eskutik.
36ko gerraren ostean, merkataritzako kapitain aritu zen Jabier Olabeaga. Bestetik, Sarriaren De arrantzales a gudaris del mar (1978) liburua (Arrantzaleak lehenbizi, itsas gudariak gero) irakurri zuenean, Olabeagak Gregorio Gurmendi koinatuari kontatu zizkion 1936ko gerran bizitakoak, idatziz zuzen jaso zitzan. Kontakizuneko paperak digitalizatzen aritu zen iloba bat, Aranzadiko memoria historikoa osatzeko, eta konturatu zen Gogora Institutuko fitxa gaizki zegoela. Izan ere, Olabeaga itsas batailan hil zela ageri zen. Gogorara gutun bat bidali zuen ilobak, zuzendu zezaten, eta hala egin dute. Hark utzi dizkio kontakizun argitaragabeen paperak BERRIAri.

Nabarra ontziak lehenago Vendaval zuen izena. Eta Olabeaga Etxabek 23 urte zituela eman zuen izena boluntario Espainiako Bigarren Errepublikaren aldeko itsas armadan. Eusko Jaurlaritzaren esanetara pasatu zen Nabarra ontzira, eta itsasgizonak kontatu zuen Euskadiko Gobernuaren Itsas Departamentuak ematen zituela aginduak. «Bi gutun itxi iristen ziren: bat guardiako ofizialarentzat, kaitik noiz irten behar genuen adierazten zuena; bestea kapitainarentzat zen, eta itsasoan bete behar genuen misioaren xehetasun guztiak ematen zituen. Misio haiek gauez egiten genituen, argiak itzalita, irratia erabili gabe, eta denak konbate postuetan geundela».
Nabarra ontziarekin 33 misio bete zituztela kontatu zuen Olabeaga zenak. 1937ko martxoaren 4an egin zuen Nabarra-k bere azkeneko irteera. «Bizkaia, Gipuzkoa eta Donostia bouekin batera irten ginen, Galdames eskoltatzeko xedez. Gaueko hamar eta erdiak aldera, Baionako kaiaren parean geunden, eta itsas konboi bat osatu genuen. Gauean, euriteengatik eta gutxi ikusten zelako, bistatik galdu genuen Galdames. Kontuan hartu behar da argirik gabe gindoazela denok». Enrique Moreno Nabarra-ko kapitainak agindua eman zuen buelta emateko, Galdames-en bila joateko, eta haren alboan jarri ziren, abiadura berean.
Nabarra-ko kapitainak jaso zuen gutunean esan zieten Cervera eta España ontzi frankistak ez zeudela inguruan. «Hurrengo goizean, martxoaren 5ean, konfiantzaz ari ginen nabigatzen. Hainbesteko konfiantzaz, irrati antena jaitsia baikenuen, begiratu txiki bat emateko. Eguerdian, antena igo genuen. Eta bazkalostean Mario Cahue Jauregi telegrafistak Bilboko itsasertzekoen deia hartu zuen. Esan zioten Canarias gerra gurutzaontzia ur haietan zebilela, eta agindu ziguten kaira joateko, babesera, edo Lapurdi aldera itzultzeko». Informazio hori kapitainari jakinarazi zion, eta kapitainak hiru ofizialekin bildu zen: Andres Sarasola, Javier Basarte eta Olabeaga bera. «’Gudurako prest! Nor bere postura!’. Eta iparrerantz joatea erabaki genuen. Galdames ontzikoei abisua eman genien, haiek ere iparrerantz jo zezaten».
Baina, handik oso gutxira, zubian guardia egiten ari zen marinelak ohartarazi zuen kea ikusten zela popatik brankara begiratuta. «Gerraontzi baten silueta agertu zen orduan. Abiadura bizian zetorren Canarias gerraontzia, eta Galdames-i eraso egiten ari zen, hari kalte egiten eta hango eskifaia zauritzen».
«Lemazainarekin nintzen, eta metrailak hil egin zuen»
Bataila desorekatua zen oso. Canarias gurutzaontzia 10.000 tonakoa zen, zortzi kanoi zituen, zazpi metrailadore eta 735 itsasgizon. Nabarra Pysben (Pasaia, Gipuzkoa) eraikitako arrantzontzi bat zen: bi kanoi eta bi metrailadore jarri zizkioten.

«Norabidea aldatu eta kairako bidea hartu nahi genuen. Baina Canarias-ek erasoan jarraitu zuen: Galdames-i tiro egin ostean, Donostia-ri eraso zion, eta gero, gure ontziaren aurka ekin zioten. Enrique Moreno gure kapitainak ‘sua bost mila metrora!’ agindua eman zuen, baina motz gelditu zen; ondotik, ‘sua zazpi mila metrora!’ agindu zuen, baina orduan ere ez genuen asmatu. Sigi-saga nabigatzen hasi ginen, brankako kanoiak errazago egin zezan tiro». Canarias Nabarra-ren txopara jarri, eta granadak jaurtitzen hasi zen.
«Zubira jaisteko agindu zigun kapitainak. Bertara jaitsi ginenean, kapitaina kamarotean sartu eta emaztearen argazkiari begira gelditu zen —hiru hilabete ziren ezkondu zirela—. Geldi eta pentsakor, hitzik gabe zegoen. Zubi atzera itzuli zen gero, aginduak ematera».
Halako batean, ezustekoa. «Esan ziguten txopako kanoiak Canarias jo zuela hirugarren saiakeran, eta pozez zoratzen jarri ginen. Telegrafista irrati kabinara igo zen, Bilbokoei esateko hegazkinak bidaltzeko, eta korrika jaitsi zen gero, metrailatik ihesi». Handik gutxira zauritu zuten, ordea. «Geroago, metrailak Fernandez El cubano hil zuen; hura arduratzen zen makineria koipeztatzeaz. Lurrera iristeko aukera gutxi genuen. Kapitainak esana zuen: ‘hobe hondoratu, ontzia entregatu baino’, eta hondoko balbulak irekitzeko eskatu zion makinen buruari». Batailak iraun zuen bitartean, hirutan eman zuen kapitainak balbulak ireki eta ixteko agindua. «Batzuetan uste genuen handik ihes egin ahalko genuela».
Gauzak ez zihoazen ondo Nabarra-rentzat. «Txopako kanoiaren pieza bat hondatu egin zen. Orduan, Juan Mogro, kanoiez zekien bakarra, brankako kanoira joan zen, handik pieza hartu, eta txopakoan jarri zuen. Baina kanoi bakarra gelditu zitzaigun».
Bolbora zakuen bila zihoazen batzuk, batera eta bestera. Eta itsasgizonetako batzuk tabakoa erretzen zihoazen bidean. «Esan zitzaien zigarroekin kontuz ibiltzeko bolbora zakuak hartzen ari zirela. Ez zekiten nolako arriskua zuten…».

«Bi ordu ziren bataila hasi zela. Zubian nintzen, lemazainarekin. Canarias-en tiroen metraila txopako atetik sartu zen, eta parte batek Jose Aramaio lemazainaren bizkarrean jo zuen zuzenean. Berehala hil zen. Metrailak ni ere zauritu ninduen orduan: ezker hankan, bizkarrean, buruan eta eskuin eskuko hatzetan. Zubiko sarreran etzanda gelditu nintzen, lurrean». Lemazainik gabe gelditu zen Nabarra, eta Pedro Torres itsasgizonak hartu zuen lema.
Ferrolera gatibu, eta gero Ondarretako kartzelara
Erizaindegira eraman zuten orduan Olabeaga. «Lehen arreta Tomas Agirre praktikantearen eskutik jaso nuen, nahiz eta berak ere zauria zuen buruan. Kanoiko kaboa, Santiago Andres, zauritu egin zen kanoiak atzera egin zuenean leherketaren ondorioz; hortaz, praktikantea harengana joan zen. Une horretan bertan, Canarias-en kanoikada batek galdaran jo zuen: su garrak eta lurruna atera ziren toki guztietatik, eta han zeuden lagunak besoak erreta zituztela atera ziren».
Nabarra uzteko garaia iritsi zen. «Ababor aldean txalupa bat genuen prest, baina sokak hautsi egin ziren, eta Benjamin Diego eta Sabino Erdaide uretara erori ziren txaluparekin batera». Batzuk uretara egin zuten jauzi, eta ito egin ziren. Besteak txalupetara igo ziren. «Javier Basarte saiatu zen Andres Sarasola lehen ofiziala konbentzitzen harekin joan zedin txalupa batean. Baina Sarasolak zera erantzun zuen: ‘Lurrean hil behar banaute, nahiago dut hemen hil’. Ontzigainean gelditzen zirenei, bestetik, brankako zapiari su emateko esan zien —bolbora, granadak eta kanoi jaurtigaiak zeuden han—, baina inork ez zuen kasurik egin. Han ez zegoen zer eginik. Iñaki Urionabarrenetxeak uretara egin zuen jauzi, eta Sarasolak ‘zorte on’ esan zion. Orduan entzun nuen haren ahotsa azkenekoz».
Zaurituak handik ateratzea ez zen erraza, Olabeagak kontatu zuenez. «Perico de la Hoz, Enrique Manterola, Armintza eta Torresek salbamendu txalupa batera eraman gintuzten Santiago Andres —zauri larriak zituen— eta biok, bi koltxoitan. Nabarra-ri lotuta zegoen txalupa, baina azkenean Domingo Ibargarai itsasgizonak moztu zuen soka, eta libre gelditu ginen».
Donostia ontzia txalupetako batengana gerturatu zen, eta itsasontzira igotzeko laguntza eskaini zieten txalupan zirenei, baina beldur ziren Canarias-ek ez ote zion itsasontzi horri ere eraso egingo.
Azkenean, Canarias ontzi frankistak eraso egiteari utzi zion. «Bi txalupetan geundenak jasotzen hasi ziren, eta momentu hori baliatu zuen Donostia-k ihes egin eta Lapurdi aldera joateko. Zaurituta nengoenez, zirga batekin lotu ninduten Canarias-era igotzeko, baina ni ontzira igotzen ari zirela, zirgari eusten ziotenek askatu egin zuten, eta erori egin nintzen; sekulako kolpea hartu nuen bularrean. Bigarrenean, dena ondo joan zen». Nabarra hondoratzen ari zen. «Basarte begira jarri zen, eta halaxe: Nabarra hondoratu egin zen».
Frankisten erizaindegirako bidean, ataka estuan izan ziren behin baino gehiagotan. «Kabo batek putakume gorria deitu, eta bi muturreko eman zizkidan buruan, nahiz eta burua lotailuz estalita izan. Gero, apaiz baten bisita jaso genuen. Espainiako zaldun bat —Chereguini— hil genuela esan zigun, eta Arantzazuko ama birjinari errezatzen hasteko agindu». Canarias ontzia Ferrolera (Galizia) iritsi zenean, nazionalen aldeko batzuk mendeku eske ari ziren, Chereguiniren heriotzagatik. «Ferrolgo ospitalean izan gintuzten Santiago Andres eta biok, preso».
Ondotik, Guardia Zibilak eskuburdinak jarrita eraman zituen Andres eta Olabeaga Donostiara, han egin behar baitzuten Matxitxakoko batailako gerra kontseilua. «Ondarretako kartzelara eraman gintuzten Andres eta biok. Epaileak deitu gintuen, deklarazioa hartzeko, eta Gonzalez Hontoriak gu defendatzea nahi ote genuen galdetu zigun. Baietz esan genion. Baina azkenean Francisco Ubedak defendatu gintuen». Heriotza zigorrak eskatuak zituzten Nabarra-tik bizirik irten ziren guztientzat. Eta gerra kontseiluaren ostean, heriotza zigorra jaso zuten.
«Baina gu bezala preso zeuden hainbatek idatziak prestatu zituzten, zigorra ez jasotzeko. Caballero epailearen gomendioz, senideak ere idatziak biltzen hasi ziren. Pysbeko kontseilu administrazioko presidente Luis Praderak ere nire aldeko agiria idatzi zion epaileari. Indultu eskaerak ugariak izan ziren; tartean, Salvador Moreno komandanteak eta itsas armada frankistako Manuel Calderon komandanteak indultu eskaera etengabeak egin zituzten, eta Francok Nabarra-koak askatzeko agindua eman zuen».
1938ko azaroaren 30a zen, arratsaldeko seiak. «Espetxeko funtzionario Don Benitok gure ziegak ireki zituen, eta epaile aurrera eraman gintuen. Handik gutxira, epaileak aske gelditu ginela esan zigun Nabarra-ko hemezortziri; Javier Basartek eta Mario Cahuek zigor txiki bat bete behar izan zuten, presondegian. Haiei utzi nizkien neuzkan sosak eta jakiak».
Arratsalde hartan bertan utzi zituzten aske. «Kontxako pasealekutik Parte Zaharrera joan ginen. Tiburcio tabernara joan ginen garagardo batzuk edatera, hango jabea ezaguna bainuen. Tabernako bezeroek jakin zutenean Ondarretako kartzelatik atera berriak ginela, gonbidatu egin gintuzten, eta giro beroan hartu». Santiago Andres eta Olabeaga ziren Donostiako bakarrak. «Hiru taldetan banandu ginen gau hura pasatzeko: batzuk senideen kaiko etxera joan ziren, besteak Andresen etxera, eta azkenak nire etxera». 1990era arte bizi izan zen Olabeaga itsas kapitaina.




Deja un comentario