Martin Ciriza Jubera / BERRIA
Euskarazko musikan lan gutxi dira 50 urte bete dituztenak. Aurtengoan aparteko klub horretara batuko direnen artean euskarazko lehenetariko rock abestiak daude. Ez naiz lehenengoa zein izan zen eztabaidan sartuko, Alfonso Guillok behin baino gehiagotan esan duen bezala, behar berberak zituen mugimendu oso bat zegoelako horren atzean. Honezkero askok jakingo duzuen bezala, Gabi Agirregomezkortak, Alfonso Guillok, Txerra Gurrutxagak, Luis Diegok eta Endika Iriondok osatzen zuten Koska taldearen 1976ko Koska (IZ) LPaz ari naiz hain zuzen ere.
Askotan musikan gertatzen den bezala, Elgoibarreko gazte horiek beren testuinguruaren semeak izan ziren, baina baita testuinguru horren sortzaileak ere. Horregatik, haien lehenengo lan luze hori 70eko hamarkadako testuinguru musikala ulertzeko baliagarria zaigun bezala, garai hori ez zatekeen berdina izango haien ekarpenik gabe.
1976an, frankismoa amaituko zen ala ez inork ez zekien garaian —eta batzuk oraindik euskaraz hitz egiten ikasten zebiltzala—, euskaldun ziren heinean euskaraz kantatzea ezinbestekoa iruditu zitzaien taldekideei. Euskal Herritik urrun zeuzkaten rock erreferenteek ez bezala, Koskaren hitzetan politika erdigunean zegoen, garaiak hala behartzen zuelako, garraztasun hori sentitzen zutelako. Nazio zapalkuntza, mundu industrialak eragin zuen hiritartze masiboa, langile gatazkak eta kartzela haien egunerokotasuneko berriak ziren, eta horri guztiari kantatu zioten. Aurrekoarekin lotuta, garai horretako kontzertu gehienak elkartasunezkoak eta «zerbaiten aldekoak» zirela aipatu zuten Euskalerria irratiko Espaloian Koska irratsaioan egin nien elkarrizketan.
Musikalki, Euskal Kantagintza Berriaren eta Euskal Rock Erradikalaren artean kokatzen den garai labur zein aberasgarri horretako hastapena izan zen Koska. Bi mugimendu erraldoi horien arteko katebegiaren zati bat izan zen, alegia. Garai horretan, folk euskalduna soinu psikodelikoekin nahasi zuten, rock musikaren musika tresnak normalizatzeari ekin zioten, soinu efektuak erabili zituzten, eta nazioartean 1960ko hamarkadatik bogan zegoen progresiboa euskaraz jotzen hasi ziren; eta Beatlesekin hasi eta Jethro Tulleraino doan musika ere ekarri zuten. Gerora Koska aldarrikatu duten artistak ez dira gutxi izan; Anje Duhalde, Mixel Ducau, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez eta Niko Etxart tartean.
Horrekin guztiarekin, euskaldunen gehiengoak rock musika atzerriko musika inperialistatzat eta euskararen etsaitzak hartzen zuen bitartean, eta nazioarteko rock taldeek mundu hippy zein abstraktuetatik edaten zuten garaian, soinu moderno horiek hartu eta Euskal Herria zeharkatzen zuen garai sozial eta politikoak uztartuz, gazteen artean arrakasta izan zuen disko hori sortu zuen Koska taldeak.
Burura ekarri ezean, denborak guztia lausotzen du. Nik Sei Sega taldeak zuzenean jo izan zuen Otaloreen antzera bertsioaren bitartez ezagutu nuen Koska. Euskaraz egindako musikaren inguruan neukan ideia aberastu eta zabaltzeko aukera eman zidan aurkikuntza horrek. Bizitzako beste edozein gauzatan bezala, erreferente berriek hauspotze eta indarberritze bat dakarte bakoitzaren jardunean. Hortik dator Koskaren disko horren aldarrikapena. Duela 50 urte euskarazko musikari egindako ekarpen ederra izateaz gain, bakoitzari tokatu zaigun garaian egiteko dugunak utzi dezakeen arrastoak etorkizunean norbaiti eragin diezaiokeenaren adibide delako.




Deja un comentario