GEDAR Langile kazeta
Gasteizko sarraskiaren 50. urteurrenaren harira, dokumental bat ekoitzi du berriki Radio Vitoria-k, eta hainbat pertsona elkarrizketatu ditu horretarako. Besteak beste, Rodolfo Martin Villaren adierazpenak jaso ditu; Espainiako Estatuko Harreman Sindikalen ministroa zen «Trantsizio» garai hartan, 1976an.
«Nork eman zuen agindua?», galdegiten du, San Frantziskoko elizan bilduta zeuden milaka langileen aurka tiro egiteko aginduari buruz: «Boutade bat izan daiteke, baina horrela erantzungo dizut… Nik ez. Kito». Hala ere, Polizia Armatuak (Espainiako Polizia gaur egun) egindako karga izugarriak justifikatu ditu nolabait: «Ez zen bake eta askatasun egoera bat Gasteizen».
«Neurri gogorragoak [mano dura] falta izan ziren?», galdetzen dio orduan kazetariak. Eta ministro ohiak, pausatuki, erantzuten du «agintaritza batek izan behar duen eskua» dela falta izan zena: «Edozein dela ere, ezin da ezer ez balitz bezala egon». Are gehiago: Martin Villak uste du «autoritatea erabiltzeari uko egin zitzaiola» egun horietan, eta figura zehatz batzuk seinalatzen ditu: gobernadore zibil berriak ez zuela esperientziarik dio, eta arduradun politiko batzuek ez zutela esku hartu. Poliziako buruak ere aipatzen ditu, pasibotasunagatik.
Ministroak defendatzen du Gasteiz ezin zela egon «Poliziaren esku, ez noski», baina ezta langileen «mugimenduaren sustatzaileen esku ere». Ez du erantzukizunik aitortu eta ez du barkamen-hitzik egin dokumentalean. Eta 50 urte beteko diren honetan, Gasteizko sarraskiak eta bost langileren erailketek ez dute inolako ondorio judizialik izan: ez dute sekula inor epaitu edo zigortu 1976ko martxoaren 3an gertatutakoagatik.




Deja un comentario